Azukreari bidesaria, osasunaren mesedetan

Dibulgazioa · Kolaborazioak

Edari gozoei zerga ezarriko die Erresuma Batuko gobernuak 2018tik aurrera. Erabaki horrek herritarren osasunean eraginik izango ote duen aztertu dute Oxfordeko Unibertsitateko ikertzaile batzuek, eta baikor daude. Industriak edarion azukre kantitatea murriztu, prezioa garestitu edo publizitatearen bidez jendea haien edari osasungarriagoak kontsumitzera bideratzen badu, murriztu egingo dira obesitate eta diabetes kasuak.

“Industria etekinak ateratzen ari da, gure haurren osasunaren lepotik. Enpresek ez badute azukrea beren borondatez murrizten, Erresuma Batuko gobernuak aurrera pausoa egin beharko du, eta araudia indartu”. Hala zioen Simon Capewell Liverpoolgo Unibertsitateko ikertzaileak, haurrei zuzendutako edari askok duten gehiegizko azukre kantitateari buruz, Zientzia Kaiera honetara ekarri genuen artikulu batean. Bada, agintariek hartu dute enkargua, eta ondo bidean, Erresuma Batuak zerga zorrotzagoak aplikatu dizkio sektore horri, 2018ko apiriletik aurrera: bidesari gogorra ezarriko diete ehun mililitroko zortzi gramo azukre edo gehiago dituzten edariei, eta arinagoa, bost eta zortzi gramo artean dituztenei.

Horrek guztiak herritarren osasunean zer inpaktu izango duen aztertu dute orain, Oxfordeko Unibertsitatetik gidatutako ikerketa batean. Zerga igoerari erantzuteko edarion industriak zer neurri har ditzakeen aurreikusi, horien araberako zenbait agertoki planteatu, eta balizko ondorioak atera dituzte. Emaitzon arabera, baikor izateko moduan gaude, zergak obesitatea, diabetesa eta hortzetako arazoak murrizteko balioko duela baitirudi. Hala adierazi dute The Lancet Public Health aldizkarian argitaratu duten artikuluan.

Zerga igoeraren aurrean, industriak hiru neurri mota har ditzakeela irudikatu dute ikerketa honetan: azukre gehien duten edarien formula aldatzea, produktuok garestiago saltzea edo marketin estrategia aldatu eta jendea azukre gutxiago duten etxe bereko beste edari batzuen kontsumora erakartzea. Hiru neurri horiek osasunean izan dezaketen inpaktuari begira, bina agertoki errealista identifikatu dituzte: baikorrena eta ezkorrena. Guztira sei agertoki, beraz.

1. irudia: Neskato bat, azukredun edariak saltzen dituen makinari begira. Haur obesitatea nabarmen murriztuko litzateke, industriak neurriak hartuko balitu. (Argazkia: Jmettraux / CC BY 2.0)
1. irudia: Neskato bat, azukredun edariak saltzen dituen makinari begira. Haur obesitatea nabarmen murriztuko litzateke, industriak neurriak hartuko balitu. (Argazkia: Jmettraux / CC BY 2.0)

Lehen agertokian, formulazioa aldatuko luke industriak, edari gozoenen azukre edukia %30 eta koska bat beherago daudenena %15 murriztuz. Ikerketaren arabera, horixe litzateke neurri onuragarriena. Izan ere, 58,5 mililitrotan gutxituko litzateke Erresuma Batuan norbanako bakoitzak egunero edaten duen azukredun edarien bolumena. Emaitza are nabarmenagoa litzateke 11-18 urteko adin taldean, haurren artean mota honetako produktuek duten ikaragarrizko arrakastaren erakusle: egunean 137,6 mililitro gutxiago edango lukete mutilek, eta 93,2 mililitro gutxiago neskek.

Aurreneko agertoki horrek inpaktu nabarmena izango luke herritarren osasunean. Ikerketa honetako kalkuluen arabera, 144.000 lagun gutxiagok izango lukete obesitatea. Inpaktua bereziki handia izango litzateke txikienen artean: obesitatea duten 4-10 urteko mutilen kopurua %10,4 gutxituko litzateke, eta %8,9 neskei dagokienez. Hori gutxi ez, eta 2 motako 19.000 diabetes kasu gutxiago egongo lirateke urtean (65 urtetik gorakoen artean izango luke intzidentzia handiena) eta 270.000 hortzetako txantxar gutxiago.

Aztertutako agertokien artean, edarien formulazioa aldatzea izango litzateke osasunarentzat onuragarriena, baina beste neurri batzuk ere ez lirateke txarrak. Esaterako, industriak zergaren kostuaren erdia kontsumitzailearen esku utziko balu, %20 igo beharko luke azukredun edarien prezioa (hirugarren agertokia). Garestitze horrekin, obesitatea duten pertsonak 81.600 gutxiago izango liratekeela estimatu dute, 10.800 diabetes kasu gutxiago egongo liratekeela urtean, bai eta 149.000 txantxar kasu gutxiago ere.

Agertoki guztiek eman dituzte emaitza positiboak, batek izan ezik. Azukre gehien duten produktuekin enpresek izan ditzaketen galerak orekatzeko, ikertzaileak beldur dira, marketinaren bitartez, ez ote dituzten edari osasungarriak hartzen dituzten pertsonak azukre zertxobait duten produktuak (zerga, bai, baina arinagoa) kontsumitzera bideratuko. Horixe planteatzen du seigarren agertokiak, eta obesitatea eta beste gaitzak handitzea ekarriko luke horrek.

2. irudia: Azukredun edarien kontsumoak handitu egiten du 2 motako diabetesa izateko arriskua. (Argazkia: Mr Hyde / Public domain)
2. irudia: Azukredun edarien kontsumoak handitu egiten du 2 motako diabetesa izateko arriskua. (Argazkia: Mr Hyde / Public domain)

Hala ere, oro har, ikerketa honetan parte hartu duten taldekideak baikor dira. Adam Briggs artikuluaren egile nagusiaren arabera, “zergaren aurrean industriak eman ditzakeen erantzun balizkoenei erreparatzen badiegu (azukrea gutxitu, prezioa handitu, azukre gutxiko edariei merkatuan tarte handiagoa eman), neurri guztiek dute osasuna hobetzeko potentziala. Onura horiek zenbaterainokoak izango diren, industriaren erabakien araberakoa izango da hori. Adi egon behar dugu, industriak azukrea murrizten duela egiaztatzeko, eta zergaren arabera prezioak igotzen badituzte, soilik azukredun edariak garestituko dituztela ziurtatzeko”.

Gainera, The Lancet aldizkarian argitaratutako artikulu honi iruzkina egin dio Lennert Veerman ikertzaileak, eta are baikorragoa da zergak izan dezakeen inpaktuari buruz. Mexikon eta Frantzian antzeko zergak ezarri dituztela azaldu du, eta bi kasuotan, kontsumitzaileak ordaindu duela osorik, industriak edariaren prezioa nabarmen garestituta. Oxfordeko ikertzaileok ez dute aukera hori sei agertoki balizkoenetan sartu, baina sentikortasun analisia egin dute. Erresuma Batuan ere, Mexikon eta Frantzian bezala gertatuko balitz, ondorioak agertokirik onenean baino onuragarriagoak lirateke: azukredun edarien kontsumoa 71 mililitro murriztuko litzateke pertsona eta eguneko, obesitatea ia 175.000 pertsonatan jaitsiko litzateke, urteko diabetes kasuak 23.000 gutxiago lirateke, eta txantxarrak, 324.000 gutxiago.

Erreferentzia bibliografikoa:
Adam D M Briggs et al. Health impact assessment of the UK soft drinks industry levy: a comparative risk assessment modelling study. The Lancet Public Health. Published: 15 December 2016. DOI: http://dx.doi.org/10.1016/S2468-2667(16)30037-8


Egileaz: Amaia Portugal (@amaiaportugal) zientzia kazetaria da.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko.Beharrezko eremuak * markatuta daude.