Muskulu-distrofien diagnostiko molekularra

Oihane Jaka

Muskulu-distrofiak herentziazko gaixotasun multzo heterogeneoa dira, eta beraien bereizgarri nagusia gihar eskeletikoko muskulu-zuntzen degenerazio progresiboa da. Muskulu-distrofia mota asko daude, horien artean gerrietako muskulu-distrofiak (LGMD). Gerrietako muskulu-distrofiek gerri pelbikoko eta eskapularreko zein enborreko muskuluei erasaten diete, eta elkarren oso antzekoak dira fenotipikoki. 2A motako gerrietako muskulu-distrofia (LGMD2A), CAPN3 geneko mutazioen ondorio den gaixotasun autosomiko azpirakorra da. CAPN3 geneak muskulu eskeletikoan adierazten den kalpaina 3 proteina kodetzen du.
Irudia: Gipuzkoan gerrietako muskulu-distrofien (LGMD) kasuen mundu mailako maiztasun handiena deskribatu da.
Irudia: Gipuzkoan gerrietako muskulu-distrofien (LGMD) kasuen mundu mailako maiztasun handiena deskribatu da.

Gerrietako muskulu-distrofien maiztasuna oso handia ez den arren, Gipuzkoan gerrietako muskulu-distrofien (LGMD) kasuen mundu mailako maiztasun handiena deskribatu da (69/106), eta Gipuzkoako LGMD kasu horietatik % 79 LGMD2A formari dagozkie. Ikerlan honetan, LGMD2A gaixoen diagnostiko molekularra egin da: batetik, DNA edo/eta cDNAren sekuentziazioa burutu da mutazioak bilatzeko eta, bestetik, MLPA (Multiplex ligation dependent probe amplification) teknika erabili da berrordenatze posibleak identifikatzeko.

DNAren edo/eta cDNAren sekuentziazioa erabiliz aztertutako 722 kasuetatik 271 kasutan 2 mutazio topatu ziren CAPN3 genean, eta diagnostikoa bukatutzat eman zen kasu horietan. 35 kasutan mutazio bakarra topatu zen, eta gainontzeko 416 kasuetan ez zen mutaziorik topatu. Azken kasuak beste muskulu-distrofia batzuen azterketara bideratu ziren. Mutazio bakarra aurkitu zitzaien 35 kasuak eta beste kasu berezi batzuk MLPA bidez aztertu ziren segidan, aurreko teknikekin detektatu ezin izan ziren delezioak egon zitezkeelakoan. Teknika horri esker lau delezio mota identifikatu ziren: 2-8 exoien delezioa heterozigosian, 5-7 exoien delezioa heterozigosian, 2-6 exoien delezioa homozigosian eta gene osoaren delezioa hemizigosian (haustura-puntuak: GANC genearen 16. introiean hasi eta CAPN3 genearen 3’UTR muturrean bukatu). Azken kasu berezi horrek agerian utzi zuen DNAren sekuentziazioz homozigoto diruditen kasu batzuk hemizigosi kasuak izan daitezkeela.

Gure emaitzetan oinarrituz, LGMD2A gaixotasunaren diagnostiko molekularra egiteko ondoko algoritmoa proposatzen dugu:

a) RNA laginak eskuragarri izanez gero, cDNA bidezko sekuentziazioa egin beharko litzateke. Ondoren, DNAz baliatuko ginateke, batetik, odoleko RNAtik abiatzen garen kasuetan, 15. exoia ez dagoelako odoleko isoformetan, eta, beraz, exoi hau DNAn sekuentziatu behar delako; eta, bestetik, topatzen diren mutazioen konfirmazioa burutzeko, NMD (Nonsense Mediated Decay) fenomenoaren ondorioz mRNAren degradazioa gerta daitekeelako. Mutazio bakarra aurkituko balitz, edota mutazioa homozigosian balego, MLPA egitea komeniko litzateke; batetik, bigarren mutazioa hasleak lotzen diren eremuan kokatzen den delezio bat ote den argitzeko, eta, bestetik, ustezko homozigotoak hemizigosi kasuak diren aztertzeko, hurrenez hurren. Delezio bat detektatuz gero, delezioaren ingurutik kanpo lotuko liratekeen hasle egokiak aukeratu eta cDNA sekuentziatu beharko litzateke transkrito trunkatua ikusi eta delezioa konfirmatu ahal izateko.

b) RNA laginik eskuragarri ez balego, DNA bidezko sekuentziazioa egin beharko litzateke ezinbestean. Kasu horretan ere, DNA sekuentziatzean mutazio bakarra topatuko balitz, edota mutazio bat homozigosian ikusiko balitz, MLPA beharrezkoa litzateke delezio posibleak detektatzeko. Bestalde, DNAren anplifikazioan arazoak baleude ere MLPA egitea komeniko litzateke, delezio homozigoto baten aukera aztertzeko.

Artikuluaren fitxa:
  • Aldizkaria: Ekaia
  • Zenbakia: 2016. urteko ale berezia, “2013-2014 Euskal Tesien 10 pasarte”
  • Artikuluaren izena: LGMD2A gaixotasunaren diagnostiko molekularra.
  • Laburpena: 2A motako gerrietako muskulu-distrofia (LGMD2A) CAPN3 geneko mutazioen ondorio den gaixotasun autosomiko azpirakorra da. CAPN3 geneak muskulu eskeletikoan adierazten den kalpaina 3 proteina kodetzen du. Ikerlan honetan, LGMD2A gaixoen diagnostiko molekularra egin da eta MLPA erabili da berrordenatze posibleak identifikatzeko. Teknika horri esker lau delezio mota identifikatu dira. Gure emaitzetan oinarrituz, LGMD2A gaixotasunaren diagnostiko molekularra egiteko algoritmo bat proposatzen dugu.
  • Egileak: Oihane Jaka
  • Argitaletxea: UPV/EHUko argitalpen zerbitzua.
  • ISSN: 0214-9001
  • Orrialdeak: 77-86
  • DOI: 10.1387/ekaia.14528

—————————————————–
Egileaz: Oihane Jaka Biodonostia Institutuko eta King’s College Londoneko ikertzailea da.
—————————————————–
Ekaia aldizkariarekin lankidetzan egindako atala.

ekaia_ale_berezia_2016

Eman iritzia

You may use these HTML tags and attributes: <a href="" title=""> <abbr title=""> <acronym title=""> <b> <blockquote cite=""> <cite> <code> <del datetime=""> <em> <i> <q cite=""> <s> <strike> <strong>