Orkak, menopausiaren argigarri

Dibulgazioa · Kolaborazioak

Espezie gehienetako emeak ia hil arte dira kumeak izateko gai; gizakiak eta orkak dira salbuespen bakanetako batzuk. Itsas ugaztun horiei erreparatuta, menopausiak zer zentzu duen ulertzen ahalegindu da nazioarteko ikerketa talde bat. Haien arabera, orka eme zaharrek utzi egiten diote kumeak izateari, haien alaba helduenak ere hasiak direlako kumeak izaten, eta hala elkarren artean janariarengatik borroka ez daitezen.

Menopausia nahiko gertaera aparta da animalien artean. Gizakiok ez ezik, jakina da, esaterako, kalderoi hegalaburrek edo orkek ere igarotzen dutela prozesu hori, baina espezie gehienetako emeak ia hil arte dira kumeak izateko gai. Orduan, zer dela eta menopausia? Biologiaren ikuspuntutik, zer zentzu du hainbeste urtez ugaldu gabe bizitzeak? Galderari balizko erantzuna aurkitu diote, Exeterko Unibertsitateak (Ingalaterra) gidatu duen nazioarteko ikerketa batean, orken bizimoduari erreparatuta. Current Biology aldizkarian eman dute egindako lanaren berri.

Orka arrak 30 bat urte bizitzen dira. Emeek, aldiz, 30 edo 40 urte ingururekin uzten diote ugaltzeari normalean, baino gero ere, hainbat hamarkada igarotzen dituzte bizi-bizi. Kasu bereziki harrigarriak ere badaude. Esaterako, orain dela egun gutxi jo dute ofizialki hiltzat Granny (amona), inoiz erregistratu den orka zaharrena: 105 urte ingururekin zendu dela kalkulatu dute adituek, eta ez du kumerik izan azken berrogei urteotan, baina bere orka taldeko burua izan da hil artean.

1. irudia: Orkak, jauzika. Emeak 30 edo 40 urterekin uzten dio ugaltzeari, baina luze bizi da gero ere. (Argazkia: Robert Pittman – NOAA / Public Domain)

Hain zuzen ere, sarritan amonaren hipotesia planteatu izan da, menopausiaren kausen bila. Hau da, adinean gora egin ahala, ugaltzeak gero eta ahalegin handiagoa dakarkio emeari, gero eta energia gastu nabarmenagoa. Bada, azken helburua geneen biziraupena denez gero, adin batetik aurrera, taldeko amonek beren kide gazteenak zainduz egiten dute horretarako ekarpena; eraginkorragoa omen da haien energia funtzio horietara bideratzea, kumeak izaten jarraitzea baino.

Hipotesi honek bat egiten du orkei buruz dakigunarekin. Izan ere, espezie honetako eme helduek haien esperientzia eta ezagutza partekatzen dute taldeko kide gazteagoekin, eta bereziki iaioak dira janaria aurkitzen, taldearen biziraupena bermatuz. Granny bera da horren erakusle. “Gaitasun harrigarria zuen beste orkei hots egiteko. Bere isatsarekin zartako indartsua ematen zuen uretan, eta hala, hainbat miliatara zeuden orkak itzuli eta haren ondora joaten ziren”, adierazi du Deborah Giles orken ikertzaileak.

Hala ere, amonaren hipotesia ez da aski menopausia azaltzeko. Esaterako, elefante eme helduek antzeko rola betetzen dute haien taldean, baina ez diote kumeak izateari uzten. Horregatik, bigarren hari bati eutsi diote artikulu honetan: ugaltze gatazkaren hipotesia. Horren arabera, orka eme zaharrek utzi egiten diote kumeak izateari, haien alaba helduenak ere hasiak direlako kumeak izaten. Senitartekoen lehia saihestea litzateke helburua: orka taldeak elkarrekin bilatzen ditu jatekoak, eta amonak, bilobak edukitzeaz gain, kume berriak izaten luze jarraituko balu, ez litzateke guztientzako nahikoa elikagairik izango.

2. irudia: Lau laguneko orka taldea. Eme zaharrenek izaten dute denen elikaduraren ardura. (Argazkia: Christopher Michel / CC BY 2.0)

Hipotesi hori egiaztatzeko, AEBtako eta Kanadako mendebaldeko kostaldean bizi diren orken bi populaziori behatu diete ikerketa honetan, 43 urtetan bildutako datuak aztertuta. Batez ere, menopausian sartu aurreko azken urtetan zeuden orka emeei erreparatzea zen gakoa; bilobak izaten hasiak ziren baina oraindik ere kumeak edukitzen ari ziren aleei. Bada, datuon arabera, orka eme zaharraren kume berantiarrak gazte hiltzeko arrisku handia du, garai berean jaio den bilobak baino nabarmen handiagoa (lehenengoaren hilkortasun tasa bigarrenarena halako 1,7 da).

Aurreratu bezala, jatekoan dago gakoa. Orka amonek dute elikagaiak aurkitzeko ardura; talde osoaren erantzule izaten jarraitzen dute, haren kume zaharrenak dagoeneko helduak diren arren. Hala, lan zikina amonak egiten badu ere, bere alaba helduek eta bilobek ateratzen diote etekin handiena: haiek jaten dute gehien. Lehia honetan, amonaren kume berantiarrak irteten dira galtzaile, eta horregatik dute hiltzeko arrisku handiagoa, datuek iradokitzen dutenez. Kumeak izateari uzteko arrazoi sendoa dirudi.

Daniel Franks artikuluaren egileetako batek laburbildu bezala, “gure lan berriak erakusten duenez, orka eme zahar bat ugaltzen bada, bere bilobek lehiatik kanporatzen dute kume berantiarra. Horrez gain, kontuan hartzen badugu amonak ahaleginak eta bi egiten dituela bilobei laguntzen, horrek guztiak azal dezake menopausiaren bilakaera”.

Erreferentzia bibliografikoa

Darren P. Croft et al. Reproductive Conflict and the Evolution of Menopause in Killer Whales. Current Biology. Volume 27, Issue 2, p298–304, 23 January 2017. DOI: http://dx.doi.org/10.1016/j.cub.2016.12.015


Egileaz: Amaia Portugal (@amaiaportugal) zientzia kazetaria da.

2 iruzkinak

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko.Beharrezko eremuak * markatuta daude.