Elisabete Alberdi: “Ama izateko erabakia atzeratu egin behar izan nuen”

Ana Galarraga / Elhuyar Zientzia

Elisabete Alberdi Zelaia ikertzailea da, baina, haren esanean, ez zen ohiko bidetik iritsi ikerketa-mundura. Matematika ikasi nahi zuela, berriz, txikitatik zuen argi. Betidanik moldatu da ondo zenbakiekin, eta, gaztetan, karrera aukeratzean, ez zuen zalantzarik egin, eta Matematika aukeratu zuen, zer ikasten zen garbi ez bazekien ere. Baina asmatu zuen, geroztik hor baitabil buru-belarri.

Madrilgo Unibertsitate Konplutensean egin zituen lizentziaturaren azken bi urteak, eta, bukatu orduko, aukera izan zuen bere jaioterrian, Markina-Xemeinen, irakasle-lanetan hasteko. Hala, Lea Artibai ikastetxean aritu zen klaseak ematen, Batxilergoan, Prestakuntza Zikloan eta Ingeniaritzan. Batxilergoan matematika irakasten zuen, eta Ingeniaritzan, kalkulua, aljebra, matematika aplikatua… Dioenez, esperientzia polita izan zen.

Irudia: Elisabet Alberdi Zelaia matematikaria.

Aldi berean, doktoretza-kurtsoak eta ikerketa nahikotasuna lortzeko aldia egin zituen, beti izan baitzuen ikerketan sartzeko asmoa. “Nahi nuen noizbait amaitu tesia; zaila zen, ordea, horretarako behar den denbora hartzea lanean ari zarela”, onartu du. Hala, Lea Artibain lanean ari zen azken bi urteetan, jardun murriztuan aritu zen, tesia amaitzeko denbora gehiago izateko.

Etapa baten amaiera, eta bestearen hasiera

“Horrela nenbilela, UPV/EHUn plaza bat atera zen, eta lortu egin nuen. Hortaz, Lea Artibai utzi, eta ordutik UPV/EHUko irakasle naiz. Tesia bukatu nuen, eta klaseak ematen ditut Bilboko Ingeniaritza Eskolan, Meatze eta Herri Lanen Ingeniaritzako atalean, Matematika Aplikatua sailean”, kontatu du Alberdik. Ikerketan, berriz, M2SI taldean dabil (Mathematical Modeling, Simulation and Industrial Applications) eta talde horretako bi emakumeetako bat dela ere zehaztu du; bestea tesia egiten omen dabil. “Ekuazio Diferentzial Arruntak eta Deribatu Partzialeko Ekuazioak askatzeko zenbakizko metodoen garapenean”, azaldu du.

Lea Artibaiko etapa amaitu eta UPV/EHUkoa hasi ondoren, ama izateko garaia ere izan zitekeela pentsatzen hasi zen. Ordurako 36 urte zituen, baina, pausoa eman aurretik, nahiago zuen hasitako ibilbidea sendotu, eta orain iritsi da unea. Izan ere, aitortu duenez, ez da erraza ikerketak eskatzen dituen erritmoa eta bizimodua (kongresuak, egonaldiak atzerrian…) bateratzea haur txiki batek behar duen zaintzarekin. “Hortaz, ama izateko erabakia atzeratu egin behar izan nuen”. Nonbait, ez zebilen oker, orain konturatzen baita zer zaila izango zen ama izatea unibertsitatean hasi berria zen garaian.

Hala ere, egoerak eskatzen badu, gorputzak sekulako gaitasuna duela ere ohartu da: “Harrigarria da zenbat gauza egiteko gai zaren, ordu gutxi lo eginda ere“. Hala ere, haurdun zegoela, Txilen ikerketa-egonaldi bat egin zuen, eta aurretik, Kretan, Australian eta Saudi Arabian ere egin zituen egonaldiak, eta garbi dio: “Ume txiki batekin oso zaila izango zen”. Dena dela, ikertzen jarraitzeko asmoa du, eta kementsu begiratzen dio etorkizunari. “Aldi batean ezingo dut hilabetetako egonaldirik egin atzerrian, baina aurrerago baietz pentsatzen dut”.

Fitxa biografikoa:

Elisabete Alberdi Celaya (Markina-Xemein, 1975). Matematikan lizentziatua 1998an Madrilgo Unibertsitate Konplutensean. Kudeaketarekin loturiko zenbait master egin ditu,  eta Konputazio Ingeniaritza eta Sistema Adimentsuak Unibertsitate Masterra, (Donostiako Informatika Fakultatean, UPV/EHU). Lea Artibai ikastetxean (Mondragon taldea) aritu zen lanean 1998-2011 epealdian. 2011tik, berriz, UPV/EHUko irakasle da, Bilboko Ingeniaritza Eskolan, eta UPV/EHUn lortu zuen doktoretza 2013an. Udako Euskal Unibertsitateko Matematikako sailburua ere bada. M2SI (Mathematical Modeling, Simulation and Industrial Applications) ikerketa taldeko taldeko kide da, eta Kretan, Australian, Saudi Arabian eta Txilen egin ditu ikerketa egonaldiak.

———————————————————————————-

Egileaz: Ana Galarraga Aiestaran (@Anagalarraga1) zientzia-komunikatzailea da eta Elhuyar Zientzia eta Teknologia aldizkariko erredaktorea.

———————————————————————————-

Elhuyar Zientzia eta Teknologia aldizkariarekin lankidetzan egindako atala.

zientzia_gr_RGB

Eman iritzia

You may use these HTML tags and attributes: <a href="" title=""> <abbr title=""> <acronym title=""> <b> <blockquote cite=""> <cite> <code> <del datetime=""> <em> <i> <q cite=""> <s> <strike> <strong>