Bodil Schmidt-Nielsen (eta III): Giltzurrunaren misterioak argitzen

Dibulgazioa · Emakumeak zientzian

Urearen irazteari buruzko ikerlanekin batera, beste gai batez aritu zen urte haietan zehar Schmidt-Nielsen doktorea. Bodil interesatuta zegoen ur gutxiko parajeetan bizi diren ugaztunek gernuaren bidez galtzen duten ur bolumena murrizteko mekanismoetan. Zehatzago adierazteko, berak jakin nahi zuen nola lor zitzaketen gernuan hain solutu-kontzentrazio garaiak. Azken batean, ur gutxi galdu ahal izateko, gernuko solutuen kontzentrazioa oso garaia behar da, eta hori ez da erraz lortzen.

Hori dela eta, beste zenbait lankiderekin batera aritu zen giltzurrun-hodien azpiatalak diren Henleren euskarria izeneko gailuen zeregina aztertzen. Ikerketa horiei esker jakin ahal izan zen zein ziren gernua kontzentratzeko mekanismoaren oinarriak.

Irudia: Bodil Schmidt-Nielsen fisiologoa 2003. urtean. (Argazkia: American Physiological Society)

Oraindik ez ditugu ezagutzen mekanismo horren zehetasun guztiak, baina badakigu Henleren euskarriak zeregin oso garrantzitsua betetzen duela kontzentrazio prozesu horretan. Bodil Schmidt-Nielsen eta bere lankideen lanek berebiziko garrantzia izan zuten oinarrian dauden osagai funtzionalak argitze aldera.

Duke Unibertsitatea utzi zuen 1964an eta Case Western Reverse Unibertsitatera joan zen katedradun postu bat betetzera. Bere saileko buru urtebete izan ondoren, katedrari uko egin zion eta Mount Desert Island Biological Laboratory-an izenekoan hasi zen lanean hango lehen ikertzaile finko gisa. Gogora dezagun ia 20 urte lehenago hasi zela laborategi horrekin elkarlanean, laborategiko buruaren bisita jaso ondoren. Berak aitortu bezala, ikerkuntza nahiago zuen administrazio-lana baino; horretxegatik hartu zuen beste lanpostua. Hala ere, 1971tik 1975era harreman formala mantendu zuen katedradun atxiki gisa, bai Case Western Reverse unibertsitatearekin, bai Brown unibertsitatearekin.

Bodilek jarraitu zuen zenbait animaliaren arteko fisiologia-erkaketak egiten 1971tik aurrera, Mount Desert Island Biological Laboratory izenekoan. Urte haietan, ur eta elektrolitoen trukeei eta gai nitrogenodunen iraizteari buruzko ikerketak egin zituen arrain, narrasti eta hegaztiekin. Hala ere, gernua kontzentratzeko ugaztunek erabiltzen duten mekanismoa izan zen bere ikerketa-gai nagusia eta alor horretan ekarpen handia egin zuen giltzurrun-pelbisaren uzkurtze peristaltikoek gernua kontzentratzeko prozesuan izan zezakeen eraginaren inguruan.

1986an Mount Desert Islandeko bere laborategia itxi egin zuen; 68 urte zituen. Horrela, bertan behera utzi zuen ikerkuntza aktiboa, baina ez zuen guztiz alboratu zientzia-jarduera. Han jarraitu zuen, uda sasoietan batez ere, mintegi eta zientzia-eztabaidetan parte hartzen. Bestalde, irakasle atxikiko izendapena egin zioten Floridako unibertsitatean aldi berean, eta han igaro zituen hurrengo urtetako neguak; 1997an irakasle emerituaren izendapena jaso zuen Floridan.

Honenbestez, Bodil Schmidt-Nielsen doktorearen ibilbidea. Ondoren, gure protagonistak jasotako aitortzak ekarriko ditut hona, bere bizitza zientifikoaren merituen adierazle gisa. Lehena, Bodwitch Award Lectureship izan zen (1957); gorago esan bezala, bera izan zen sari hori jaso zuen bigarren ikertzailea. Zenbait elkarte eta akademiatako kide aukeratu zuten: New York Academy of Sciences (1958), American Association for the Advancement of Sciences (1959) eta American Academy of Arts and Sciences (1973). Aurrekoez gain, aipatzekoak dira hurrengo izendapenak hurrengo izendapenak aipa daitezke: Guggenheim Fellow (1953-1954), American Heart Association delakoaren Established Investigator (1954–1962) eta National Institutes of Health Career Awardee (1962–1964), Lewiston-go (Maine) Bates Collegeko Ohorezko Doktorea (1983), Danimarkako Aarhuseko Unibertsitateko Medikuntzan Ohorezko Doktorea (1997). American Physiological Society delakoaren presidentea aukeratu zuten 1975-1976 biurtekorako. Elkarte horren 48. presidentea izan zen eta kargu hori bete zuen lehen emakumea hain justu; 28 urte igaro ziren presidentetzarako hurrengo emakumea aukeratu arte. 1989an Ray G. Daggs Award (saria) eman zion American Physiological Society izenekoak elkartearen alde egindako lanagatik eta fisiologiari emandako ekarpenengatik. Azkenik, elkarte beraren (hau da American Physiological Society izenekoaren) Comparative Physiology Section izeneko atalak aukeratu zuen August Krogh Distinguished Lecturer gisa 1994an.

2015eko apirilaren 27an zendu zen; 96 urte zituen.

Iturriak

Bodil Schmitd-Nielsen fisiologari buruzko artikulu-sorta


Egileaz: Juan Ignacio Pérez Iglesias (@Uhandrea) UPV/EHUko Fisiologiako katedraduna da eta Kultura Zientifikoko Katedraren arduraduna.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko.Beharrezko eremuak * markatuta daude.