Urpekarien gaitza

Juan Ignacio Pérez eta Miren Bego Urrutia

Oxigenoa

———————————————————————————————————–

Itsas ugaztunek oso ondo egiten dute urpean igeri. Baina salbuespenak dira ugaztunen artean, ugaztun gehienontzat urpean egotea oso zaila baita. Ugaztunen birikek ezin dute uretatik oxigenorik erauzi, bistakoa da hori. Baina, horrez gain, oxigenoarekin zerikusirik ez duten bestelako arazoak ditugu ugaztunok urperatzen garenean. Horietako bati urpekarien gaitza deitzen zaio, eta horixe izango da, hain zuzen ere, ondoren azalduko dugun kontua.

Nitrogenoa (% 78) eta oxigenoa (% 21) dira arnasten dugun airearen osagai nagusiak. Oxigenoa erregarri gisa erabiltzen dugu metabolismoan eta arnas sistema erabiltzen dugu hura eskuratu ahal izateko. Nitrogenoa, berriz, geldoa da; ez dugu behar eta ez dugu ezertarako erabiltzen. Ohiko egoeran, arnasten dugun nitrogenoaren zati txiki bat bakarrik pasatzen da odolera, eta zati txiki hori disolbaturik igarotzen da. Baina urperatzean, presio atmosferikoaren ordez presio hidrostatikoak eragiten ditu gasen mugimenduak eta, horren ondorioz, presio handien pean daude biriketako barrunbean dauden gasak, sakoneraren arabera presioa handitu egiten baita: 10 metroko 1 atm handitu, izan ere. Beraz, itsas azalean dagoena (atmosferari dagokiona) 1 atm-koa bada, 2 atm-koa da 10 metroko sakoneran, eta neurri horren arabera handitzen da hortik behera.

Irudia: Urpekarien gaitza azkar azaleratzeagatik sortzen diren nitrogeno-burbuilek eragiten dute.

Ikus dezagun orain zein den urpekariek aurkitu dezaketen arazoa. Presioaren igoera dela eta, urpekariak arnasten duen airearen [1] nitrogenoaren presio partziala ere handitzen da eta, horren ondorioz, itsas mailan atmosferatik hartuko lukeena baino nitrogeno gehiago hartzen du urpekariaren odolak. Harturiko nitrogeno hori bertan geratzen da, odolean eta barne-fluidoetan disolbaturik. Baina urpekaria itsas azalera itzultzen denean, jaitsi egiten da presio hidrostatikoa eta, horrekin batera, baita biriketan dagoen gasen presio partziala ere. Odol eta barne-fluidoetan disolbaturik zegoen nitrogenoa biriken barrunbera itzultzen da jaiste horren ondorioz eta, gero, biriken barrunbetik kanporatzen da.

Arazo larriak sor daitezke, hala ere, urpekaria arinegi igotzen bada. Arinegi igoz gero, presioaren jaitsiera ere azkarregi gertatzen da eta, orduan, nitrogenoa ez da apurka-apurka barreiatzen biriken barrunbera. Egoera horretan gas-nitrogenozko burbuilak sor daitezke gorputz-fluidoetan, eta kalte larriak eragin ditzakete. Izan ere, nitrogenozko burbuilek nerbioak estutu ditzakete, arteriak, zainak eta linfa-hodiak buxatu, eta, halaber, erreakzio kimiko kaltegarriak eragin odolean.

Esan bezala, urpekariei gerta dakiekeen arazo larria da hori, eta horretxegatik deitzen zaio “urpekariaren gaitza”. Baina itsas ugaztunei ez zaie horrelakorik gertatzen, nahiz eta oso arin urperatu eta azaleratu. Itsas ugaztunek urpekarien gaitza ez pairatzearen arrazoia ez dago guztiz argi, baina badirudi urperatu baino lehen birikak hustu egiten dituztela. Horrela jokatuz, biriken barrunbean ez da nitrogenorik geratzen (oxigenorik ere ez) eta, biriketan ez badago, ez da odolera iragaten, eta odolean ez dagoen nitrogenoak ezin burbuilarik sortu.

Itsas txakurrei dagokienez ez dago zalantzarik: frogaturik dago urperatu aurretik birikak husten dituztela. Baleen kasuan, berriz, ez dago horren argi, baina haien birikak oso txikiak dira eta argi dago urperatzean berehala kolapsatzen direla. Kolapsaturik egonik, ez da ezer geratzen birika-barrunbean.

Baina birikak hain arin kolapsatzen badira, nondik ateratzen dute itsas ugaztunek arnas egiteko behar duten oxigenoa? Hori, hurrengo atalean ikusiko dugu.

Oharrak:

[1] Arazo honi dagokionez, berdin da aire konprimituaz beteriko botilatik harturiko airea den edo biriken barrunbean dagoena den.

—————————————————–

Egileez: Juan Ignacio Pérez Iglesias (@Uhandrea) eta Miren Bego Urrutia Biologian doktoreak dira eta UPV/EHUko Animalien Fisiologiako irakasleak.

—————————————————–

Artikulua UPV/EHUren ZIO (Zientzia irakurle ororentzat) bildumako Animalien aferak liburutik jaso dugu.

Eman iritzia

You may use these HTML tags and attributes: <a href="" title=""> <abbr title=""> <acronym title=""> <b> <blockquote cite=""> <cite> <code> <del datetime=""> <em> <i> <q cite=""> <s> <strike> <strong>