Gaur zientziaren arloko emakume eta neskatoen eguna da, egunero bezala

Juan Ignacio Pérez Iglesias

Emakume oso gutxik erabaki ohi dute zientziarekin eta teknologiarekin lotutako karrerak ikastea. Eta, oro har, zientziaren munduan emakumeak ez dira ailegatzen gizonek bereganatzen dituzten hierarkia eta ardura mailetara.
Fenomeno horrek askotariko ondorioak dakartza: emakumeek proportzio apalagoa dute karrera jakin batzuetan; emakume katedradun gutxiago, ikertzaile nagusiak diren emakume gutxiago eta ikerketa zentroetako emakume zuzendari gutxiago dago; emakume gutxiagok dituzte ardura handiko lanpostuak; eta emakume gutxiagok jasotzen dituzte Nobel saria edota bestelako sari batzuk.


Emakumeek ez dauzkate gizonen aukera berberak zientziaren cursus honorum delakoan. Desberdinkeria horren kausak denetarikoak dira, eta, neurri handi batean, estereotipoen eraginean dute jatorria; izan ere, estereotipoen arabera, lan jakin batzuk emakumeei dagozkie, eta beste batzuk ez. Desberdinkeria horiek, baina, ez dute inolako funtsik, ez eta zuribiderik ere. Gainera, kaltegarriak dira, lehenik eta behin emakumeentzat, beren burua profesionalki zein pertsonalki garatzeko aukerak galtzen baitituzte, eta horrexegatik dira zeharo bidegabeak. Bigarrenik, kalte egiten diote gizarte osoari, balio handiko pertsonen ekarpenez gabetzen dutelako; izan ere, emakumeei, sotilki edo ez hain sotilki, mugatu egiten zaie ekarpen handiak egin ahalko lituzketen postuak lortzeko aukera.

UPV/EHUko Kultura Zientifikoko Katedrak agerian jarri asmo du, ahal duen neurrian, emakumeek zientziaren eta teknologiaren munduan egiten duten lana. Lan hori nabarmendu nahi dugu, eta horregatik argitaratzen dugu Mujeres con Ciencia bloga 2014ko maiatzetik. Batez beste, egunean artikulu bat ateratzen dugu: Katedrarentzat, egunero da zientziaren arloko emakume eta neskatoen eguna.

Alabaina, emakume eta neskato horien eguna egunero izatea ez da inolako oztopoa Nazio Batuen egitasmoarekin bat egin dezagun eta guk ere guk ere Zientziaren arloko Emakume eta Neskatoen Nazioarteko Eguna ospa dezagun. Helburu horretxekin ekoitzi dugu “Leku hori”, testu honekin batera doan bideoa: salaketa egiteko, hain zuzen ere, baina baita gaiari optimismoz begiratzeko ere. Eta, gogoan izan, optimismo hori lortzeko, lan egin beharra dugu. Hori dela eta, UPV/EHUko Kultura Zientifikoko Katedrarentzat, zientziaren arloko emakume eta neskatoen eguna izango da bai bihar, bai etzi, bai hurrengo egunetan.

Leku hori  K2000  enpresak ekoitzi eta  Jose A. Pérez Ledok  zuzendu du, eta Bizkaiko  Begoñazpi Ikastolan  grabatu zen.

———————————————————————————-

Egileaz: Juan Ignacio Pérez Iglesias (@Uhandrea) UPV/EHUko Fisiologiako katedraduna da eta Kultura Zientifikoko Katedraren arduraduna.

———————————————————————————-

Iruzkin 1

Eman iritzia

Leku Hori (Emakumeak zientzian) • ZUZEU

[…] zientzian” Nazioarteko Eguna ei da gaur, otsailak 11, eta Zientzia Kaieran agerkarian “Gaur zientziaren arloko emakume eta neskatoen eguna da, egunero bezala” idatzi du EHUko errektore […]

Eman iritzia

You may use these HTML tags and attributes: <a href="" title=""> <abbr title=""> <acronym title=""> <b> <blockquote cite=""> <cite> <code> <del datetime=""> <em> <i> <q cite=""> <s> <strike> <strong>