Hona hemen Laboratorium, Bergarako Errege Seminarioko Museoa

Dibulgazioa · Kolaborazioak

Antzinako objektu zientifikoen bilduma bat denbora luzean ikertu, sailkatu, zaindu eta zaharberritu ondoren, 2015eko irailean Laboratorium museoa ireki genuen Bergaran (Gipuzkoan). Museo honen funtsezko helburua da aldarrikatzea eta zabaltzea zer nolako garrantzia duten berrikuntzak, zientziak eta hezkuntzak, oinarri gisa, aurrerapena eta garapena lortu ahal izateko.

Zergatik museo berri hau? Bergara izan zelako Errege Seminarioko egoitza. Errege Seminarioa Euskal Herrian izandako erakunde bakan eta bikaina da; eta horren ibilbide historiko-zientifiko paregabea eta horren bilduma zientifikoa daude gure proiektu berriaren oinarrian. Ezagutzen duzu Errege Seminarioa? Eta hango bildumak?

laboratorium
1. irudia: Laboratorium Museoa Bergaran dago, Errekalde jauregian, ingeles estiloko lorategi baten erdian. (Argazkia: Laboratorium Museoa)

Errege Seminarioa (jatorrian, “Real Seminario Patriótico Bascongado”) zientziaren sorlekua da Euskal Herrian. Euskalerriaren Adiskideen Elkarteak sortu zuen 1776. urtean, eta hasierako urteak izugarri bikainak izan ziren. Joseph Louis Proust kimikaria –kimika modernoaren sortzaileetakoa eta Proportzio Definituen Legea adierazi zuelako ezaguna– Seminarioko irakasle izan zen eta, gainera, bertako laborategi paregabea (Laboratorium chemicum) antolatu zuen. Laborategi honetan, Elhuyar anaiek 1783. urtean elementu kimiko berri bat deskubritu zuten: wolframa; eta bertan ere, platinoa xaflakor bihurtzeko metodoa aurkitu zen –eta horri esker platino baliotsua erabilgarri bihurtzea lortu zen–. XIX. mendean zehar, nahiz eta gerrek era handian baldintzatu, zentroak bere garrantzia mantentzea lortu zuen. Ingeniariak prestatzeko Eskola Industriala bihurtu zuten (Euskal Herriko lehenengoa), eta urtetan Gipuzkoak zuen institutu bakarra ere izan zen. Bertako azpiegitura zientifikoak lehen mailakoa izaten jarraitzen zuen: kimikako laborategiak, fisikako kabineteak, lorategi botanikoa, zoologia-bildumak, meteorologia-behatokia.

Errege Seminarioko zuzendariek, batez ere 1776-1892 urte bitartean, Bergarako instalazioak hornitzeko behar zuten materiala eskuratzeko, ekipamendu zientifikoaren arloan Europako egile eta merkatari ospetsuenak zirenengana jo zuten. Zientzia egiteko eta zientzia irakasteko kalitate handiko tresna zientifiko moderno asko bildu zituzten. Hor dago museoko oinarria den bildumako objektu zientifikoen jatorria.

laboratorium
2. irudia: Museoetan gordetzen diren objektu zientifiko askok zientzia kontzeptuak transmititzeko ahalmen handia dute.

Euskal Herrian, mota honetako bilduma bakarra da; bakarra, bakana eta bikaina, bai erakunde sortzailearen garrantzi historiko-zientifikoagatik, bai bildumaren sekzio zientifiko desberdinen aberastasunagatik, bai bildumaren antzinatasunagatik, bai bilduma honetan pieza bakan-bakanak, berezi-bereziak, paregabeak gordetzeagatik. Hiru mila objektu zientifikok osatzen dute bilduma: fisika eta kimikako tresneria, mineralak, fosilak, giza anatomiako modeloak eta zoologia-piezak; denak XVIII. eta batez ere XIX. mendekoak.

Errege Seminarioko historia hobeto ezagutu eta bertako bildumen atal batzuk ikusi nahi badituzu, etor zaitez museoko egoitzara, Bergarako Errekalde jauregian. Errekalde jauregiak, gainera, lotura estua du zientziak Euskal Herrian izan zituen hastapenekin; izan ere, XVIII. mendearen bukaeran, jauregi honetan bizi izan zen Xabier Maria Munibe, Peñafloridako VIII. kondea, urtetan Seminarioko zuzendari izandakoa, Ilustrazio garaian. Bisita ezazu! Benetan merezi du!

laboratorium
3. irudia: Laboratorium Museoan hainbat zientzia bilduma daude: Kimika, Fisika eta Zoologiakoak besteak beste. Azken hau mundu guztiko animaliekin osatuta dago. (Argazkia: Laboratorium Museoa)

Hala ere, Laboratorium museoaren jarduna ez da soilik mugatuko erakusgai dagoen bilduma hori erakustera. Ez da gutxiago ere. Gaur egun oso hedatuta dagoen “Museologia Berria” izeneko korronte museologikoaren barruan txertatu da museo hau. Museologia berri honen giltzarria da museo tradizionalaren parametroak zabaltzea eta demokratizatzea; hau da, museo tradizionaletik museo berrira igarotzen dugunean, museoko bildumetara mugatu gabe, Ondarearen Mundura pasatzen gara (ondare kulturala eta naturala); museora joaten den publikoa ahaztu gabe, gizartea eta komunitatea jartzen dugu ardatz; museoaren eraikuntza mespretxatu gabe, lurralderantz zabaltzen dugu.

Eta zabalkuntza-lan horretan honako eskaintza eskuzabal hau sortu zen, UPV/EHUko Kultura Zientifikoko Katedrak egin ziguna, blog hau izan dadin Laboratorium museorako erakusleihotako bat. Leiho edo blog horren bitartez, museo-bildumako aleetatik abiatuta, istorioak eta historiak kontatuko ditugu, zientziari buruz, zientzialariei buruz edo horiek sortu zituzten bildumei buruz. Zurekin partekatzea nahiko genuke.


Egileez: Bergarako Laboratorium Museoko talde teknikoa.

Errekalde Jauregia, Juan Irazabal pasealekua, 1. 20570 Bergara

Harremanetarako: 943 769 003 eta laboratorium@bergara.eus


Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko.Beharrezko eremuak * markatuta daude.