Elefantearen birikak

Juan Ignacio Pérez eta Miren Bego Urrutia

Oxigenoa

———————————————————————————————————–

Elefanteek badituzte zenbait ezaugarri interesgarri. Lurraren gainean, lehorrean bizi diren animalia handienak izateaz gain, edo handienak izateagatik, badituzte zenbait ezaugarri berezi. Belarrien tamainaz aritu gara aurreko atal batean, belarriek gorputzen tenperaturaren erregulazioan betetzen duten zereginaz, hain zuzen ere. Oso desberdina da hemen aztertuko duguna.
Irudia: Lurraren gainean bizi diren animalia handienak izanik, ez dago elefanteak bezalako animaliarik tamainari dagokionez. Horrez gain badituzte bestelako ezaugarri bereizgarria. Esaterako, urpean sakonera handitan igeri egiteko gai dira.

Elefanteek urpean ibiliz zeharka ditzakete ibaiak eta, horretarako, tronpa erabiltzen dute arnasa hartzeko tresna gisa. Elefanteentzat balio handiko ahalmena da hori, joan-etorri luzeak egiten baitituzte, eta egiten dituzten ibilbideetan oso ohikoa baita ibaiak zein aintzirak zeharkatu behar izatea. Zenbaitetan, gainera, sakon samarrak dira zeharkatzen dituzten urak.

Ahalmen hori harrigarria egin zaie beti zientzialariei. Izan ere, elefanteak urpean ibil daitezkeen sakoneran beste edozein ugaztunen birikak kaltetuta geratuko lirateke presio hidrostatiko handiaren eraginez. Baina 2002. urtean, arnas funtzioan aditua den John B. West fisiologo ezagunak azaldu zuen ahalmenaren zergatia lehendabizi. American Physiological Society delakoaren 2002ko biltzarrean emandako hitzaldi batean eskaini zuen gertaera harrigarri horren zergatia.

Elefanteen biriken pleuraren mintzek ur azpian jasan behar duten presioa hain da handia, ezen beste edozein ugaztunen odol-hodiak apurtu edo edemak sortuko lituzkeen. Baina elefanteen birikei ez zaie horrelakorik gertatzen, pleuraren mintz arrunten ordez ehun konektibozko geruza trinko bat dutelako, eta geruza horri esker birikek presio handiaren balizko ondorio kaltegarriak saihets ditzaketelako.

Biologo askoren ustez, urtarrak ziren gaur egungo elefanteen arbasoak, eta West doktorearen ustez, baliteke tronpa iraganeko garai hartan garatu izana. Azken batean, ez da ahaztu behar urtarrak diren sirenioak (dugongak eta manatiak) direla elefanteen ahaide hurbilenak.

—————————————————–

Egileez: Juan Ignacio Pérez Iglesias (@Uhandrea) eta Miren Bego Urrutia Biologian doktoreak dira eta UPV/EHUko Animalien Fisiologiako irakasleak.

—————————————————–

Artikulua UPV/EHUren ZIO (Zientzia irakurle ororentzat) bildumako Animalien aferak liburutik jaso dugu.

Eman iritzia

You may use these HTML tags and attributes: <a href="" title=""> <abbr title=""> <acronym title=""> <b> <blockquote cite=""> <cite> <code> <del datetime=""> <em> <i> <q cite=""> <s> <strike> <strong>