Bizia itsaspeko sehasketan kulunkatu zen

Dibulgazioa · Kolaborazioak

Nondik gatoz? Nora goaz? Bigarren galderari erantzutea zinez zaila da, iluntasunez beteriko bidea baita gizakiarena. Baina lehen galderaren erantzuna gero eta gertuago dago, arlo askotako zientzialariak bizia non, noiz eta nola sortu ote zen argitu nahian lanean ari direlako.

Norabide horretan beste aurrerapauso garrantzitsua iragarri da hilaren hasieran. Nature aldizkarian ezagutzera eman denez, nazioarteko zientzialari talde batek orain arte topatutako fosilik “zaharrenetakoak” aurkitu dituelako. Aurkikuntza Nuvvuagituq Gerrikoa izeneko aztarnategian egin dute, Quebecen. Eremua ezaguna da bertan aurki daitezkeelako munduko arrokarik zaharrenak (duela 3.770-4.290 milioi urte artekoak, egin diren datazioen arabera). Horregatik, hain zuzen, azken urteotan zientzialariek gertutik aztertu dituzte toki honetan dauden egitura geologiko bitxiak.

Fosil hitza aipatzean berehala dator burura trilobite baten irudia edo Natur Zientzietako museoen atarian dauden dinosauroen hezurdura erraldoiak. Kasu honetan, baina, inork gutxik iragar lezake oinen azpian den harritzarra fosila izan zitekeenik. Izan ere, halako fosil bereziak bilatzen dituztenak baino ez dira gai horretaz jabetzeko. Hala gertatu omen zaio Dominic Papineau biokimikariari, Londresko University College unibertsitateak zabaldutako bideo batean adierazi duenez. “Egitura hauek ikustean, nire buruari esan nion: tira, hau aztertu beharra dago!”. Bistadizo batean ikusezinak diren egiturekin lan egiten ohituta dago Papineau -nanobiogeokimika irakasten du Londresko Nanoteknologia Zentroan-, baina, egia esanda eta meritua kendu gabe, topatutako aztarna horiek berariaz bilatzen ari zen aditua.

1. irudia: Hematite hodi hauek gutxienez duela 3,770 milioi urtekoak dira. (Argazkia: Matthew Dodd)

Eta topatutakoa ez da nolanahikoa. Datazioen arabera, “gutxienez” duela 3.770 milioi urteko aztarnak dira horiek. Honek esan nahi du orain arte fosil zaharrentzat jotzen zirenekin alderatuz, milioika urte zaharragoak direla arrasto horiek. Orain arte, fosilik zaharrenak Australian topatutako silizezko egiturak ziren, duela 3.460 milioi urtekoak, baina horien inguruko eztabaida mantendu da zientzialarien artean, askotan zaila baita jakitea egitura baten jatorria geologikoa ala biologikoa ote den. Horregatik, hain antzinakoak diren fosilen inguruko ikerketak egiten dituztenek tentu handiz aurkeztu ohi dituzte emaitzak eta arroketan marraztutakoa prozesu biologikoen emaitza dela frogatzen saiatzen dira. Hala egin bide dute azken ikerketa honetan ere.

Iaz ere, Groenlandian, duela 3.700 milioi urteko estromatolitoen berri eman zuten Naturen. Egitura ezberdinak izan arren, orain Quebecen aurkitutakoek, nonbait, Groenlandiako data horiek berresten dute: bizia uste baino lehenago agertu omen zela Lurrean, beraz.

Kasu honetan, gainera, “gutxienez” hitza ez da ironia puntu baten adierazle, datazioa ezartzeko orduan egon ohi den tartearen gertueneko mugara jotzeko ardura baizik. Baina tarte horren kontrako mugara jotzeko tentaldia izatea ere ulertzekoa da, eta Papineauk, zuhur jokatuz, beste hainbaten ahotan jarri du ardura. “Aztarnategian lanean diren zenbait zientzialarik uste dute arroka horiek duela 4.280 milioi urtekoak izan litezkeela. Beraz, eguzki sistemaren akrezioa izan eta ehunka milioi urte gutxira sortuak izan litezke”, esan du zientzialariak-

Burdin jaleak

Itsas hondoko iturri hidrotermalen inguruan bizi ziren bakterioen aztarnak dira aurkitu berri direnak. Funtsean, hodi eta harizpi itxurako estruktura ñimiñoak dira. Ikerketa egin dutenek diote egitura hauek burdinaz elikatzen ziren bakterioen jardueraren emaitza direla. Gaur egun ere iturri hidrotermalen inguruan kokatzen dira bakterio extremofilo asko, hasiera batean oso inguru latza dela ematen badu ere. Horregatik zientzialari askok uste dute iturri horiek izan zirela biziaren lehen sehaskak.

Plaka tektonikoak bereizten diren ozeanoen eremuetan sortzen dira iturri horiek eta, ondorioz, beroa eta elementu kimikoak askatzen dituzte. Hainbat zientzialariren aburuz, iturriok baldintza egokiak jarri zituzten lehen mikroorganismoek energia lortzen “ikas” zezaten.

2. irudia: Nuvvuagittuq Gerrikoa, Quebec-en, Nastapoka uharteetatik hurbil. (Argazkia: Dominic Papineau)

Gaur egungo inguruarekin alderatuz, garai horretan Lurra oso bestelakoa zen. Atmosfera “toxikoa” zen ordukoa, gaur egun lurrean dauden bizi forma gehienentzat, bederen. Izan ere, duela 2.400 milioi urte inguru hasi zen garatzen gaur egun ezagutzen dugun atmosfera mota, zianobakterioak oxigenoa “ekoizten” hasi zirenean. Horren ondorioz, gas berri horretara ohituta ez zeuden bizi forma guztiaz pozoitu ziren. Moldatu ala hil izan zen orduko leloa.

Zeruari begira

Iaz Nature Microbiology aldizkarian argitaratutako artikulu batean ere zehazten zen azken arbaso komun unibertsala (ingelesezko LUCA akronimoarekin ezagutzen dena) termofiloa zela eta hidrogenoa baliatzen zuela energia eskuratzeko. Beraz, bere jatorria iturri hidrotermalen inguruan egon zitekeela proposatu zuten ikerketa horren egileek.

Gai honen inguruko jarraipena egin dutenek ondo dakitenez, bizitzaren lehen pausoen bila aritzen diren zientzialari asko, Lurrari begira baino, zeruari begira egoten dira. Izan ere, Lurretik kanpoko bizia biltzen duen exobiologiaren alorrean ere funtsezko da jakitea bizia zer nolako baldintzetan sortu zen. Baldintza horiek kontuan izanda errazagoa da bizia beste nonbaiten bilatzea.

Ikerketa honen egileek ere zerura seinalatu dute. “2007an Marten zegoen esplorazio rover batek hematite konkrezioak aurkitu zituen. ‘Ahabia’ gisa izendatuak izan ziren, eta aurkikuntza hura ere sona handikoa izan zen”, gehitu du Papineauk. “Lurrean ere ez dugu oraindik guztiz ulertzen nola sortzen diren egitura hauek, ezta materia organikoak egitura hauen osaketan betetzen duen funtzioa zein den ere”.

Ikerketa honetako egile nagusi Matthew Doddek antzeko balorazioa egin du. “Zirraragarriena da orain badakigula bizia gai izan zela Lurraren eboluzioaren lehen fase goiz hauetan txertatzeko, eta horrek eguzki sisteman edo unibertsoan bakarrik ote gauden galdetzera garamatza. Lurrean bizia hain goiz sortu bazen, agian oso prozesu sinplea izan zen eta, ondorioz, posible da beste hainbat planetatan ere hala izatea. Ala benetan izan zen Lurra kasu bitxi bat?”

Erreferentzia bibliografikoa

Matthew S. Dodd, Dominic Papineau, Tor Grenne, John F. Slack, Martin Rittner, Franco Pirajno, Jonathan O’Neil, Crispin T. S. Little. Evidence for early life in Earth’s oldest hydrothermal vent precipitates. Nature, 2017; 543 (7643): 60 DOI: 10.1038/nature213776


Egileaz: Juanma Gallego (@juanmagallego) zientzia kazetaria da.

2 iruzkinak

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko.Beharrezko eremuak * markatuta daude.