Amaren odola eta umekiarena ez dira berdinak

Juan Ignacio Pérez eta Miren Bego Urrutia

Oxigenoa

———————————————————————————————————–

Hemoglobinak arnas mediotik hartzen du O2, baina aurreko zenbait ataletan ikusi dugunez, batzuetan erabili aurretik beste pigmentu batetik iragan behar da, mioglobinatik alegia. Emari hori ez da animalien arnas pigmentuen artean gertatzen den bakarra. Ugaztun emeetan ere oxigeno-transferentzia bat gertatzen da, ernari dauden emeetan amaren odoletik umekiaren odolera oxigenoa igaro behar baita.

Kontu ezaguna da haurdun dauden emakumeek ahalegin luzeak egiten dituztenean ito egiten direla esan ohi dutela; arnasa heltzen ez zaiela esaten dute. Arnasaldi sakonak egin behar izaten dituzte noizean behin. Normaltzat hartzen da, umekiak betetzen duen bolumenak eragozten omen duelako birikak behar den neurrian zabaltzea. Ez dakigu hori horrela ote den; ez dakigu umekiak noraino kentzen duen arnasa hartzeko bolumenaren zatiren bat.

Irudia: Zeren bidez jasotzen du umekiak behar duen oxigenoa? Izan ere umekiek oxigeno asko behar dute behar metabolikoei aurre egiteko.

Baina badago beste arrazoi bat itotze-sentsazio horretarako. Umekiak, normala den bezala, oxigenoa behar du. Gainera, jarduera metaboliko altua du. Bi arrazoi daude horren altua izateko: batetik, txikia izanik, pertsona helduena baino altuagoa da bere tasa metabolikoa, eta, bestetik, garatzen ari den biziduna izanik, ehun berriak sortzen dihardu etengabe; eta ehun berriak sortzean, handiak dira haren behar metabolikoak. Umekien jarduera metaboliko altu horren adierazle ezin hobea sortzen duten beroa da; bero hori ere hizpide izaten da emakume haurdunentzat, azken batean haiek baitira bero hori barreiatu behar dutenak.

Umekiaren behar metabolikoak, beraz, handiak dira, eta horrek esan nahi du oxigeno asko behar duela. Bestalde, umekiak ez du oxigenoa bere kabuz eskuratzeko arnas sistemarik. Hori dela eta, amaren odola da arnas mediotik umekiarengana oxigenoa eraman behar duena. Kontua, hala ere, ez da sinplea. Odolak hemoglobinarekin konbinaturik darama oxigenoa eta oxigeno hori hemoglobinatik askatzea ez da erraza; odoleko oxigeno-tentsioa asko jaitsi behar da horretarako. Baina oxigeno-tentsioa asko jaisten bada, ez da izango umekiaren beharrak asetzeko nahikoa. Kontuan hartu behar da, gainera, oxigenoa umekiaren odolera heltzeko, plazentaren epitelioan zehar barreiatu behar dela, hau da, oxigenoak nolabaiteko “hesia” zeharkatu behar duela.

Bestelako mekanismorik gabe, beraz, egoera ez litzateke umekiarentzat batere samurra izango, amaren hemoglobinak, nonbait, oxigenoa “gordetzeko” joera duelako eta umekiarengana iristeko oxigenoak hesi bat zeharkatu behar duelako. Argi dago, hala ere, umekiarentzako oxigeno-emariak nola edo hala bermatuta egon behar duela. Halaxe da, izan: umekiaren odolak badu oxigenoa eskuratzeko pigmentu bat, hemoglobina bat, amaren hemoglobinari oxigenoa “xurgatzen” diona. Oxigenoa “xurgatu” egiten duela esatea ez da guztiz zuzena, baina berbak ondo adierazten du zer egiten duen. Umekiaren hemoglobinak oxigenoarekiko kidetasun handia du, amaren hemoglobinak baino kidetasun handiagoa. Hori dela eta, bi pigmentuak oxigeno-tentsio bertsuaren menpe daudenean, amaren hemoglobinatik umekiaren hemoglobinara igarotzen da oxigenoa. Esan genezake, beraz, umekiak nolabaiteko “lehentasuna” duela amak arnasturiko oxigenoa erabiltzeko orduan.

Ugaztun guztien ezaugarria da hemen gizakiaren bitartez azaldu duguna, nahiz gertaeraren mekanismo molekularrak berberak ez izan kasu guztietan. Izatez, hiru motatako mekanismoak daude, baina azken emaitza oso antzekoa da denetan: umekiaren pigmentuaren oxigeno-kidetasuna amarena baino altuagoa da, eta horri esker berma daiteke umekiaren beharrak asetzeko nahikoa den oxigeno-emaria.

—————————————————–

Egileez: Juan Ignacio Pérez Iglesias (@Uhandrea) eta Miren Bego Urrutia Biologian doktoreak dira eta UPV/EHUko Animalien Fisiologiako irakasleak.

—————————————————–

Artikulua UPV/EHUren ZIO (Zientzia irakurle ororentzat) bildumako Animalien aferak liburutik jaso dugu.

Iruzkin 1

Eman iritzia

MirenMiren

Interesgarria eta ongi azaldua

Eman iritzia

You may use these HTML tags and attributes: <a href="" title=""> <abbr title=""> <acronym title=""> <b> <blockquote cite=""> <cite> <code> <del datetime=""> <em> <i> <q cite=""> <s> <strike> <strong>