Asteon zientzia begi-bistan #148

Uxue Razkin

Ingeniaritza

UPV/EHUko Bilboko Ingeniaritza Eskolako irakasle eta ikertzaile talde batek kobrezko piezak Acidithiobacillus Ferroóxidans bakterioaren bidez mekanizatzeko metodo bat patentatu du. Luis Gurtubay, Norberto López de Lacalle, Ana Elías, Adrián Rodríguez eta Estibaliz Díaz-Tena izan dira ikertzaileak hauen arabera, helburua bide berriak irekitzea litzateke bioteknologia ardatz izanda: “Bioteknologia erabili zaharkitutako gailu elektronikoak berreskuratzeko eta prozesu tradizionalek sortzen dituzten uraren eta lurzoruaren kutsadurari aurre egitea”.

Emakumeak zientzian

Alice Catherine Evans izan da artikulu honen protagonista. Zientzialariak egiaztatu zuen Brucella bakterioak eragiten zuen gaixotasuna ugaztun ugarik ez ezik (behiek, ardiek, txerriek…), gizakiek ere pairatu zezaketela, hau da, bakterioaren transmisioa gauzatzen ahal zela, hain zuzen. Irtenbidea ere berak proposatu zuen: esnearen eta esnekien pasteurizazio masiboa gomendatzen hasi zen. Modu horretan “hiltzen” zelako Brucella bakterioa, produktuaren mantenugaiak aldatu gabe.

Medikuntza

Txertoak injekziorik gabe jartzeko aukera ari dira garatzen Berkeleyko Unibertsitatean. MucoJet du izena eta ahoan jartzeko gailu txikia da. Esprai baten moduan funtzionatuko luke: isuriaren presioari esker, txertoak ahoko ehunak zeharkatuko lituzke, eta erantzun immunea estimulatu. Zerrien ehunekin zein untxiekin probatu dute dagoeneko, eta bost edo hamar urteren buruan gizakientzat ere bideragarria izatea espero dute ikertzaileek. Azpimarratzekoa da MucoJet eramangarria dela.

Hilekoaren zikloa erreproduzitzen duen miniaturazko ugalketa-aparatu bat aurkeztu dute Northwestern Unibertsitateko ikertzaileek. EVATAR izena jarri diote eta emakumeen ugalketa-aparatuarekin lotutako asaldurak eta gaitzak ikertzeko eta tratamenduak probatzeko baliagarria izatea espero dute. Kutxaren barruan, obarioak, umetokia, umetokiko lepoa, bagina eta Falopioren tronpez gain, gibela ere gehitu diote, han metabolizatzen baitira botikak, eta likido berezi batek egiten du odolaren funtzioa. Ikertzaileek azaldu dute odolaren ordezko unibertsala garatzea izan dela zailena. Ikerketa honen azken asmoa paziente bakoitzarentzat berariazko kutxak egitea da. Artikulu osoa irakurtzea gomendatzen dizuegu.

Minbiziaren inguruko azken ikerketa erraldoiaren arabera, zelulen banaketan izaten diren mutazioek eragiten dituzte hiru minbizitatik bi. Juanma Gallegok dioen moduan: zoriak abiatzen ditu minbizi gehienak. Cristian Tomasetti eta Bert Vogelstein egileek duela bi urte inguru proposatu zuten ideia hori, aurrenekoz. Orain, askoz ere datu gehiagorekin, berriro ere mahaiaren gainean jarri dute hipotesia. Oraingoan, 69 herrialdetan izandako kasuak aztertu dituzte. Gakoa, beraz, zelulen bikoizketan omen dago. “Zelula amak bikoizten direnean, sortzen diren bi zeluletatik batak jarraitzen du zelula ama izaten. Bigarrena, berriz, ugaritzen da, gero ehuna hornitzeko edo zelulak berriztatzeko, esaterako. Uste da bikoizketa prozesu horretan izaten direla bikoizketa akatsak, eta, beraz, mutazio gehienak”.

Paleontologia

Krimean (Itsaso Beltzean) aurkitutako bele-hezur batek neandertalen gaitasun kognitiboen inguruko datu berriak eman ditu, Burdeosko Unibertsitateko ikertzaileen arabera. Neandertalek egindako hozkak azaltzen dira hezurrean eta ondorioztatu dute hozka horietako batzuk patroi bisual sendo bat sortzeko helburu hutsez egindakoak direla. Aurkikuntza honek neandertalek eta gizaki modernoek gaitasun kognitibo antzekoak zituztela dioen hipotesia indartzen du.

Ingurumena

Ondorio bat atera du elikagaien nazioarteko merkataritzak lurpeko uretan duen inpaktua neurtzeko egin duten azterketa batean: berriztatzen ez diren lurpeko urekin ekoitzitako elikagaiak kontsumitzen ditu munduko populazioaren gehiengoak. Lurpeko uren %70 inguru nekazaritzarako erabiltzen da gaur egun, eta, ondorioz, akuiferoan ur-maila asko ari da jaisten. Gainera, agortzeko bidean daude, akuifero horietako askotan ura ez dela berritzen. Horrek arriskuan jartzen du elikagaien ekoizpenaren iraunkortasuna. Ikerketa honetan kalkulatu dute zenbat lurpeko ur ez-berriztagarri kontsumitu zen, 2000tik 2010era, nazioarteko merkataritzan mugitutako elikagaiak ekoizteko. Denbora horretan, ur ez-berriztagarrien %11 esportatutako elikagaiak ekoizteko erabili zen. Horrez gain, ikertzaileek ikusi dute munduko populazioaren gehiengoa duten herrialdeek inportatzen duten elikagaien gehiengoa lurpeko ur ez-berriztagarriak erabiltzen dituzten herrialdeetatik inportatzen dutela.

Biologia

Metabolismo-tasa altuak dituzte animalia homeotermoak eta horregatik oso moldaera nabarmenak erakusten dituzte toki altuetan bizi direnek. Andeetako kamelido ezagunak erakusten dituen ezaugarri fisiologikoak azaltzen dira honetan. Hasteko, eguraste-tasa altuagoak ditu, hau da, aire-bolumen handiagoa arnasten du. Horrela, oxigeno gehiago iraganarazten du arnas azaleraren gainetik. Bestalde, beste kamelidoenak baino oxigenoarekiko kidetasun altuagokoa da haren hemoglobina. Hau da, oxigenoa errazago xurgatzen du biriken barrunbean dagoen airetik. Horrez gain, beste bi moldaera garatu ditu: batetik, bihotz handia du, eta horri esker odol-bolumen handiagoa ponpatu dezake taupada bakoitzeko. Jakina, odol-bolumen handiagoak ponpatzean, arinago berritzen da biriketatik iragaten den odola eta arinago bidaltzen da zeluletara. Bigarrenik, pigmentu (mioglobina) gehiago du muskuluetan, eta horrela odolak dakarren oxigenoa errazago iragaten da muskuluetako zeluletara.

Musuak aztertu dituzte artikulu honetan. Lehenik eta behin, musua ematea zerbait ikasia al da? Ikerketa batek jakitera eman du munduko kulturen erdira ere ez direla iristen musu erromantikoak egiten dituztenak. Horrek esan nahi luke talde kontu bat dela musua. Musua ez da kultura guztietan erabiltzen, baina kultura gehienetan azaltzen da ordea antzerako portaera bat: aurpegiak hurbildu, eta maiz kontaktuan mantentzen dira luzaro. Bada, zein da arrazoia? Zergatik ematen ditugu musuak? Gure ezpainek nerbio-bukaera asko dituzte, eta musuan aktibatu egiten dira amaiera horiek. Horrek burmuinari eragiten dio, hainbat substantzia sintetizatzen direlarik: dopamina, oxitozina eta serotonina.

Animalia goiztiarrak eta gautarrak izan ditu mintzagai Jon Ander Galarragak. Azken talde horretan sartzen dira hontzak eta mundu hori azaldu du testu honen bitartez. Deskribatzen duen lehena hontz handia da (Bubo bubo), Europan handiena, ia hiru kilokoa, oso erraz ezagutu daitekeena buru gainean dituen belarri edo adar itxurako bi lumagatik eta bere oin lumadunengatik. Hontz handiaren kantua identifikatzea oso erraza da. Aipatzen duen bigarrena, ez omen da hain ohikoa: hontz zuria (Tyto alba) da (gaztelaniaz lechuza). Hontz mota gehiago ezagutzekom irakurri osorik artikulua.

Kimika

Gomazko gozokien sekretuez aritu da Josu Lopez-Gazpio testu honetan. Zehazki, gominolen inguruan zabaldu den mitoa du hizpide kimikariak. Zalantzak argitzeko asmotan, Lopez-Gazpiok argi uzten digu kontua hasieratik: ez dira petrolioarekin egiten, ezta petrolioaren deribatuekin ere. Kontsumitzen ditugun gozokiek segurtasun araudi zorrotzak bete behar dituzte. Jakin dakizuenez, petrolioa ez da jangarria eta ez da erabiltzen inolako elikagairik egiteko. Beraz, zerekin daude eginda gomazko gozokiak? Nagusiki azukrez; gominola baten %50-%70 azukrea da —sakarosa, glukosa, fruktosa eta maltosa, besteak beste—. Beste osagaien artean, gelifikatzaileak, lodigarriak, koloratzaileak, azidotzaileak eta aromak daude. Horretxegatik, nutrizioari dagokionez gominolek ez dute ezer onik ematen. Kaloria huts asko, besterik ez: 100 g-ko 350-400 cal artean izaten dituzte —sagarrak 75 cal/100 g eta ogiak 260 cal/100 g ditu, adibidez—. Testurari dagokionez, aipatutako osagaien artean, gelifikatzaileak eta lodigarriak dira funtsak. Horien artean, gelatina, almidoiak, zelulosak, alginatoak eta pektinak dira gehien erabiltzen direnak.

Fisiologia eta osasuna

Arnasketa kontziente eta geldoak nola erlaxatzen gaituen argitu dute. Stanfordeko Unibertsitateko ikertzaileek bideratu dute ikerketa eta bertan ikusi dute zein den arnasketa eta garunaren maila goreneko aktibitatea lotzen dituen gunea. Garunaren enborrean dagoen gune bat dela ikusi dute, garunaren eta bizkarrezur-muinaren artean kokatua, eta 350 neurona inguruk osatzen dutena. Elhuyarrek azalpen argiak ematen ditu jarraian: neurona horiek bi ezaugarri dituzte: batetik, zenbat eta azkarragoa izan arnasketa, orduan eta aktiboago daude; eta, bestetik, beren zeregina da garuneko beste gune bati seinaleak bidaltzea, hain zuzen ere, gorputzak estresari eta beldurrari erantzuteko duen guneari (lokus zeruleoa). Arnasketa geldoak gutxiago aktibatzen ditu lehenengo neurona horiek.

 Geologia

Euskokantauriar arroko bilakaeran, ondoren deskribatuko diren bi rifting-urrats nagusi eta beste bi urrats bereizten dira. Triasikoko riftari dagokionez, mantuko korronte astenosferikoen eraginez Pangea superkontinenteak estentsioaren eragina pairatu zuen, eta sakabanaketaren aurreko hausturak eta failak garatu ziren. Gaur egun, fase honetan pilatutako arrokak Aiako Harriaren inguruan eta Kantabrian, asturiar Mazizoaren gainetik daude. Rift-arteko urratsaren kasuan, estentsioa moteldu egiten da, baina subsidentziaren eraginez arroaren bilakaerak aurrera darrai, nahiz eta sedimentazio-baldintzak konstante mantendu 50 Ma-tan. Egun, urrats honetako azaleramendu nagusiak arroaren mendebaldean daude (Kantabrian eta Palentzia eta Burgos iparraldean). Hala ere, beste toki batzuetan ere azaleratzen da: Bortzirietako mendiguneko ertzetan, Tolosa eta Azkoitia artean, Aralarko mendilerroan, Urdaibaiko itsasadarrean eta Aulestin, eta Araban, Montoria edo Nograron. Bizkaiko golkoko riftaren kasuan, plaka tektonikoen zinematikaren berrantolaketa baten ondorioz, Iberiar plaka Eurasiar plakarekiko erloju-orratzen norabidearen aurka biratzen hasi zen, ondorioz, bi plakak elkarrengandik bereizi ziren estentsio-esfortzu nabarmenen eraginpean. Hauen eraginpean Bizkaiko Golkoa ireki zen. Artikulua osorik irakurtzea gomendatzen dizuegu.

———————————————————————–
Asteon zientzia begi-bistan igandeetako atala da. Astean zehar sarean zientzia euskaraz jorratu duten artikuluak biltzen ditugu. Begi-bistan duguna erreparatuz, Interneteko “zientzia” antzeman, jaso eta laburbiltzea da gure helburua.

———————————————————————–

Egileaz: Uxue Razkin Deiako kazetaria da.

———————————————————————–

Eman iritzia

You may use these HTML tags and attributes: <a href="" title=""> <abbr title=""> <acronym title=""> <b> <blockquote cite=""> <cite> <code> <del datetime=""> <em> <i> <q cite=""> <s> <strike> <strong>