Lurretik kanpoko munduetan hondarrezko gazteluak eraikitzen

Juanma Gallego

Huygens espazio zundak bertan lurra hartu zuenetik, Titanek zientzialarien arreta erakarri du. Orain, Saturnoren ilargirik handienean dunek hartzen duten norabide bitxia karga elektrikoari zor zaiola iradoki dute ikertzaileek.

Eguzki sisteman dauden munduak gero eta gertuagotik ikusi, orduan eta harridura gehiago sorrarazten dute. Azken urteotan, bereziki Jupiter eta Saturnoren ilargiek piztu dute arreta gehien. Mundu txiki horietan jarri dute begia planeta astronomoek, eta, bereziki, biziaren inguruko zantzuak bilatzen dituzten astrobiologoek.

Bertan izaten diren prozesuak ulertzeko, ezinbestekoak dira espazio misioak eta teleskopio indartsuak. Baina zaila eta garestia da mundu urrunetara misio robotikoak bidaltzea. Jupiterren sateliteetara, adibidez, NASAk eta ESAk misio bana agindu dute, baina, dena ondo bidean, gutxienez 2030eko hamarkadara arte ez dira bertaratuko.

1. irudia: Saturnoren sateliterik handiena da Titan, gutxi gorabehera Merkurioren tamainakoa. (Argazkia: NASA)

Beraz, ilargi horietan egin beharreko esperimentuek itxaron beharko dute. Baina Laborategiko Astrofisika baliatuz, posible da ere, hein batean, aurkikuntzak egiten jarraitzea. Zeregin horretan dabiltza, buru belarri, hainbat eta hainbat laborategi: gune horietan, zientzialariak espazioan gertatzen diren fenomenoak simulatzen saiatzen dira.

Horren adibide da Titan ilargiaren inguruan Nature Geoscience aldizkarian argitaratu berri den azken proposamena. Georgiako Teknologia Institutuko (AEB) ikertzaileek iradoki dutenez, satelitean dauden dunek indar elektrostatikei zor diete haien norabide bitxia. Titanen, haizeek batez ere ekialdetik jotzen dute baina, halere, satelitearen lurrazalean sortzen diren dunak kontrako bidea hartu ohi dute. Nolatan da posible, bada, hain portaera bitxia?

“Bitxia”, noski, Lurraren ikuspuntutik. Izan ere, lurtarrontzat bistakoa da basamortuetako dunek haize nagusien norabidera lerrotuta egon beharko luketela. Baina mundu estralurtarretan, agian logika lurtarra ez da hain trinkoa.

Zientzialariek atera duten ondorioaren arabera, fenomenoaren atzean partikula txikiek talka egitean hartzen duten karga elektrikoa egon liteke. “Badira hainbat indar guretzat batere intuitiboak ez direnak, Lurrean oso garrantzitsuak ez direlako. Baina indar horiek eragina izaten dute Titango elementu geografikoetan”, azaldu du Josef Dufek geofisikariak Georgiako Institutu Teknologikoaren ohar batean. Dufekek dio zientzialariek Lurrean ale-dinamikaren inguruan ikasi duten guztia “beste era batean” formulatu behar dutela kanpo espazioan. “Mundu bitxia da Titan; elektrostatikaren ikuspuntutik, itsaskorra”, laburbildu du.

Karga elektrikoa

Hipotesiaren arabera, haizeek gogor jotzen dutenean, hondar aleak lurretik altxatzen dituzte, dunak osatuz. Haize bolada horiek gutxienez 20 kilometro ordukoak izan behar dutela kalkulatu dute. Gure planetan dagoen haizearen abiadurarekin alderatuz, abiadura txikia dela eman dezake, baina kontuan hartu behar da Titanen atmosfera Lurrarena baino bost aldiz dentsoagoa dela eta, hortaz, haizete horien eragina bost aldiz indartsuagoa dela.

Batak bestearen kontra talka egitean sortzen den marruskaduraren ondorioz, hondar aleek karga elektrikoa hartzen dute eta horri esker pilatzen dira. Horrela osatzen diren 90 metrora arteko dunak hainbat egunetan edo hilabetetan zutik mantentzen dira, ikertzaileek egindako kalkuluen arabera.

Titanen dauden hondar aleak simulatzeko, naftaleno eta bifenilo aleak sartu zituzten hodi batean, eta hogei minutuz hodiari bueltak eman zizkioten, nitrogeno hutsezko atmosfera artifizial batean. Horrela, Titanen izaten diren baldintzak ahalik eta modurik zehatzenean “antzezten” saiatu ziren.

2. irudia: Titanek Lurraren antzeko ezaugarri geologiko ugari ditu: mendiak, ibai haranak eta metanozko ozeanoak, besteak beste. (Argazkia: NASA)

Sukalde lana bukatu eta gero, propietate elektrikoak neurtu zituzten. Partikula guztiek karga elektrikoa eskuratu zutela ikusi zuten orduan, eta hainbat partikula (%2-5 inguru) hodiari lotuta mantendu zirela ere egiaztatu zuten. Esperimentua Lurreko materialekin errepikatzean, (harea eta hauts bolkanikoa erabili zuten), batere materialik ez zen gelditu hodeiaren barruan.

“Titanen hondarrezko gaztelu bat egingo bagenu, agian asteetan zehar zutik mantenduko litzateke, bere osagaien propietate elektrostatikoak direla eta”, irudikatu du Josef Dufekek. Hondartza batean jolasteko aukera izan duen pertsona orok ondo dakienez, bustitako harea beharrezkoa da hondarrezko gaztelua osatzeko. Titanen kasuan, berriz, harea baino ez litzateke behar izango, elektrostatikak mantentzen dituelako partikula horiek itsatsita. Zientzialariek uste dute Saturnoren satelitean ekialdetik hotzen duten haize arruntek ez dituztela dunak mugitzen, eta haizete indartsuagoak behar direla dunei forma emateko.

‘Lur’ txiki bat

Saturnoren ilargirik handiena da Titan, Merkurioaren parekoa, gutxi gorabehera. Askoren ustez, Eguzki Sistema osoan Lurrarekin antza gehien duen objektua da. Ezagutzen diren satelite guztien artean berezia ere bada, bertan baino ez dagoelako atmosfera lodi bat.

Bereziki Huygens zundak 2005ean bertan lurra hartu zuenetik, Titanek irudimena piztu du zientzialarien zein zaletuen artean. Izan ere, zundak bidalitako irudietan azaltzen zena txundigarria zen. Lurraren geologiarekin zeuden antzekotasunak berehala azaldu ziren. Mendilerroak eta ibai haranez osatutako paisaiak agertu ziren eta, batez ere, erosioak leundutako harri-koskorrek atentzioa eman zuten. Azalean kraterrik ez izateak agerian utzi zuen bertakoa lurrazal aktiboa zela, haizearen, ibaien edo bulkanismoaren eraginez eraldatuta.

Lurrazalean batez bestean -180 graduko tenperatura dago eta, beraz, ur likidoaren existentzia pentsaezina da. Hala ere, adituek uste dute Lurrean urak betetzen duen rola Titanen metanoak egiten duela. Ipar hemisferioan, bereziki, metanoz osatutako ozeanoak daude. Are gehiago, UPV/EHUko ikertzaileek 2006an Nature aldizkarian proposatu zutenez, noizean behin metano ekaitzak ere izaten dira bertan.

Life in the Universe. A Begginer’s Gide liburuan, Lewis Dartnell astrobiologoak dioenez, Titan bizia aurkitzeko hautagai egokia izan liteke, beti ere “biokimika exotikoagoa onartzen badugu”. Erantzunak, ordea, itxaron beharko du, harik eta hondartzarako palaz hornitutako rover bat bidaltzen dugun arte.

Erreferentzia bibliografikoa:

J.S. Méndez Harper et al (2017) Electrification of sand on Titan and its influence on sediment transport. Nature Geoscience. DOI: 10.1038/ngeo2921

———————————————————————————-

Egileaz: Juanma Gallego (@juanmagallego) zientzia kazetaria da.

———————————————————————————-

Eman iritzia

You may use these HTML tags and attributes: <a href="" title=""> <abbr title=""> <acronym title=""> <b> <blockquote cite=""> <cite> <code> <del datetime=""> <em> <i> <q cite=""> <s> <strike> <strong>