Irati Markuerkiaga: “Lanean, ikasitakoa erabiltzeko aukera izatea gustatuko litzaidake”

Ana Galarraga / Elhuyar Zientzia
Herbeheretara deitu behar izan dugu Irati Markuerkiaga Olaberekin hitz egiteko. Izan ere, hango unibertsitate batean, Radboud Unibertsitatean, dabil tesia egiten. Ikerketan buru-belarri murgilduta badago ere, gaztetan ez omen zuen uste ikertzaile izango zenik: “Nire inguruko eredua ingeniariek eta kooperatibistek osatzen zuten, eta horretan ikusten nuen nire burua”, aitortu du Markuerkiagak. Edonola ere, pozik dago egindako aukerarengatik.

Berez, ingeniari izateko ikasten hasi zen. “Goi Ingeniaritza ikasten ari nintzela, ikusi nuen hautazko ikasgaietako bat Teknika Biomedikoak zirela, eta hura aukeratu nuen. Orduan ikasi nuen pixka bat zer zen erresonantzia magnetiko bidezko irudigintza (MRI, ingelesez). Gero udako praktikak egin zituen CIC Biomagunen, erresonantziako teknikari lanetan, eta han jarraitu zuen lanean, zirt edo zart egitea iritsi zitzaion unera arte: “Edo doktoretza egiten nuen eta arloan jarraitzen nuen; edo arloz aldatzen nuen. Bestela ikusten nuen nire ibilbide profesionala mugatuta geratuko zela”. Eta doktoretza egitea erabaki zuen.

Irudia: Irati Markuerkiaga Olabe ingeniaria eta ikertzailea.

Orain, neuroirudigintzaren arloan dabil tesia egiten, Radboud Unibertsitateko Donders Zentroan. Dioenez, benetan gustura joaten da lanera, bai zentroaren kalitateagatik (oso da ona arlo horretan) bai giroagatik, zeharo atsegina baita.

Alde horretatik, Markuerkiagak uste du zuzendaritzak hartutako erabakiek asko laguntzen dutela horretan. “Adibidez, zentroan hamar ikerketa talde daude, baina bulegoetan, taldeka egon beharrean, nahastuta gaude; eta taldeburu guztien bulegoak ere korridore berean daude”. Neurri horiek guztiek elkarlana bultzatzea eta taldeek jarrera territorialak izatea ekiditea dute helburu. Neurrien alde txar bat ere aipatu du, hala ere: “Hasieran bereziki, zure arloko zalantza bat baduzu, ezin diozu ondokoari galdetu”.

Garunak informazioa nola prozesatzen duen ulertzea helburu

Markuerkiagak asko eskertzen du giro on hori, bestela, garatzen ari den proiektua oso pertsonala baita. Zehaztu duenez, zentroko talde gehienak neurozientzialarienak dira, eta bakoitzak lantzen du gai bat: arreta, afektibotasuna, memoria, hizkuntza… Talde horien aldamenean, neurozientzietan erabiltzeko metodo berriak garatzen dituzten bi talde daude: bat, irudigintza estatistikoan dabilena, eta, bestea, irudi bidezko erresonantzia magnetikoan. Bera bigarren horretan dago.

Horrela laburtu du euren egitekoa: “MRIa aplikazio anitzetarako erabil daitekeen teknika bat da, eta ehunen arteko kontraste oso ona lortzen da. Baina nahiko teknika geldoa da eta lortzen diren emaitzak, orokorrean, ez dira kuantitatiboak. Hau kontuan izanik, gure taldeak hiru helburu nagusi ditu: irudiak azkarrago edo bereizmen handiagoarekin lortzeko metodoak garatzea, burmuineko ehunen ezaugarri magnetikoen irudi kuantitatiboak lortzea, eta bereizmen handiko erresonantzia magnetiko funtzionala egiteko metodoak garatzea“.

Markuerkiagak kortexarekin egiten du lana, garunaren azalarekin: “Batez beste, hiru milimetroko zabalera du, eta sei azpigeruzetan banatuta dago”. Dioenez, neurozientzialariek egun darabiltzaten bereizmen estandarrekin, zerbait egitean kortexeko zer atal aktibatzen diren neur dezakete, baina ez zer azpigeruza den gehien aktibatzen dena atal bakoitzean. Informazio gehigarri hori izateak atalen arteko elkarrekintza hobeto ulertzeko aukera emango luke. Horrek, berriz, garunean informazioa nola prozesatzen den hobeto ezagutzea ekarriko luke.

Hori lortu nahian dabil, beraz, Markuerkiaga: “Nire helburua da bereizmen handiko erresonantzia magnetiko funtzionalaren seinalearen ezaugarriak aztertu eta metodo bat garatzea, neurotzientzialariak gai izan daitezen jakiteko zer elkarrekintza dauden atalen artean”.

Tesia amaitutakoan Euskal Herrira bueltatu nahi du, eta han ikasitakoa, neurri batean behintzat, erabiliko duen lan batean aritzea gustatuko litzaioke.

Fitxa biografikoa:

Irati Markuerkiaga Olabe Markina-Xemeinen jaio zen, 1983an. Mondragon Unibertsitatean telekomunikazioetan ingeniaritza teknikoa ikasi zuen (2005), eta Stuttgarteko Unibertsitatean goi ingeniaritza elektroteknikan, seinaleen prozesamenduan (2008. Europar Batzordean urtebete lanean eman eta gero, Euskal Herrira itzuli zen, CIC Biomagunen lan egin eta ingeniaritza biomedikoan Nafarroako Unibertsitate Publikoan master bat egitera (2013). 2013tik bereizmen handiko erresonantzia funtzionalean tesia egiten ari da Donders Zentroan, Herbehereetan.

———————————————————————————-

Egileaz: Ana Galarraga Aiestaran (@Anagalarraga1) zientzia-komunikatzailea da eta Elhuyar Zientzia eta Teknologia aldizkariko erredaktorea.

———————————————————————————-

Elhuyar Zientzia eta Teknologia aldizkariarekin lankidetzan egindako atala.

Eman iritzia

You may use these HTML tags and attributes: <a href="" title=""> <abbr title=""> <acronym title=""> <b> <blockquote cite=""> <cite> <code> <del datetime=""> <em> <i> <q cite=""> <s> <strike> <strong>