Zeruraino iristen diren hegaztiak

Juan Ignacio Pérez eta Miren Bego Urrutia

Oxigenoa

———————————————————————————————————–

Txoriak eta saguak atalean ikusi dugunez, arnas aparatuaren egitura eta funtzionamenduari eta bihotzaren tamainari esker ari daitezke txoriak normaltasunez 6.000 metroko altueretan. Altuera horietan oxigeno gutxi dago, baina txorietan oxigenoa eskuratzeko eta ehunetara eramateko sistemak oso eraginkorrak dira, eta horri esker gaindi ditzakete altuerak eragindako hipoxiaren ondorioak.
Irudia: Saia (Gyps rueppellii) altuera gehienera hegan egiten duen hegaztitzat hartzen da, 11.000 metrotako altueran ikusi dutelako. Izena Eduard Rüppell XIX. mendeko alemaniar zoologo eta esploratzailetik datorkio. (Testua: Wikipedia)

Hegazti batzuek, baina, askoz ere altuera handiagoetan egin dezakete hegan. Gyps rueppellii izen zientifikoa duen saiaren banako batek, esaterako, 11.277 metrora zebilen hegazkin batekin talka egin zuen 1973. urtean, eta espezie horretako banakoak behin baino gehiagotan ikusi izan dira 10.000 metrotik gora doazen hegazkinetatik. Nekez lor liteke horren altuera handitan hegan egitea, arnas pigmentu berezirik eduki gabe.

Gyps rueppelliik ez du, ez, hemoglobina arruntik. Izan ere, lau hemoglobina desberdin ditu odolean, eta bakoitzak oxigenoarekiko kidetasun desberdina du. Hemoglobina horiei HbA, HbA’, HbD eta HbD’ izenak eman dizkiete; HbAk dauka oxigenoarekiko kidetasunik baxuena eta HbD’k kidetasunik altuena. Gyps saiaren odolak, hemoglobina multzo horri esker, oxigeno-tentsio oso desberdinetan garraia dezake oxigenoa.

Aipatzekoak dira altuera handietan hegan eginez migratzen duten ur-hegazti batzuk ere. Antzara indiarrak (Anser indicus) Everest mendikatearen gainetatik migratzen du; 9.000 metrotik gora hegan egiten ikusi izan dira espezie honetako banakoak (altuera horretan itsas mailakoaren herena da O2-aren presio partziala). Oxigenoarekiko kidetasun handiko hemoglobina dauka hegazti honek ere; argi dago, beraz, horri zor diola, neurri handi batean behintzat, hain altuera garaietan hegan egin ahal izatea. Andeetako antzara (Chloephaga melanoptera) ere toki altuetan bizi da (6.000 metrotik gora) eta, antzara indiarrak bezala, oxigenoarekiko kidetasun handiko hemoglobina du.

Ikusi ahal izan dugunez, beren bihotzen eta biriken ezaugarriei esker, hegazti guztiak dira toki altuetan hegan egiteko gai. Alabaina, hori baino gehiago behar dute planetan dauden toki altuenetan bizi eta mendi altuen tontorretatik gora hegan egiten duten hegaztiek. Arnas pigmentu bereziak eta hemoglobina bereziak behar dituzte. Horiei esker iristen dira zeruraino.

—————————————————–

Egileez: Juan Ignacio Pérez Iglesias (@Uhandrea) eta Miren Bego Urrutia Biologian doktoreak dira eta UPV/EHUko Animalien Fisiologiako irakasleak.

—————————————————–

Artikulua UPV/EHUren ZIO (Zientzia irakurle ororentzat) bildumako Animalien aferak liburutik jaso dugu.

Eman iritzia

You may use these HTML tags and attributes: <a href="" title=""> <abbr title=""> <acronym title=""> <b> <blockquote cite=""> <cite> <code> <del datetime=""> <em> <i> <q cite=""> <s> <strike> <strong>