Asteon zientzia begi-bistan #150

Dibulgazioa · Zientzia begi-bistan

Biologia

Landareek nitrogenoa behar dute hazteko. Ohiko ongarritzeak nitratoan oinarrituak daude eta ingurumen-arazo larriak eragiten ditu; esaterako, azaleko eta lur azpiko uren kutsadura eta berotegi-efektuko gasak isurtzea. Izan ere, lurreko mikroorganismoen eraginez, oxido nitrosoa aireratzen dute eta hau berotegi-efektu handiko gas bat da. Arazoari aurre egiteko asmoz, gutxiago kutsatzen duten amonio-oinarria duten ongarriak aztertu dituzte UPV/EHUko eta Nafarroako Unibertsitate Publikoko ikertzaileek. “Bestelako ongarritzeak bultzatu nahian dabiltza, adibidez, amonio eta nitrifikazioaren inhibitzaile bidezko ongarritzea. Inhibitzaileen bidez, amonioak lurrean luzeago irautea lortzen da, eta, hala, gutxitu egiten da bai nitratoen lixibiazioa bai nitrogeno-oxidoen emisioa”, azaldu du Daniel Marinok, UPV/EHUko NUMAPS ikerketa-taldeko ikertzaileak.

Hegazti batzuek 6.000 metro baino askoz ere altuera handiagoetan egin dezakete hegan. Gyps rueppelliik, esaterako, lau hemoglobina desberdin ditu odolean, eta bakoitzak oxigenoarekiko kidetasun desberdina du. Hemoglobina horiei HbA, HbA’, HbD eta HbD’ izenak eman dizkiete; HbAk dauka oxigenoarekiko kidetasunik baxuena eta HbD’k kidetasunik altuena. Haren odolak, hemoglobina multzo horri esker, oxigeno-tentsio oso desberdinetan garraia dezake oxigenoa. Testuan ere aipatzen dira altuera handietan hegan eginez migratzen duten ur-hegazti batzuk, hala nola Antzara indiarrak Everest mendikatearen gainetatik migratzen du; 9.000 metrotik gora hegan egiten ikusi izan dira espezie honetako banakoak (altuera horretan itsas mailakoaren herena da O2-aren presio partziala).

Aste honetan, Nature aldizkarian plazaratu den ikerketan, zientzialariek ondorioztatu dutenez, gantz azido asegabeek harren bizitza luzatzeko ahalmena dute. Oraingoan ere Caenorhabditis elegans izeneko nematodoa erabili dute. “Bizitza laburra duen harra da, 23-30 egunekoa, eta, horregatik, haren bizitza luzera era azkarrean iker daiteke”, azaldu du Harvardeko Osasun Publikorako Unibertsitateko (AEB) ikertzaile Carlos Silva Garciak. Azaltzen duen legez, normalean gantzak arazo kardiobaskularrei eta metabolikoei lotuta azaldu ohi dira, baina ikerketan azpimarratzen da gantz guztiak ez direla kaltegarriak. Ikertzaileak noizbait gizakiengan aplikatzeko esperantza agertu du.

Hizkuntzalaritza

Badira euskarazko zientzia izena duten animaliak, landareak, proteinak eta baita Marteko lekuak ere. Edu Lartzangurenek batzuk bildu ditu artikulu interesgarri honetan. Horien artean, ‘Musturzabalsuchus’ krokodiloa agertzen du. 1990eko hamarkadan topatu zituzten horren lehen zantzuak Trebiñuko Lañu herribatzarreko lurretan. Masailezurra eta baraila baino ez direnez aurkitu, horrek definitu du animalia genero osoa. ‘Papilloderma altonagai’ barea da euskaratik edan duen beste izen bat. Animalia hau oso berezia da bi arrazoirengatik: bizkarrean konkor bat du, maskorraren aztarna; eta Kepa Altonaga zoologoaren izena jarri zioten. Izan ere, Altonagak berak aurkitu zuen Kantabriako Puerto de las Alisasen eta Asturiasko Covadongako santutegian (Espainia). A. Wiktor aditu poloniarrak deskribatu zuen, eta hark eman zion altonagai izena, aurkitzailearen omenez. Artikulu osoa irakurtzea gomendatzen dizuegu!

Erantzunen kalifikazio automatikoari buruzko artikulua duzue irakurgai honetan. Arlo horretako oinarrizko teknikak eta sistemak deskribatzen dira: bai esaldi-antzekotasunean oinarritzen direnak, baita testu-inferentzian oinarritzen direnak ere. Horiek biak dira testu ulermena lantzeko erabiltzen diren estrategia nagusiak. Alde batetik, hainbat zientzia-domeinutatik erauzitako ikasle-erantzunei kalifikazio egokiak esleitzea da helburu. Bestalde, testu-ulermen teknikak egoera berri batean erabilgarriak diren ebaluatzen dute. Oro har, galdera irekien erantzunak guztiz zuzen kalifikatuko dituen sistemarik ez dago egun, baina horretan dihardute ikertzaileek.

Eboluzioa

Azkenaldian, antropologoek, tresna berri bat izan dute eskura eboluzioaren azterketa egiteko: genomika. Genomika izakien genomen sekuentzien azterketa egiten duen genetikaren atala da. DNA molekulen sekuentziaren azterketa, bai gaur egungo laginei, bai indusketetan aurkitutako aztarna arkeologikoei egin dakieke. Aztarna horien DNAren sekuentziazioak, nabarmen lagundu du gizakiren eboluzioaren ezagutzan. Abantaila asko ditu. Batetik, ez da lagin askorik behar, eta hezur txiki batetik ateratako DNA, nahiko izan daiteke espezie baten inguruko informazio anitz lortzeko. Bestetik, DNAren azterketak, denboraren berri ematen digu. DNAn gertatzen diren aldaketak, hau da mutazioak noiz gertatu ziren estima daiteke eta aldaketa horien garrantzi ebolutiboa ere finka daiteke kasu batzuetan. DNAk populazioen arteko gene-elkartruke edo gene-fluxua neurtzeko ere balio du. Areago, aztarnak egungo gizakien genomekin konparatuz, ondo beha daitezke gure eboluzioaren aztarnak, galdu eta irabazitako sekuentziak, beste espezieetako DNA arrastoak, eta espezie horiekin zenbateko nahastura izan genuen finka daiteke. Argitu gizakiaren historia artikulu argigarri honen bitartez!

Mikrobiologia

Giza odoleko biroma –birus eta genoma hitzen arteko batuketa da, eta giza gorputzean dagoen birus bildumari egiten dio erreferentzia– arruntak zer ezaugarri dituen aztertu dute AEBtako ikertzaile batzuek. Hemeretzi giza birusen sekuentziak identifikatu dituzte; herpesbirusak, batez ere. Erabat osasuntsu dauden 8.240 lagunen odolaren genomaren sekuentziazio datuak izan dituzte abiapuntu ikerketa honetarako. Gizabanakoen %42ari detektatu dizkiote hemeretzi birus horietakoren bat edo batzuen sekuentzia ugariak. Laginaren %14-20ari herpesbirusak topatu dizkiote, eta %9ari, anellobirusak. Aipatzekoa da adina, jatorria eta sexua kontuan izan dituztela azterketa honetan. Honi jarraiki, ikusi dute parte hartzaile gazteenen odolean maizago identifikatu dituztela birus horiek.


Asteon zientzia begi-bistan igandeetako atala da. Astean zehar sarean zientzia euskaraz jorratu duten artikuluak biltzen ditugu. Begi-bistan duguna erreparatuz, Interneteko “zientzia” antzeman, jaso eta laburbiltzea da gure helburua.


Egileaz: Uxue Razkin Deiako kazetaria da.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko.Beharrezko eremuak * markatuta daude.