Historiaren gordailu bitxiak, hondar zementatuzko formazioak

Beachrockak eremu tropikaletako kostaldeetan aurkitzen diren arroka sedimentario bereziak dira. Arroka hauek legar sedimentuz, hareaz eta karbonato mineralez osatutako nahasketak dira eta, horrez gain, koral eta maskor zatiak izaten dituzte sarritan. Beste lurralde batzuetan ohikoak badira ere, Bizkaiko kostaldean ere badira halakoak.
Nerbioi-Ibaizabal estuarioaren eskuinaldean aurkitzen dira formazio hauek eta giza jardueraren eragin handia jasan dute. Izan ere, euren egitura sedimentarioa zementu karbonatatuen (CaCO3) pikor arteko prezipitazioaren ondorioz sortu da. Nikole Arrieta UPV/EHUko Kimika Analitikoko Saileko ikertzaileak beachrockak aztertu ditu, garapen industrialaren inpaktuak kostaldean izan duen eragina ezagutzeko asmoz.
1. irudia: Réunion uharteko kostaldean zehar aurkitzen diren harrizko formazioak edo beachrockak (Argazkia: Wikipedia / B. Navez/ CC BY-SA 3.0 lizentziapean)

Nikole Arrieta Irazabal ikertzaileak ‘The study of an unusual temperate latitude beachrock formation. Characterization of the Azkorri beach and Tunelboka cove locations’ doktorego-tesia gauzatu du UPV/EHUko Zientzia eta Teknologia Fakultateko Kimika Analitikoa Sailean. Ikerketa honetan, besteak beste, Bizkaiko kostaldean dauden beachrockak aztertu ditu. Formazio hauek jarduera metalurgikoko hondakin industrialak barruan gordetzen dituzten hondar zementatuak dira. Garapen industrialaren inpaktuaren eta kostaldean izan duen eraginaren lekuko dira harri berezi horiek.

“Zenbait fenomeno geologikoren ikerketak ingurumen-iragana berreraikitzen eta gizakiak izan duen eragina zehazten laguntzen digu, dena erregistratuta geratzen baita. Klima-aldaketak izan ditzakeen eraginei aurre egiteko ere informazio baliotsua eman dezakete”, azaldu du Nikole Arrietak, beachrockak aztertzen dituen ikerketa-lanaren egileak. Marearteko eremuetan sortzen diren harri-egiturak dira beachrockak. Normalean, eremu tropikal eta subtropikaletan sortzen dira. Hala ere, Bizkaiko kostaldean ere badira halakoak. Aztertutako beachrockak egitura berriak dira, eta, Nerbioi-Ibaizabal estuarioaren eskuinaldean egonik, giza jardueraren eragin handia jasan dute. “Oso arraroa da gurea bezalako latitude epeletan aurkitzea; munduan 8-10 kasu daude”, gehitu du Arrietak. Egitura sedimentario horiek zementu karbonatatuen (CaCO3) pikor arteko prezipitazioaren ondorioz sortuak dira. “Sedimentuen artean, zementua sortu da. Hala, hondarra ez dago solte, beste hondartzetan bezala, eta harri horiek sortzen diru”, azaldu du Arrietak. Edonola ere, beachrockak osatzen dituzten zementuak karbonatatuak izan ohi diren arren, gure kostaldeko egitura geologikoek burdin zementuak dituzte. Egitura zementatuetan harrapatutako zepek disoluzio-prozesuak izan dituzte meteorizazio-prozesu edo prozesu atmosferikoen ondorioz (euri azidoa, esaterako), eta berriz prezipitatzen dira poroetan, burdin gatz disolbaezin gisa.

2. irudia: Hondar zementatuzko egitura bat, Tunelbokan kokatua. (Argazkia: Nikole Arrieta. UPV/EHU)

Argitaratutako lanean egindako ikerketaren ardatza zementu horien karakterizazioa da. Alde batetik, zementu-motak aztertzeko, teknika espektroskopiko berritzaileak erabili dira. “Eskala mikroskopikoan, zenbait zementu-kapa agertzen dira, eta haietako bakoitzak informazio bat ematen du prezipitatu diren garaiari buruz, zer kondizio zeuden, etab.”. Bestalde, zementu horietan harrapatuta dauden materialak aztertu dituzte, eta “industria-iraultzaren garaiko galdaketa-zepak aurkitu ditugu, bai eta Europako enpresa batzuen zigiluak dituzten hondakinak ere; barkuetan etorri, eta hemen botatzen zituzten zepak. Horregatik, teknofosilak edo giza jardueraren aztarnak aurkitu ditugu hondartzetan; kasu honetan, nazioarteko enpresen hondakin industrialek beachrockaren adina zehazten laguntzen digute”.

Guztia, Antropozenoaren garai geologikoaren erregistro geologikoaren adibide bat izan liteke. Gaur egun, mundu osoko espezialisten arteko eztabaidagaia da Antropozenoa. Izendapen horren aldeko zientifikoek diotenez, Lurra garai geologiko berri batean dago, “gizakiaren eran”; giza jarduerak aldaketa handiak eragiten ditu, eta horrek aztarna uzten du Lurraren geruza geologikoetan. Izendapenaren kontrakoek, berriz, argudiatzen dute kontu politikoa dela zientifikoa baino gehiago. Aro geologiko horrek Kuaternarioaren periodo berriena hartuko luke, eta mundu osoko adituen interesa erakartzen ari da gaur egun. “Tunelbokan, ikerketa egin den estuarioaren eskuinaldeko kala batean, dauden geruzak mundu mailan aztertu dira, Antropozenoaren ebidentzia gisa”, aipatu du Arrietak. Izan ere, mundu mailan latitude epeletan fenomeno hau duten eremu gutxi izateaz gainera, “are gutxiago dira hemengoen ezaugarriak dituztenak; barnean duten zepa-kantitatea sekulakoa da. Estatu Batuetako eta Australiako unibertsitate batzuetako ikertzaile entzutetsuekin lankidetzan aritu naiz, eta zur eta lur gelditzen dira guztiak argazkiak edo materialak ikusten dituztenean”.

Erreferentzia bibliografikoa:

Arrieta, N., Iturregui, A., Martínez-Arkarazo, I., Murelaga, X., Baceta, J.I., de Diego, A., Olazabal, M.A., Madariaga, J.M.. Characterization of ferruginous cements related with weathering of slag in a temperate anthropogenic beachrock. Science of The Total Environment, 581-582, 49-65 (2017). DOI: http://dx.doi.org/10.1016/j.scitotenv.2016.12.132.

Iturria:
UPV/EHUko komunikazio bulegoa: Gure historia industriala harri bihurtuta.

Eman iritzia

You may use these HTML tags and attributes: <a href="" title=""> <abbr title=""> <acronym title=""> <b> <blockquote cite=""> <cite> <code> <del datetime=""> <em> <i> <q cite=""> <s> <strike> <strong>