Gorputzari iruzur egiten dion pilula

#KZJaia · Kolaborazioak

Fexaramina izeneko konposatua gai da gure barrenari ziria sartzeko eta bazkaltzekotan gaudela pentsarazteko, hala ez izanda ere. Ondorioz, digestioa egiteko prestatzen da eta kaloriak erretzen ditu, datozenei tokia uzteko. Argaltzeko botika gisa potentzialtasuna baduela uste dute AEBtako Salk Institutuko ikertzaileek.

Joan den astean iragarri bezala, Ariketa fisikoa, argaltzeko pilula ote? Izeneko hitzaldia eskainiko du Jon Irazusta fisiologoak, hilaren 20an Bilbon. Galdera horri erantzuteko zain gauden bitartean, argaltzeko bestelako pilula bat dakarkigu gaur Zientzia Kaierara; pilula konbentzionalagoa itxuraz, baina hain arrunta ere ez, funtzionamenduari dagokionez. AEBtako Salk Institutuan sortu dute, eta aparteko emaitzak eman ditu saguekin eginiko esperimentuetan. Nature Medicine aldizkarian eman du haren berri Ronald Evans genetistak zuzendutako taldeak.

Argaltzeko pilula honek iruzur egiten dio gorputzari: jatear dela pentsarazten dio. Evansek azaldu bezala, “pilula hau otordu bat bezalakoa da. Asko jaten duzunean bidaltzen dituzun seinale berberak igortzen ditu, eta orduan, gorputza tokia egiten hasten da kaloriak biltegiratzeko. Baina ez dago kaloriarik”. Hau da, pilula honek ez dio pertsonaren goseari eragiten; balizko arrakastaren gakoa ez da asebeteta sentitzea eta ondorioz gutxiago jatea. Ziria ez dio argaldu nahi duen horri sartzen, bere gorputzari baizik: kaloriak lekualdarazten dizkio, horretarako behar fisiologikoa dagoela sinestarazita.

Irudia: Pilula berriaren balizko efektuen erakusle den ilustrazioa) (Argazkia: Salk Institutua)
Irudia: Pilula berriaren balizko efektuen erakusle den ilustrazioa.
(Argazkia: Salk Institutua)

Orain arte saguei bakarrik aplikatu bazaie ere, emaitzak oso onak izan dira: bost asteko tratamenduaren ondoren, obesitatea zuten sagu horiek gizentzeari utzi zioten, gantza galdu zuten, azukre gutxiago zuten odolean, bai eta kolesterol maila txikiagoa ere. Gainera, pilula hauek badute beste abantaila oso nabarmen bat: ez dute albo ondoriorik eragiten. Izan ere, argaltzeko kafeinazko ohiko pilulak odolean disolbatzen dira, gorputzeko atal gehiagotara iritsiz eta kalteren bat izateko aukerak handituz. Aipaturiko artikuluan aurkeztutako pilula, ordea, hesteetan geratzen da, odolak ez baitu xurgatzen.

FXR izeneko proteina da pilula berri honen jomuga. Giza gorputzak proteina horiek piztu egiten ditu otordu bat hastera doanean. Izan ere, FXRak agindua ematen dio gibelari behazun azidoa askatu eta horrela digestiorako prestatzeko. Gainera, odolaren azukre maila aldatzen du eta gorputzari bertan duen gantzaren zati bat errearazten dio, otordu berrian etorriko den janariari tartea uzteko. FXR aktibatzeko ahalmena duen botika bat diseinatzea da erronka, beraz, otordu baten beharrik gabe.

Evansen laborategian ia bi hamarkada daramatzate FXR aztertzen, baina ez dira bakarrak. Enpresa farmazeutikoek makina bat botika sortu dituzte proteina hori aktibatzeko; obesitatea, diabetesa, gibeleko gaitzak eta beste zenbait arazo metaboliko tratatzeko metodo moduan. Botika horiek, baina, askotariko organoetara iristen dira odolak xurgatuta, eta albo ondorioak eragiten dituzte. Alde horretatik aldaketa handia ekar dezake pilula berri honek: fexaramina izeneko konposatua du oinarri, eta horrek egiten du desberdin.

Evansen taldeak ikusi du ez dela beharrezkoa hainbeste organotara iristea ondo funtzionatzeko. Aski da fexaramina pilula bat: ahotik irensten da, hesteetan geratzen da, eta bertan FXRa aktibatzen du. Horrek kate erreakzioa eragiten du berez beste organoetan, zuzenean horiek tratatu beharrik gabe. Hala, pilula mota honek kalte fisikoren bat eragiteko probabilitatea askoz murritzagoa da; hesteetan baino ezin du inpakturen bat eragin, ez baita odolean disolbatzen eta beste edonora joaten.

Orain arte saguekin egindako esperimentuek frogatzen dute bere eraginkortasuna: saguen gorputzeko tenperatuta handitu egiten da, metabolismoa jo eta ke ari den seinale. Gainera, gantz zuriak osatutako gorputzeko zenbait deposito erre eta ehunaren zati osasuntsuagoa bihurtzen da.

Saguen emaitzok ikusita, gizakiekin entsegu klinikoak egiteko lanean ari da Salk Institutuko talde hau orain, fexaramina obesitatea eta gaitz metabolikoak tratatzeko eraginkorra ote den egiaztatzeko. Ikertzaileon ustez, FXRaren aktibazioa jomugan duten beste botikak ez bezala, hau odolak xurgatzen ez duenez, seguruagoa da eta arrakasta izateko aukera handiagoa dauka. Ondo bidean, obesitateari aurre egiteko medikuak agintzeko moduko botika bihurtu daiteke inoiz, noski, aldi berean dieta eta bizimodua zaintzeari utzi gabe.

Erreferentzia bibliografikoa

Sungsoon Fang, Jae Myoung Suh et al. Intestinal FXR agonism promotes adipose tissue browning and reduces obesity and insulin resistance. Nature Medicine, 5 January 2015. doi: 10.1038/nm.3760


Egileaz: Amaia Portugal (@amaiaportugal) zientzia kazetaria da.


“Sarrera honek #KulturaZientifikoa 3. Jaialdian parte hartzen du.”

kzjaia3

1 iruzkina

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko.Beharrezko eremuak * markatuta daude.