Modaren inpaktuari neurria hartzen

Amaia Portugal

Desfileek baldintzatzen al dute gure janzkera? Galdera horri baietz erantzun dio Taiwan eta AEBtako ikertzaile talde batek, matematika eredu batean oinarrituta. Ondorio horretara iristeko, New Yorkeko pasarelatan eta kalean ikusitako arropen argazkiak alderatu dituzte.

Gure armairuak eta modelo batenak, ba al dute zerikusirik? Jantziko al genuke kalean, pasarela batean ikusitako zerbait? Lehen kolpean ezetz erantzungo genuke gehienek, moda desfileetan ikusten diren arropak aldrebesegiak direlakoan, egunerokoan ibiltzeko. Gainera, sarritan, kosta egiten zaigu onartzea industria erraldoi horrek gugan ere baduela eragina, koloreak eta oihalak ez ditugula guk geuk, besterik gabe, aukeratzen.

Orain, baina, Taiwan eta Rochestergo (New York, AEB) unibertsitateetako ikertzaile batzuek matematikoki frogatu dituzte susmo horiek. Hau da, agian guk ez dugula izango Chanel edo Prada etxeen azken harribitxiak erosteko asmorik, ez eta dirurik ere. Baina oharkabean, marka handi horiek baliatutako patroiak eta koloreak gainean eramaten ditugula gero. Hala azaldu dute, Who are the Devils Wearing Prada in New York City? izenburua duen artikulu batean.

Irudia: Pasarelako arropak badu antzik kalekoarekin, askotan hala iruditu ez arren. (Argazkia: Peter Duhon / CC BY 2.0)

Irudia: Pasarelako arropak badu antzik kalekoarekin, askotan hala iruditu ez arren.
(Argazkia: Peter Duhon / CC BY 2.0)

Hain zuzen ere, New York hartu dute oinarri garatu duten eredu matematikoa frogatzeko, hiri horrek modarekin lotura estua duela eta. Ikertzaileok alderatu egin dituzte hango moda desfileetan eta kaleetan janzten diren arropak, pasarelak jende arruntarengan eraginik ba ote duen argitzeko. Zehazki, New Yorkeko 2014 eta 2015eko Moda Asteetako ia zortzi mila argazki bildu dituzte, batetik; eta urte horietan bertan, apiriletik uztailera kalean ateratako mila argazki pasatxo, bestetik.

Alderaketa ez da, besterik gabe, bisuala izan. Izan ere, ordenagailu bidezko matematika eredu bat garatu dute, konparazio objektiboa egiteko. Horretarako, gorputzaren atalak identifikatzeko ahalmena txertatu diote ereduari. Gainera, hirurogei janzkera ezaugarri bereizi eta sailkatzeko moduan prestatu dute: gerritik gorako edo beherako arropaz ari garen, gona edo galtzak diren, lepoak zer forma duen, osagarriak ba ote dauden, jantzia zer koloretakoa den, estanpaturik ba ote duen… Horiek guztiak kontuan hartzeko ahalmena du programak.

Hori horrela, bateko eta besteko argazkiei matematika eredua aplikatuta, ikertzaileok ikusi dute antzekotasun handiak daudela. Hau da, kaleko arropak ere pasarelen iturritik edaten duela, nahiz eta guk lehen begiratuan halakorik antzeman ez. Esaterako, artikuluan azaltzen denez, 2014tik 2015era, pasarelan ugaritu egin ziren tirantedun kamisetak eta gerritik gorako arropa marraduna. Koloreei dagokienez, urdina indartu zen gerritik beherako jantzietan; eta urdina bera, ziana eta gorria gerritik gorakoetan. Bada, ezaugarri horiek guztiak maizago ikusi ziren kalean ere 2015ean, ikertzaileek esku artean zituzten argazkiekin egin zuten alderaketa matematikoaren arabera.

Bideoa: Devil Wears Prada filmeko eszena honek ondo islatzen du modaren industriak kaleko arropan duen eragina.

New Yorkeko modeloek eta jende arruntak eramaten duten arropak ezaugarri bertsuak ditu maiz, horrenbestez. Baina ikerketa honetan alde handia antzeman duten kasuetan, nagusiki faktore zehatz batek eragin ditu desberdintasunak: eguraldiak.

Esaterako, 2014an kalean ateratako argazkietan, ugariagoak dira mahuka luzeak eta berokiak. Hain zuzen, azken hamar urteotako udarik hotzena izan zen urte hartakoa New Yorken. Bestetik, oro har, pasarelan gerritik beherako arropa iluna izan ohi da, eta gerritik gorakoa argiagoa. Kalean, ordea, udan, jendeak kolore argiak eraman ohi ditu galtzetan zein elastikoetan. Hain zuzen ere, pasarelan ez bezala, kalean ez dagoelako aire egokiturik, eta arropa argiak freskoago mantentzen dira egun beroenetan.

Erreferentzia bibliografikoa:
Who are the Devils Wearing Prada in New York City? KuanTing Chen et al. Cornell University Library, 1 September 2015. doi: 10.1145/2733373.2809930

———————————————————————————-

Egileaz: Amaia Portugal (@amaiaportugal) zientzia kazetaria da.

———————————————————————————-

Eman iritzia

You may use these HTML tags and attributes: <a href="" title=""> <abbr title=""> <acronym title=""> <b> <blockquote cite=""> <cite> <code> <del datetime=""> <em> <i> <q cite=""> <s> <strike> <strong>