Maria Jesus Esteban, ohorezko matematikari euskalduna

Javier Duoandikoetxea

Euskal Herriko Unibertsitateak Maria Jesus Esteban eta Carlos Kenig matematikariak honoris causa doktore izendatuko ditu martxoaren 4an. Maria Jesusen kasua berezia da orain arte UPV/EHUk izendatu dituen honoris causa doktoreen artean, unibertsitate honetan bertan hasi baitzuen zientziaren gailurrerako bidea.
Maria Jesus Esteban-2

1. irudia: Maria Jesus Esteban matematikaria (Argazkia: © Izaskun Lekuona. Iturria: Mujeres con Ciencia)

Maria Jesus Esteban Galarza 1956an jaio zen Alonsotegin, bere amaren familiaren herrian. Gurasoak maisu-maistrak ziren Burgosko Pedrosa de Valdeporres herrian eta han jaio zitzaizkien beste alaba biak. Bertan bizi izan ziren, harik eta eskolaz aldatu eta 1963an Basaurin finkatu arte.

Bilbo Handiko hegoaldeko herri industriala izanik, Basauriko populazioa asko handitu zen XX. mendean zehar eta bereziki 1950etik aurrera. Handitzen ari zen Basauri hartan hazi zen Maria Jesus eta han egin zituen eskola eta institutu-ikasketak.

Unibertsitate-ikasketak hasi behar zituenean Matematikako lizentziatura aukeratu zuen Bilboko Unibertsitatean [1]. Bost urteko ibilbidea baino ez zuen unibertsitateak 1973an eta orain baino are urrunago zirudien Leioako campusean urte bi lehenago hasi ziren eskolak. Hala ere, izen handiagoko unibertsitate baten bidea hartu beharrean, hemen geratu zen Maria Jesus.

Frankismoaren hondar-urteak eta Francoren osteko lehenak egokitu zitzaizkion Maria Jesusi unibertsitatean. Urte gatazkatsuak ziren: asanbladak, manifestazioak, ikasle eta irakasleen grebak, polizia campusean… Giro horretan murgilduta egon arren, karrera bikain egin zuen eta 1978an lizentzia lortu zuen. Ez zen ohikoa izaten matematika ikasleen artean karrera amaierako tesina egitea. Maria Jesusek egin zuen: Formalketa eta errigorearen sarrera analisian. XIX. mendea zuen izenburua. Hura izan zen euskaraz egin zen lehen tesina matematikan.

2. irudia: Maria Jesus Estebanen tesina, matematikan euskaraz idatzi zen lehena.

2. irudia: Maria Jesus Estebanen tesina, matematikan euskaraz idatzi zen lehena.

Ikastolek urte batzuetako ibilbidea izan arren, ez zen ia euskaraz egiten unibertsitatean. Euskaltzale batzuek egoera aldatzeko eta euskara geletara eroateko gogoa erakutsi zuten. Ez zegoen inora eskean joaterik, zientzia euskaraz egingo bazen, zientzia eta euskara zekitenek lanari ekitea beste biderik ez zegoen. Alde horretatik, 1970eko hamarkada garrantzitsua izan zen: Udako Euskal Unibertsitatearen lehen urteak ziren, Elhuyar taldea lanean ari zen Donostian, Kimika Fakultatean klase batzuk euskaraz ematen hasi ziren eta Zientzi Fakultateko Euskal Kultur Taldean zenbait irakasle eta ikasle bildu ziren.

Basauriko gau eskolan ikasi zuen euskara Maria Jesusek eta unibertsitatean matematika euskaraz egiteko asmoari lotu zitzaion. Fakultateko taldeetan lanean aritu zen eta, horren eraginez, 1977tik UEUn parte hartu zuen hitzaldiak emanez. Urte horretan bertan lehen liburuak atera zituen UEUk eta hurrengo urterako Espazio topologikoak liburua prestatu zuten Maria Jesusek eta karrerako beste bost ikaslek, denak emakumeak. Liburu hori izan zen unibertsitate mailako lehen matematika liburua euskaraz.

3. irudia: Ezkerrean Espazio topologikoak (UEU, 1978). Egileak: Edurne Biritxinaga, Begoña Carrascal, Mari Carmen Castillo, Maria Jesus Esteban, Arantza Laborda eta Mari Jose Zarate. Eskuinean Neurria eta integrazioa (UEU, 1981). Egileak: Javier Duoandikoetxea eta Maria Jesus Esteban.

3. irudia: Ezkerrean, Espazio topologikoak (UEU, 1978). Egileak: Edurne Biritxinaga, Begoña Carrascal, Mari Carmen Castillo, Maria Jesus Esteban, Arantza Laborda eta Mari Jose Zarate. Eskuinean, Neurria eta integrazioa (UEU, 1981). Egileak: Javier Duoandikoetxea eta Maria Jesus Esteban.

Jakintza arlo bakoitzeko oinarrizko hiztegia lantzen hasi ziren. Matematika hiztegiaren proiektua 1978an abiatu zen eta 1982an argitaratu zuen UZEIk. Harrezkero, finkatuta geratu ziren gaur egun matematikan erabiltzen ditugun termino asko.

Egitasmo horren bultzatzaileek talde bat bildu zuten eta hasierako zuzendari gisa Karlos Santamaria aritu zen. Hala ere, Maria Jesusen itzala nabarmendu zen taldean eta berarengan jarri zuten koordinazio ardura. Honela kontatzen dute hiztegiaren hitzaurrean: “azken fase batean, elkarren arteko akordioz, Maria Jesus Esteban arduratu izan da hiru mailetako artikulu guztien eduki zuzenketaz, erreferentzi ikurren ezarpenaz eta gorputz osoaren uniformatze lanaz”.

5. irudia: Matematika hiztegia (UZEI, 1982). Lehen tomoak terminoen definizioa eta 74 artikulu luze dakartza. Bigarrenak euskara-espainiera-frantsesa-ingelesa hiztegia.

4. irudia: Matematika hiztegia (UZEI, 1982). Lehen tomoak terminoen definizioa eta 74 artikulu luze dakartza. Bigarrenak euskara-espainiera-frantsesa-ingelesa hiztegia.

Hori guztia, ez dezagun ahaztu, Parisen tesia egiteak eskatzen zion dedikazio handiarekin uztartu behar izan zuen Maria Jesusek, ordenagailu eta posta elektronikorik ez zegoen garaian. Gaur egun matematika eta euskara batera ikustea hain arrunt egin zaigunean, gogora dezagun duela 35 urte jarri zizkiguten oinarri haien zordun garela.

Maria Jesusek ez zuen matematikaz bakarrik idatzi euskaraz: Pariseko talaiatik, Anaitasuna aldizkarian “nazioarteko kronika” eman zuen. Guztira 42 artikulu izan ziren, munduko hainbat herrialderi eskainiak. Euskaltzaindiaren web guneko Anaitasunaren hemeroteka digitalean daude denon eskura.

Maria Jesus Estebanek matematika euskaraz egiteko hain garrantzitsu izan ziren lehen urte haietan utzi zigun ondarea ikusi dugu. Gero Parisen egin zuen tesia eta han geratu zen Frantziako CNRSko ikertzaile modura, hasieran Pierre et Marie Curie unibertsitatean eta gero Paris-Dauphine unibertsitatean, non Directrice de Recherche de classe exceptionnelle maila gorena duen. Ikerketa lanez gain, garrantzi handiko erakunde eta batzordeetako buru eta kide da eta izan da. Oraintxe bertan ICIAMeko presidentea da. ICIAM Matematika Industrial eta Aplikatuen Nazioarteko Kontseilua da. Hori guztia eta askoz gehiago ikus daiteke, Maria Jesusen web gunea bisitatuz.

Zenbait elkarrizketa:

Oharrak:

[1] Universidad de Bilbao izena zuen unibertsitateak eta ez zuen euskal izenik. 1968an sortu zen, barrutirik gabe. Hurrengo urtean, Bizkaiko probintzia hartu zuen barruti modura. Gipuzkoa eta Araba 1977an bildu zituzten unibertsitate-barrutira. Azkenik, 1980ko otsailean izena aldatu zioten, Universidad del País Vasco/Euskal Herriko Unibertsitatea bilakatuz.

——————————————-
Egileaz: Javier Duoandikoetxea Analisi Matematikoko Katedraduna da UPV/EHUn.

——————————————-

Iruzkin 1

Eman iritzia

Zientzia KaieraZientzia Kaiera

Maria Jesus Estebani Berrian elkarrizketa egin zioten ere, haren izendapena zela eta. Hona hemen Jon Rejado kazetariak matematikariarekin izandako elkarrizketa: «Matematiken dibulgazioak ez du aitortzarik; aintzat hartu behar da».

Eman iritzia

You may use these HTML tags and attributes: <a href="" title=""> <abbr title=""> <acronym title=""> <b> <blockquote cite=""> <cite> <code> <del datetime=""> <em> <i> <q cite=""> <s> <strike> <strong>