Kameleoien trikimailua

Juan Ignacio Pérez eta Miren Bego Urrutia

Hotza

———————————————————————————————————–

Tenperaturak animalien jardueran izan dezakeen eragina garrantzi handikoa izan daiteke. Erreakzio kimikoak oro dira tenperaturaren menpeko. Beraz, tenperaturaren menpekoak dira erreakzio kimikoetan oinarritzen diren funtzioak ere; horren adibideak dira elikagaien xurgapena eta muskuluen uzkurketa, besteak beste. Hortaz, ingurune-tenperatura apalek mugatu ditzakete animalia poikilotermoek egin ditzaketen mugimenduak, eta horrek garrantzi handiko ondorioak izan ditzake; esate baterako, harrapakin bat atzeman ahal izateko edo harrapari batengandik ihes egin ahal izateko ezinbestekoak izan daitezke mugimendu horiek.

Hain mugagarri gerta daitekeenez, animalia poikilotermo askok, neurri batean bederen, menpekotasun termiko hori murrizteko gaitasuna garatu dute. Hau da, animaliaren funtzioen eta metabolismoaren menpekotasun termikoa itxaron litekeena baino apalagoa izatea lor dezakete hemen zehaztuko ez ditugun zenbait mekanismoren bitartez. Horri esker, jakina, espezie horien txoko ekologikoa zabal daiteke, batez ere lehorreko animaliak badira, lehorrean tenperatura-aldaketa bortitzagoak eta handiagoak gertatzen baitira ur-medioetan baino.

chameleon-540655_1280

1. irudia: Kameleoia muskerraren antzeko narrastia da, mihi-luzea, dabilen lekuko kolorearen arabera azalaren kolorea alda dezakeena.

Aipatu menpekotasun termikoaren apaltze horrez gain, tenperaturaren aldagarritasunaren eragin zuzena ekiditeko bestelako taktikak garatu dituzte animalia batzuek, eta hemen horietako bat ikusiko dugu. Kameleoiek garatu duten “trikimailuaz” arituko gara hurrengo lerroetan.

Kameleoiak, beste narrasti guztiak bezala, poikilotermoak dira, baina oso txoko ekologiko zabala dute, batez ere haien antzekoak diren muskerrekin erkatzen baditugu. Kameleoiak, “eseri-eta-itxaron” motako harrapariak dira. Mugitzen geldoak dira, eta gainera, kriptiko samarrak, oso ondo kamuflatzen baitira dauden inguruan; horri esker, balizko harrapakinak ez ohi dira ohartzen haien presentziaz. Harrapakinak ehizatzeko oso prozedura berezia dute: mihiaren jaurtitze balistikoa. Kameleoien mihiaren jaurtitze-irudiak gogoan ditugu gehienok, seguru aski, telebistako dokumentaletan askotan agertu baitira. Oso azkar jaurtitzen dute mihia; gorputzaren luzeraren bikoitza izan daitekeen arren, 0’07 segundotan luza dezakete (400 ms-2-ko azelerazioa). Ezagun denez, gai itsaskorra dute mihian eta bertan geratzen dira itsatsita mihiak jotzen dituen intsektuak. Horixe da, hitz gutxitan, kameleoien ehiza-prozedura.

chameleon-1154457_1280

2. irudia: Kameleoiek mingain bizkorra dute, eta askotan gorputzaren luzera gaindi dezake honek. Mingainaren punta itsaskorra da eta intsektuak osorik harrapatu eta jan egiten dituzte.

Esan bezala, oso txoko ekologiko zabala dute kameleoiek, tenperatura-tarte zabaletan ehizatzeko ahalmena dutelako. Ahalmen hori mihiaren mugimenduaren izaerari dagokio; izan ere, mihia luzatzeko mugimendua ez baita muskuluek eragina, mihiaren kolagenozko osagai elastikoek baizik. Dirudienez, mihia biltzeko mugimendua muskularra da baina gero, luzatzen denean, askatu egiten da lehenago biltzean sortu den tentsioa. Nolabait esatearren, baleztaren funtzionamenduaren antzekoa da kameleoiaren mihiarena. Mihia biltzea, balezta bandatzearen moduko eragiketa da; gero, bandatuta egonik, askatzea besterik ez dago. Horri esker, mihia luzatzeak, mihia jaurtitzeak, ez du menpekotasun termiko handiegirik erakusten: 10 °C-ko beherakada batek mihiaren abiaduraren eta potentziaren % 10-20 jaitsiera dakar bakarrik, baina muskuluen uzkurtzearen abiadura eta potentzia % 40 baino gehiago beheratzen da tenperatura-jaitsiera beraren ondorioz. Hau da, tenperatura apalegiek ez dute gehiegi murrizten mihia luzatzearen abiadura, bai ordea askatu osteko biltzearena. Baina intsektuak ehizatzeko orduan, mihia jaurtitzea da gakoa.

Trikimailu ederra kameleoiek erabiltzen dutena! Horri esker oso tenperatura desberdineko tokietan bizi daitezke eta, gainera, goiz goizetik ehiza dezakete toki hotzetan, haien antzekoak diren beste narrastiek, hotzak eraginda, ezin egin dezaketena.

—————————————————–

Egileez: Juan Ignacio Pérez Iglesias (@Uhandrea) eta Miren Bego Urrutia Biologian doktoreak dira eta UPV/EHUko Animalien Fisiologiako irakasleak.

—————————————————–

Artikulua UPV/EHUren ZIO (Zientzia irakurle ororentzat) bildumako Animalien aferak liburutik jaso dugu.

Eman iritzia

You may use these HTML tags and attributes: <a href="" title=""> <abbr title=""> <acronym title=""> <b> <blockquote cite=""> <cite> <code> <del datetime=""> <em> <i> <q cite=""> <s> <strike> <strong>