Nekazaritza ekologikoa konbentzionala baino hobea al da ingurumenarentzat?

Josu Lopez-Gazpio

Munduko biztanleria handitzen doan neurrian, nekazaritza intentsiboa ere hedatzen doa munduko txoko guztietara. Horren aurrean, geroz eta gehiago dira dietak ingurumenean dituen eraginak kontuan hartu eta txikitu nahi dituzten kontsumitzaileak. Hori egiteko aukera hori duten kontsumitzaileak haien dietak eragiten dituen kalteak murritzen saiatzen dira eta, gehienetan, nekazaritza ekologikoa -edo organiko delakoa- ikusten dute kalteen murrizketa lortzeko bide bakartzat. Inkesten arabera, produktu ekologikoak kontsumitzen dituztenen gehiengoak osasunagatik eta ingurumenagatik egiten dute aukeraketa hori.

1. irudia: Nekazaritza ekologikoa eta konbentzionala, polarizatutako eztabaida, baina, argi-ilun asko dituena. (Argazkia: wobogre – domeinu publikoko irudia. Iturria: Pixabay.com)

Bada, eztabaida horren aurrean, Clark eta Tilman ikertzaileek 2017an ikerketa mamitsu baten ondorioen berri eman zuten, urtetan zehar 742 nekazaritza sistema aztertu ondoren. Gaian sartu aurretik, komeni da definitzea zer den nekazaritza ekologikoa eta zer nekazaritza konbentzionala; izan ere, herrialde bakoitzean arau desberdinak daude bereizketa hori egiteko. Oro har, nekazaritza ekologiko moduan ulertu behar da osagai sintetikorik ez dela erabiltzen edo, behintzat, araututako substantzia gutxi batzuk erabiltzen direla ekoizpenean. Jakina, horrek ez du esan nahi substantzia kimikoak erabiltzen ez direnik nekazaritza ekologikoan. Ikerketaren emaitzak nekazaritza mota bakoitzak ingurumenean duen eragina soilik aztertzen duenez, esan behar da osasunari dagokionez ez dagoela desberdintasun aipagarririk. Ez da frogatu produktu ekologikoek nutriente gehiago dituztenik edo osasunarentzat hobeak direnik. Hori bai, nekazaritza konbentzional bidez ekoiztutako produktuetan pestiziden kontzentrazio handiagoak aurkitu dira. Edozein kasutan, frogatuta dago pestizida kontzentrazio horiek ez dutela osasun kalterik eragiten, Munduko Osasun Erakundeak (MOE) ezarritako mugen azpitik egoten baitira elikagaietan.

Datuen garrantzia

Nekazaritza ekologikoaren eta konbentzionalaren arteko konparaketa egitean -eta, oro har, edozein konparaketa modu zientifikoan egin nahi denean-, kontuan izan behar da kasu isolatuek ez dutela ezer adierazten. Beti egongo dira kasu partikularrak edozer frogatzeko, baina, aipatutako ikerketaren garrantzia horretan datza: meta-analisiak nekazaritza sistema asko eta asko aztertu ditu, modu objektibo eta definituan, aurreiritzirik gabe.

Clark eta Tilmanek sei elikagai talde ikertu zituzten: frutak, zerealak, barazkiak, lekaleak, esnea eta arrautzak -bi horiek talde berean- eta haragia. Ingurumen eraginak ere honako talde hauetan sailkatu zituzten: negutegi efektuko gasen ekoizpena, lurraren erabilera, azidotzea, eutrofizazioa -gehiegizko ongarri erabilpenarekin lotua- eta energia erabilera. Gainera, ez zuten nekazaritza etapa bakarrik kontuan hartu, alegia, elikagaiaren bizi-ziklo osoa aztertu zuten ingurumen eraginak aztertzean. Esan bezala, guztira 6 elikagai talde eta 5 ingurumen eragin aztertu zituzten. 30 aukera horietatik, 3 kasutan nekazaritza ekologikoaren ingurumen eragina txikiagoa da, 14 kasutan nekazaritza konbentzionala da ingurumena gehien zaintzen duena eta beste 13 kasuetan bien eragina antzekoa da. Metodo organikoak hobeak diren kasuak hauek dira: frutak landatzean negutegi efektuko gasen ekoizpenean, eta zereal, arrautza eta esnearen ekoizpenean energia kontsumoaren kasuan.

2. irudia: proteinen kontsumoari dagokionez, haragi ekoizpenak du ingurumen eragin handiena (nekazaritza ekologikoa zein konbentzionala izan). (Argazkia: 3dman_eu – domeinu publikoko irudia. Iturria: Pixabay.com)

Konbentzional-ekologiko eztabaidan, zenbait ondorio

Esandakoaren ildotik, hiru puntu garrantzitsu hartu behar dira kontuan nekazaritza ekologikoaren eta konbentzionalaren arteko eztabaidan. Lehenik eta behin, argi izan behar da ez dela zuzena pentsatzea elikagai organikoak izatez hobeak direla edo ingurumenarentzat hobea dela nekazaritza mota hori. Datuen arabera, nekazaritza ekologikoak konbentzionalak baino eragin kaltegarriagoa du aztertutako esparru gehienetan. Bigarrenik, nekazaritza intentsiboaren eta ekologikoaren arteko eztabaida oso polarizatuta badago ere, ulertu behar da zenbait egoeratan bat bestea baino hobea izan daitekeela eta beste egoera batzuetan alderantziz izan daitekeela. Kasuak banan-banan aztertu behar dira, eta ezin da esan, ekologikoa edo konbentzionala, zein den bietan onena. Oro har, datuen arabera, frutak landatzeko bide organiko-ekologikoak hobeak dira eta gainontzekoen kasuan zerealak, barazkiak, haragia, arrautzak eta esnea, aldiz, konbentzionala.

3. irudia: Ingurumen kalteak murriztu nahi badira, garrantzitsuena ez da jaten duguna nola ekoiztu den, baizik eta zer jaten dugun. (Argazkia: Andy333 – domeinu publikoko irudia. Iturria: Pixabay.com)

Azkenik, garrantzitsua da konturatzea konbentzional-ekologiko eztabaidan oinarrituta gure dietan aukeraketak egiten ditugunean, ahaztu egiten dela ingurumenean eragin handiena izango duten erabakiak aztertzea. Askoz ere garrantzitsuagoa da zer jaten den pentsatzea, eta ez hainbeste jaten den hori nola ekoiztu den. Oro har, nekazaritza ekologikoan ekoiztutako produktu baten eta modu konbentzionalean ekoiztutako produktu beraren arteko ingurumen eraginaren desberdintasuna txikia izaten da -gehienez bikoitza izaten da, kasurik argienetan-. Alabaina, proteinak haragitik eskuratzearen eta laboreetatik eskuratzearen arteko ingurumen eragina ehun aldiz handiagoa da. Hortaz, zure txuletaren ondoan dauden patata frijituak ekologikoak diren ala ez pentsatzen denbora pasatzen duzun bitartean, ez duzu pentsatzen -agian, ez duzulako nahi- ingurumen eragin handiena txuletak berak duela.

Informazio osagarria:

—————————————————–
Egileaz: Josu Lopez-Gazpio (@Josu_lg) Kimikan doktorea eta zientzia dibulgatzailea da. Tolosaldeko Atarian Zientziaren Talaia atalean idazten du eta UEUko Kimika sailburua da.
—————————————————–

Eman iritzia

You may use these HTML tags and attributes: <a href="" title=""> <abbr title=""> <acronym title=""> <b> <blockquote cite=""> <cite> <code> <del datetime=""> <em> <i> <q cite=""> <s> <strike> <strong>