Piper minek eta zitrikoek obesitatearen aurka duten efektua gutxitu egiten da biak konbinatuz gero

Dibulgazioa · EHUko ikerketa

Piper minek kapsaizina dute eta zitrikoek hesperidina. Bi konposatuok onuragarri dira gantz metatzeari eta sindrome metabolikoari loturiko gaitzei aurre egiteko. Biak konbinatzean, ordea, murriztu egiten dira dituzten eragin onuragarriak.

Irudia: piper minek eta zitrikoek obesitatearen aurka duten efektua gutxitu egiten da biak konbinatuz gero, arratoiekin egindako ikerketaren arabera.

Kapsaizina eta hesperidina bereizita harturik odolaren profil lipidikoa hobetzea, lipido hepatikoak gutxiago metatzea eta esteatohepatitis ez alkoholikoa prebenitzea lortu da mendebaldeko dietaz elikaturiko arratoietan. Bi konposatuak konbinatzean, ostera, murriztu egiten dira bakarka dituzten eragin onuragarri horiek, baita desegin ere. Horixe izan da Andrea Mosqueda Solisen doktorego-tesiko ondorioetako bat.

Bi ikuspegi landu dira ikerketan:

  1. In vitro azterketak, non 15 konposatu fenoliko miatu diren, dosi desberdinetan emanda, adipogenesian (ehun adiposo edo gantzaren eraketan) izan ditzaketen eraginak aztertu eta konparatzeko.
  2. In vivo aplikazioa, non hesperidinaren efektu potentzialak (konposatuak dituen efektu antiadipogenikoengatik in vitro azterketetatik hautatua) eta baita kapsaizinarenak ere (literatura zientifikoan oinarritutako bilaketa zabal baten ondoren hautatua, konposatuak dituen efektu termogenikoengatik) ebaluatu diren.

Konposatuak bereizita eta konbinaturik errepikatu dira bi faseak, dieta obesogenikoarekin elikatutako arratoietan obesitatea eta alterazio metabolikoak prebenitzeko eraginak aztertzeko.

Efektu antiadipogenikoari dagokionez, flabanonak (naringenina eta hesperidina) eta flabonol quercetina direla konposatu fenoliko indartsuenak egiaztatu zen lehen fasean eta baita efektu antiadipogenikoa eragiten duen mekanismoa ez dela zehazki berbera izaten konposatu fenoliko guztietan.

Bigarren fasean behatu zenez, mendebaldeko dieta jarraituta elikaturiko arratoiei emandako kapsaizina tratamenduak obesitatearen aurkako babes-fenotipo bat induzitzen du, gorputz gantzaren eratzea murriztu eta intsulinarekiko erresistentzia prebenitzeaz gain. Hesperidinak, aldiz, efektu urriak ditu gorputz-gantza metatzearen aurka eta ez du ageriko efekturik intsulinarekiko erresistentzian.

Ikerketan ez da efektu gehigarririk behatu bi konposatu bioaktiboak konbinatzean, ezta kapsaizinaren efektuen behaketak azalerazi duen parekorik. Gantz metatzearen prebentziorako kapsaizinak duen eragina azaldu daiteke, hein batean behintzat, gantz-ehuneko lipidoen metabolismoan dituen efektuengatik, batez ere, lipogenesiaren inhibizio efektuagatik. Kapsaizina eta hesperidina konbinatzeak ez zuen kapsaizina bakarka behatutakotik bestelako efektu gehigarririk sorrarazi.

Horretaz gain, beste ondorio bat behatu da ikerketan: mendebaldeko dietarekin elikaturiko arratoiei hesperidina bakarrik emanez gero, efektu hipotentsoreak nabarmendu egiten dira eta neurri apalagoan sortzen da efektu hori kapsaizina bakarrik edo hesperidina eta kapsaizina konbinatzean.

Iturria: UPV/EHU prentsa bulegoa: Piper minak eta zitrikoak konbinatuz gero, murriztu egiten dira obesitatearen aurka dituzten efektuak

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko.Beharrezko eremuak * markatuta daude.