Asko edateak ajea eragingo ez balu…

Dibulgazioa · Kolaborazioak

Guztiok -edo ia guztiok- ezagutu ditugu alkohol asko edatearen ajearen ondorioak. Buruko mina, deshidratazioa, nekea, goragalea, botagura eta antzeko sintomak izan ohi ditu larunbataren biharamunak, tamalez. Alabaina, jakina da alkohol kontsumoa ez dela ona eta frogatuta dago ez dagoela onuragarria edo gomendagarria den alkohol kontsumo mailarik, baina, oraingoaren ere alkoholaren ajearen zergatia kimikan dago.

1. irudia: Edari alkoholdunen gehiegizko kontsumoak ajea eragiten du biharamunean. Alkoholaren ajeak hainbat sintoma ekar ditzake, eta etanolaren metabolismoaren ondorio dira. (Argazkia: SocialButterflyMMG – domeinu publikoko irudia. Iturria: pixabay.com)

Kimika oinarri hartuta, era berean, Duo Xuo eta bere kolaboratzaileek ajearen ondorioak murrizteko antidotoa bilatzen ari dira. Lehen pausoak ere eman dituzte. Argitaratu berri duten ikerketa baten emaitzen arabera, organismoak berak dituen entzimak dituzten nanokapsulak erabiliz asko edatearen ondorioz agertzen diren sintomak nabarmenki murriztu daitezke. Oraingoz, saguetan bakarrik egin dira lehen saiakuntzak, baina, diotenez, etorkizun oparoa izan dezaketen emaitzak lortzen ari dira.

Zer da, baina, alkoholaren ajea?

Ikuspuntu kimiko zuzenetik, edari alkoholdunek duten alkohola etanola da -CH3CH2OH formula molekularra duena-. Edari batek duen etanol edukia kalkulatzeko, jakin behar da botilan «alc. %6 vol» jartzen badu edariaren 100 mL-tan 6 mL etanol putu daudela. Kalkuluak behar bezala eginez, edandako bolumena eta alkohol-maila ezagututa, guztira irentsi dugun etanol kantitatea kalkula dezakegu. Etanolak hainbat eragin ditu organismoan, esaterako, deshidratazioa, lo falta, sistema endokrinoaren asaldura eta sistema kardiobaskularrean aldaketak.

Etanola gibelean metabolizatzen da alkohol deshidrogenasa deritzon entzimari esker. Alkohol deshidrogenasari esker, etanoletik azetaldehidoa ekoizten da. Azetaldehidoa konposatu toxikoa da eta alkohol kontsumoaren albo ondorio gehienen erantzulea da. Era berean, aldehido deshidrogenasa -ALDH- entzimak azetaldehidoa metabolizatzen du, gorputzeko zelulak kaltetu ez daitezen. ALDHri esker, azetaldehidoa desagertu eta azetatoa agertzen da. Azken horren toxikotasuna baxuagoa da eta, hortaz, kalte gutxiago eragiten ditu.

2. irudia: Ajea ezin da guztiz desagerrarazi, baina, ajea arintzeko modu eraginkorren bila ari dira ikertzaileak. (Argazkia: Bridgesward – domeinu publikoko irudia. Iturria: pixabay.com)

Jakina, azetaldehidoa ez da edari alkoholdunak edatearen kausaz organismoan agertzen den molekula kaltegarri bakarra. Edariek hainbat eta hainbat konposatu dituzte, alkoholaren kideko deiturikoak. Horien kontzentrazioak eragin garrantzitsua du hurrengo eguneko ajean. Era berean, kideko horiek dira alkohol kantitate bera duten edari desberdinek aje handiagoa edo txikiagoa eragitearen erantzuleak. Garagardoak, adibidez, aje arinak eragin ohi ditu likoreekin alderatuz gero -alkohol kantitate berarentzat doituta ere-.

Ba al dago ajearentzat antidotorik?

Erantzun azkarra: ez. Ez dago modurik asko edatearen ajea guztiz desagerrarazteko. Igandean ez baduzu bezperako afari luzearen ondoriorik izan nahi, ez edan alkohola. Gorputzak eskertuko dizu. Alabaina, badira ikertzen ari diren zenbait alternatiba. Oro har, ALDH entzimaren jarduna azkartzea da ajearen ondorioak murrizteko modua. Ikusi denez, gorputzak duen berezko mekanismoa askatuz arintzen dira albo ondorioak. Esan bezala, alkohol deshidrogenasak etanola azetaldehido bihurtzen du -etanola baino toxikoagoa dena- eta, ondoren, ALDHk azetaldehidoa azetato bihurtzen du -toxikotasun baxukoa-. Prozesu horren abiadura zenbat eta azkarragoa izan, orduan eta tarte laburragoz egongo da azetaldehidoa odolean kalteak eragiten.

Duo Xu eta bere lankideek pauso garrantzitsu bat eman dute gehiegizko alkohol kontsumoaren albo ondorioak murrizteko irtenbidea bilatzeko ikerketetan. Haien helburua, jakina, ez da neurririk gabe edari alkoholdunak kontsumitzeko aukera ematea -edo hori ez da behintzat ikerketaren motibazioa-. Esaterako, baliagarria izan daiteke alkohol gaindosia jasan duten gaixoak tratatzeko. Erabili duten prozedura, oro har, erraza da azaltzen -egitea, beste kontu bat da-. Ikertzaileek organismoak berak dituen entzimak gibeleraino garraiatzeko modua aurkitu dute nanokapsulak erabiliz. Hiru entzima kapsulatu dituzte -azetaldehido deshidrogenasa, katalasa eta alkohol oxidasa- eta horien funtzioa etanol eta azetaldehido kontzentrazioa murriztea da.

Nanokapsulak saguen odolean injektatuz, lortu dute entzimak modu eraginkorrean gibelera iristea eta bertan haien lana egitea. Frogatu dutenez, odoleko alkohol maila %45 murriztu zen sagu horietan eta azetaldehido kontzentrazioa maila oso baxuan mantentzea lortu zuten. Bi konposatu toxiko horien kontzentrazioa murriztuz, etanolaren ondorioak arinagoak ziren eta saguak azkarrago esnatzen ziren mozkorraldiaren ondoren. Une honetan ikerketak aurrera jarraitzen du eta nanokapsulek gizakiongan izan ditzaketen eraginak aztertzen ari dira. Ikertzaileek espero dituzten emaitzak lortzen badira, edari alkoholdunen gehiegizko kontsumoak eragindako ajearen aurkako antidoto benetan eraginkorra izango genuke. Baita alkohol gaindosia tratatzeko modu eraginkorragoa ere. Bien bitartean, etanola neurriz hartzen jarraitu beharko da. Hobe beharrez.

Erreferentzia bibliografikoa

D. Xu eta al., (2018). A Hepatocyte‐Mimicking Antidote for Alcohol Intoxication, Adavanced Materials, Vol. 30, No. 22, 1707443. DOI: https://doi.org/10.1002/adma.201707443

Informazio osagarria


Egileaz: Josu Lopez-Gazpio (@Josu_lg) Kimikan doktorea eta zientzia dibulgatzailea da. Tolosaldeko Atarian Zientziaren Talaia atalean idazten du eta UEUko Kimika sailburua da.

2 iruzkinak

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko.Beharrezko eremuak * markatuta daude.