Zenbat zelula ote daude giza gorputzean?

Dibulgazioa · Kolaborazioak

Ez da erraza “zenbat zelula ote daude giza gorputzean?” galderari erantzuna ematea, eta berez, duela gutxi hasi dira nolabaiteko fidagarritasuna duten estimazioak egiten: 2013.ean hasi ziren baina 2016.ean, zehatzago jokatu zuten, zientzialarien ustez ugarienak diren sei zelula moten estimazioak egitean. Sei zelula mota hauen artean daude zelula guztien %97a. Kalkulu hauek diote gutxi gorabehera 30 bilioi zelula daudela 70 kg-ko eta 170 cm-ko gizon gazte baten gorputzean. Antzeko ezaugarriak dituzten emakumeetan, antzeko kopuruak egon litezke.

zelula
Irudia: orotara, gizakiok 200 zelula tipo baino gehiago ditugu. (Ilustrazioa: Gerd Altmann / Creative Commons lizentziapean)

Globulu gorriak dira argi eta garbi zelula ugarienak. Gutxi gorabehera 26 bilioi daude gizonezkoetan eta balio horretatik behera daude andrazkoen kopuruak. Zelula guztien %84a dira. Plaketak ez dira hainbeste, baina ugariak dira edonola: %4.9a. Kontuan hartzen badugu leukozitoak ere badaudela, berehala jakin daiteke gorputzeko zelulen %90a direla odoleko zelulak. Azpimarratzekoa da plaketak nukleogabeak direla, eta beraz gorputzeko zelulen %90a (26 milioi) nukleogabea da.

Hezur-muinekoak ere garrantzitsuak dira kopuruari dagokionez: histologia-metodoak erabilita, ondorioztatu da 750.000 milioi zelula daudela muinean (%2.5). Oso ugariak dira era berean endotelio baskularreko zelulak, odol-zainak barrutik estaltzen dituztenak. Ez da erraza bere kopurua finkatzen, baina saio bat egin dute odolaren osoko bolumenetik abiatuta. Arteria, bena eta kapilarretatik dabil odola, eta tutu mota horietako bakoitzaren luzera finkatu dute bere lodiera ertainean oinarrituta. Ondoren, tutu horien barne azalera zehaztu dute, gero zenbaki hori endotelio-zelulen azalera ertainaz zatikatzeko. Horrela, badakigu 600.000 miloi direla (%2.1).

Immunitate-sistemako linfozitoak, gorputzeko zelulen %1.5a dira eta gibeleko hepatozitoak, %0.8a. Neuronak eta Glia zelulak nerbio-sisteman; azken horiek neuronen euskarri modura jokatzen dute neuronentzat. Garai batean pentsatu izan zen 10 aldiz Glia zelula gehiago zeudela, baina badirudi ez daudela hainbeste eta parean daudela Glia zelulak eta neuronak. Azken estimazioek diote gutxi gorabehera 85.000 milioi neurona daudela eta beste hainbeste Glia zelula. Guztira, gorputz osoaren %6 dira. Gainerako zelula motak are ehuneko txikiagoetan daude giza gorputzean.

Oso ikuspegi desberdina lor daiteke, baldin eta masa hartzen badugu kontuan, kopurua hartu beharrean. Gorputz-pisuaren %25a dira zelulaz kanpoko likidoak (odol-plasma eta likido interstiziala), eta %7a dira zelulaz kanpoko solidoak. Beraz, 46 kg zelula-masa dute, honela bananduta: 20 kg muskulu-zelula, 14 kg adipozito (gantz-deposituak), eta 3 kg globulu gorri. Gainerakoa 10 kg dira. Horrela bada, masen ehunekoak oso desberdinak dira, zeren eta zelula batzuek eta besteek oso bolumen desberdinak baitituzte.

Zer esanik ez, bakterioak ere baditugu batez ere kolonean, baina uste baino askoz ere gutxiago: gutxi gorabehera 38 bilioi, baina 200 g-ko pisua dute.

Erreferentzia bibliografikoa:

Sender R, Fuchs S, Milo R (2016). Revised Estimates for the Number of Human and Bacteria Cells in the Body. PLOS Biology, 14(8), e1002533. DOI: https://doi.org/10.1371/journal.pbio.1002533

Oharra: Nacho López Goñi mikrobiologoak bakterio kopuruari buruzko artikulu argigarri bat idatzi zuen.

Post scriptum: Zelula moten enbrioi-iturriari buruz gehiago jakiteko “Los tipos celulares humanos y origen embrionario” artikulua ikus daiteke eta berriztatze-frekuentziari buruz ¿Cada cuánto tiempo se renuevan las células de nuestro cuerpo? artikulua.


Egileaz:

Juan Ignacio Pérez Iglesias (@JIPerezIglesias) UPV/EHUko Fisiologiako katedraduna da eta Kultura Zientifikoko Katedraren arduraduna.

4 iruzkinak

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko.Beharrezko eremuak * markatuta daude.