Errusiar mendiak eta giltzurruneko harriak

Dibulgazioa · Kolaborazioak

David Wartinger mediku eta ikertzailearen zenbait gaixok gertakari harrigarri baten berri eman ziotenean hasi zen ikerketa. Wartingerrek hasiera batean nekez sinetsi zuen, baina, azkenean ikerketa martxan jartzea erabaki zuen. Gaixoek ziotenez, Disney World parkeko errusiar mendi batean ibili ostean, giltzurruneko harriak kanporatzea lortu zuten. Are gehiago, gaixo batek Michiganeko Estatu-Unibertsitateko ikertzaileari ziurtatu zion Big Thunder Mountain Railroad errusiar mendian zenbait aldiz ibili ondoren hiru harri kanporatu zituela, bata bestearen segidan. Wartinger, metodo zientifikoari men eginez, errusiar mendi horrek giltzurrun-kalkuluetan zuen eragina aztertzen hasi zen eta ondorio bitxi batera iritsi zen.

1. irudia: Errusiar mendian ibiltzean gertatzen diren mugimendu bortitzekin giltzurrun-kalkuluak kanporatu zituztela esan zioten hainbat gaixok Wartinger medikuari. (Argazkia: Free-Photos – domeinu publikoko irudia. Iturria: pixabay.com)

Giltzurruneko harriak edo giltzurrun-kalkuluak giltzurrunean harrapatuta geratzen diren harriak dira eta haien konposaketaren arabera mota desberdinetakoak izan daitezke. Ohikoenak kaltziozkoak izaten dira; izan ere, kaltzioa gure dietako ohiko minerala da eta hezurretan zein muskuluetan behar ez den kaltzioa giltzurrunetara doanean agertzen dira. Arazorik ez dagoenean, kaltzio hori gernuaren bidez kanporatzen da, baina, zenbat kasutan kaltzio hori pilatzen joan daiteke hauspeakinak osatuz. Osatzen diren gatzak kaltzio oxalatozkoak eta kaltzio fosfatozkoak izaten dira. Beste giltzurrun-kalkuluek azido urikoa, zistina eta estrubita izan dezakete.

Zenbait kasutan kalkuluak modu espontaneoan kanporatzen dira, baina, beste zenbait kasutan tratemenduak behar dira harriak kanporatzeko -besteak beste, eta kalkulu motaren arabera, dieta aldatuz, sendagaiak hartuz edo ebakuntza eginez kentzen dira-. Soilik AEBetan urtean 300.000 larrialdi izaten dira giltzurrun-kalkuluekin lotuta. Hori gertatzen denean, harria kanporatzeko gaixoari posizioa aldarazten zaio, hidratatu egiten zaio edo gorputzari indarra egiten zaio harria kanpora dezan. Nolanahi ere, teknika horiek arrakasta aldakorra izan ohi dute.

Errusiar mendiaren eragina

Wartinger eta bere lankideen ikerketan hainbat gaixok esandakoa kontuan hartu zuten. Ziotenez, errusiar mendian ibili ondoren modu espontaneoan giltzurrun-kalkuluak kanporatzen zituzten eta, kasu gehienetan, jolas-parkeko atrakzio bera aipatzen zuten, hain zuzen ere, Big Thunder Mountain Railroad errusiar mendia. Atrakzioa hori tren motakoa da, eta ez da Orlandoko Disney World jolas-parkeko atrakziorik modernoena, ezta azkarrena ere. 56 km/h da bere gehienezko abiadura eta ez du kanpai-bueltarik ematen, alegia, bidaiariak ez dira buruz behera jartzen.

2. irudia: Big Thunder Mountain Railroad errusiar mendiaren irudia, Orlandoko (Florida) Walt Disney Wolrd parkean. (Argazkia: Sam Howzit – CC BY 2.0. Iturria: flickr.com)

Ikerketa egiteko zientzialariek silikona gardenezko giltzurrunaren eta ureterraren hiru dimentsiotako eredua egin zuten -ureteroskopiak eta renoskopiak simulatzeko erabiltzen direnenen antzekoa- eta giltzurrun-kalkuluak jarri zituzten barruan. Tamaina desberdinetako harriekin egin zuten proba: 4,5 mm3, 13,53 eta 64,43 mm-koak, gernuan murgilduta. Harri horiek gaixo bati erauzitakoak ziren, esperimentuak baldintzarik errealenetan egiteko asmoz. Eredua motxila batean sartu eta atrakzioan ibili ondoren, kalkuluaren posizioa aztertu zuten ikertzaileek. Guztira 60 giltzurrun-kalkuluren posizioa aztertu zuten -20 bidaia eginez ereduan 3 harri jarrita-.

Datuak aztertuta, baieztatu ahal izan zuten gaixoek kontatzen zutena horrela zela. Hain zuzen ere, atrakzioan ibili ondoren kalkuluak kanporatzea probableagoa da. Are gehiago, atrakzioko trenean hartutako eserlekuaren arabera probabilitate hori aldatu egiten da. Aurrekaldeko eserlekuetan kalkuluen %16,7 kanporatzen da, baina, atzekaldekoetan %63,9. Probabilitate horiek emateko, kalkuluen tamaina eta giltzurrunean zuten posizioa aztertu zuten. Nolanahi ere, ondorioa argi da: Big Thunder Mountain Railroad errusiar mendian ibili ondoren giltzurrun-kalkulua kanporatzeko probabilitatea handiagoa da.

Hori kontuan hartuta, ikertzaileek gomendatzen dute giltzurrun-kalkuluak izan ostean geratzen diren kalkulu mikroskopikoak kanporatzeko errusiar mendian ibiltzea -intentsitate ertaina duena, hori bai-. Era berean, haurdun geratu nahi duten eta kalkulu txikiak dituzten emakumeentzat ere gomendatzen dute kaltzio eta D bitamina gehigarriak hartu behar badituzte. Gomendio horiek emanda, ikertzaileek ere haien lanaren mugak azaleratu nahi izan dituzte: giltzurrunaren silikonazko eredua erabiltzea, gaixo bakarraren giltzurrun-kalkuluekin esperimentatzea eta atrakzio bakarra aztertzea izan dira, zientzialarien iritziz, ikerketaren hutsune nagusiak. Hala ere, ikerketak argi utzi du errusiar mendiak -aztertutakoak behintzat-, eraginda baduela kalkuluen kanporaketan.

Ig Nobel saria

Wartingerrek eta Mitchellek, bere lankideak, lortutako emaitzak eta ondorioak 2016an argitaratu zituzten zientzia-komunitateari egindako lanaren berri emateko. Bi urte beranduago, ikertzaileek medikuntzako Ig Nobel saria jaso zuten egindako lanarengatik. Ig Nobel sariak Nobel sarien parodia modukoa dira, hasiera batean barregarriak diren ikerketei emandakoak, baina, bigarren irakurketan pentsarazi egiten duten ikerketak izan ohi dira. Wartinger bera egon zen saria jasotzeko ekitaldian eta ekitaldiaren ondoren egiten den saioan ere egon zen azalpenak ematen -bideoan, 18. minututik aurrera-.

Ig Nobel sariak, zalantzarik gabe, ikusgarritasuna eman dio Wartinger eta Mitchell ikertzaileen lanari eta, horri esker, ikerketek aurrera jarraitzea errazagoa izangoa da. Lortutako ondorioez gain, ikertzaileek beste gauza garrantzitsu bat erakutsi dute: hasiera batean gaixoek kontatutako anekdota hutsak benetako zientzia bihurtu dute. Orain bai, azalpen zientifikoekin argudiatuz, esan daiteke probableagoa dela giltzurrun-kalkulu bat kanporatzea Big Thunder Mountain Railroad errusiar mendian ibili ondoren.

Erreferentzia bibliografikoa

Mitchell, Marc A., Watinger, David D., (2016). Validation of a functional pyelocalyceal renal model for the evaluation of renal calculi passage while riding a roller coaster. The Journal of the American Osteophatic Association, 116, 647-652. DOI: https://doi.org/10.7556/jaoa.2016.128

Informazio osagarria


Egileaz: Josu Lopez-Gazpio (@Josu_lg) Kimikan doktorea, irakaslea eta zientzia dibulgatzailea da. Tolosaldeko Atarian Zientziaren Talaia atalean idazten du eta UEUko Kimika sailburua da.

2 iruzkinak

  • […] emandakoak, baina, gerora, asko pentsarazten duten ikerketak dira eta, noski, seriotasun osoa dute. Zientzia Kaieran Ig Nobel sarien beste adibide batzuk ere baditugu, ikerketei ikusgarritasuna emateko balio izaten dutenak. Batek daki Ig Nobel sariari esker […]

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko.Beharrezko eremuak * markatuta daude.