Hori zer den ez badakite ere, inurriek ‘berrogeialdia’ egiten dute

Dibulgazioa · Kolaborazioak

Inurrien portaera aztertuta, zientzialariek aurkitu dute intsektu hauek estrategia berezia garatu dutela onddo batek eragindako gaixotasun bati aurre egiteko: haien arteko kontaktua gutxitu egiten dute.

Liluragarria da naturarekin mirestea, baina are liluragarriagoa da ikustea nola antolatzen diren prozesu ugari, eta horien guztien atzean eboluzioaren “esku ikusezina” besterik ez dagoela egiaztatzea. Halakoa da ere intsektu sozialen unibertso txikia. Milaka organismo ñimiñoek adimen kolektiboa osatzen dute, konplexutasun handiko koloniak eratuz. Hala egin ohi dute erle arruntek, termitek eta, nola ez, inurriek ere. Baina atzean ez dago haien jarduna bideratzen duen inor.

1. irudia: Inurrien portaerak harridura sortu ohi du, antolaketa zentralik gabeko “gizarteak” eratzen dituztelako. Orain, zientzialariek aurkitu dute infekzioen aurkako erantzun kolektiboa dutela ere. (Argazkia: Guillaume de Germain / Unsplash)

Deborah M. Gordon biologoaren esanetan, inurriek “ez dute nagusi baten beharrik, eta inurri batek inoiz ez dio esango beste bati zer egin behar duen”. Hemen ere, eboluzioa da, noski, lidergorik gabeko portaera kolektibo hau gidatzen duen faktorea. Bereziki “usaina” da garrantzitsua inurrien antolaketan: zehazki, inurrien azalaren gainean sortzen diren hidrokarburo kutikular deritzenak. Inurri bakoitzak egiten duen atazaren arabera aldatzen da feromona mota hori; modu horretan, inurriak gai dira jakiteko beste inurriak zertan ari diren.

Horretan oinarritzen da, antza, aginte-estrukturarik gabeko antolakuntzaren miraria. Gordonek dioenez, inurriak aztertzen eman dituen 30 urtetan zehar konturatu da informazio hori funtsezkoa dela inurritegiaren antolakuntza egokian eta, ondorioz, kolonia bakoitzaren arrakastan pisu handiko faktorea dela. Modu berean, ibilbidea markatzeko inurriek erabiltzen dituzten beste hainba feromonek garrantzi handia dute.

Intsektu sozialetan aditu diren zientzialariek ondo ezagutzen dituzte portaera kolektibo hauen adierazpenak, baina badirudi arlo honetan ere oraindik badirela aurkitzeko dauden portaerak. Horren adibide da zabaldu berri duten adibide harrigarri bat: inurriek onddo batetik kolonia babesteko berrogeialdia egiten dutela aurkitu berri dute. Zehazki, inurri beltzean (Lasius niger) behatu dute portaera hori, gure artean gehien hedatuta dagoen espezietako bat, hain zuzen.

Udako arratsalde batean inurritegi bati begira minutu batzuk eman dituen edonork ondo daki zer konplexua den animalia hauen mugimendua, eta hori lurrazalean ikusten dena besterik ez da: barrualdean are konplexuagoa da kontua. Horregatik, eta inurritegia bere osotasunean ulertu ahal izateko, zientzialari talde batek ehunka inurri etiketatu ditu, beren-beregi prestatutako kodetze sistema baten bitartez. Bide hori jorratuta inurri bakoitzaren jarraipen automatikoa egin dute, eta ikusi dute patogenoak kolonia batean sartzen direnean, inurriek euren portaera aldatzen dutela, eta modu horretan gaixotasunaren hedapena galarazten dela. Ondorioztatu ahal izan dutenez, aldaketaren azken helburua da erregina, kumeak eta inurri langile gazteak gaixotasunarengandik babestea. Ondorio harrigarri hau Science aldizkarian agertutako zientzia artikulu baten bitartez azaldu dute.

Ezaguna da inurriek eta beste hainbat intsektu sozialek antolaketa sozial bitxi bezain harrigarria osatuta dutela. Inurrien kasuan, adinaren arabera antolatzen dira langileak. Langile gazteenek kumeak zaintzen dituzte inurritegiaren erdialdean. Zaharragoak diren langileak, berriz, kanpoaldean “lan egiten” dute, janaria bilatzen. Kanpoan daudenez, langile hauek dira ahulenak patogenoen aurrean.

Gaitzak azkar hedatzen dira populazio dentsitate handiak daudenean, eta intsektu sozialen kasuan, argi dago patogenoek ingurune ezin hobea aurkitzen dutela garatzeko. Gainera, inurrien arteko kontaktua ezinbestekoa da, hasieran aipatu bezala, horretan datzalako haien arteko komunikazioa. Baina, jakina, kontaktu horiek ere gaitzen hedadura bultzatu dezakete.

Inurri bakoitzak zenbat espora zeramatzan identifikatzeko gai zen metodoa garatu dute ikertzaileek, polimerasaren kate-erreakzioaren aldaera bat erabilita: horrela, banan-banan inurri bakoitzak zenbat espora zeraman argitu ahal izan dute. Konturatu dira soilik hainbat inurrik jaso dituztela patogenoen dosi handiak, kumeak zaintzen dituzten langile gazteek eta erreginak dosi txikiagoa jasotzen zuten bitartean.

Orotara, ikertzaileek 22 kolonia aztertu dituzte, 24 orduz, eta kutsaduraren aurreko eta ondorengo jarduerak erregistratu dituzte. 2.266 inurri etiketatu dituzte, eta 0,5 segundoan behin kamera infragorria bidezko argazkiak atera dizkiete. Horrela inurri bakoitzaren kokapena eta mugimendua zehaztasun handiz ezagutu ahal izan dituzte.

Kolonia horietan, inurritegiaren kanpoan janaria biltzen duten inurri langileen %10 Metarhizium brunneum onddoaren esporekin kutsatu dute zientzialariek. Zientzia artikulua azaltzeko argitaratu duten prentsa oharrean Sylvia Cremer ikertzaileak azaldu du zein izan den ondoren behatu dutena: “Inurriek osatzen dituzten talde txikiak are indartsuagoak bihurtu dira, eta talde horien arteko kontaktua gutxitu egin da. Janari-biltzaileek elkarrekintza gehiago izan dute beste janari-biltzaileekin, eta kume-zaintzaileek berdin egin dute beste kume-zaintzaileekin”.

Adituaren esanetan, aldaketa hori kolonia osoarena da, esporekin kutsatu ez direnek ere portaera aldatu dutelako. Langileek, bai kutsatutakoek zein kutsaduratik salbu daudenek ere, denbora gehiago eman dute inurritegitik kanpo, isolamendua handituz. Barruko inurriek, berriz, euren mugimendua azkartu dute, ikertzaileen interpretazioaren arabera, beste inurriekiko elkarrekintzak saihestu aldera. Hau guztiaren ondorioz, inurri talde txiki batek besterik ez ditu jaso hilgarriak diren dosiak, bai erreginak zein kumeez arduratzen direnek dosi baxuak jaso dituzten bitartean. Azken honek, gainera, txertaketa baten modura funtzionatu du, eta, ondorioz, etorkizunean patogeno berdinaren kutsadura saihesteko moduko abantaila eman die inurriei.

Ikertzaileek uste dute esporei lotutako seinale kimiko edo mekanikoak daudela portaera aldaketaren aurrean, baina oraindik ez dakite nola izan den prozesua.

Erreferentzia bibliografikoa

Stroeymeyt Nathalie, Grasse Anna V., Crespi Alessandro, Mersch Danielle P., Cremer Sylvia, Keller Laurent, (2018). Social network plasticity decreases disease transmission in a eusocial insect. Science Science, 362 (6417), 941-945. DOI: 10.1126/science.aat4793


Egileaz: Juanma Gallego (@juanmagallego) zientzia kazetaria da.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko.Beharrezko eremuak * markatuta daude.