Birgaitze energetikoak gizarte-etxebizitzan: portaera termikoaren analisia

Argitalpenak · Dibulgazioa

Artikulu honetan “Birgaitze energetikoak gizarte etxebizitzan: portaera termikoaren analisia” doktorego-tesian jorratutako gaiak laburbiltzen dira. Doktorego–tesi hau eraikinen birgaikuntza energetikoaren ebaluazioan datza, prozedura honek barne hartzen dituen atal ezberdinak kontuan hartuz: datu–eskuratzea eta monitorizazioa, datuen tratamendua (eraikinen portaera simulatzeko eredu matematikoak erabiliz) eta lortutako emaitzen analisiak esaterako.

Irudia: Hamar gizarte etxebizitzen landa azterketa bat aurkezten da lan honetan.

Tesi honen interesa gaur egungo egoera energetikotik sortu zen. Gaur egun, eraikinetan erabiltzen den energia kontsumoa Europar Batasuneko energia kontsumo osoko %40 baino gehiago da. Gainera, kontsumo hau azken urteetan zergati ezberdinen ondorioz goratu da. Horregatik, eraikinen eraginkortasun energetikoa Europar Batasunaren lehentasunezko helburu bat bihurtu da, eta ingurune eta energia egoera honek eraikinen portaera energetikoaren hobekuntzaren beharra ekarri du. Europar Batasuneko eraikin parkearen adina kontuan hartuz, eta batik bat, Espainiakoa, eta garai batean eskatutako betebehar termiko baxuak, energia kontsumoa murrizteko existitzen den eraikin parkean arreta jarri behar dela adierazi daiteke.

Testuinguru honetan, birgaitze energetiko ezberdinen eragina zehaztasunez neurtzeko metodologiak gero eta beharrezkoagoak dira, eraikinen birgaikuntza energetikoan barne izandako eragileek erabili ditzaten. Beraz, birgaitzeko estrategien eraginak aztertzeko metodologiak gero eta arrakasta handiagoa dute eraikinen birgaitzean lan egiten duten eragileen artean (legegileak, ingeniariak, arkitektoak).

Tesia Euskadiko eraikin-parkearen analisi batekin hasten da. Geroago, datuak lortzeko bi metodologia posible aurkezten dira: batetik, etxe huts baten monitorizazioa, eraikin edo etxebizitzaren eraikuntza elementuen portaera termikoa definitzeko erabiliko den datuak lortzeko; bestetik, hamar etxebizitza ezberdinen urte bateko monitorizazioa, gizarte etxebizitzan bizi diren biztanleen energiari lotutako erabilera profilei buruzko informazioa lortzeko. Bi landa azterketa hauetan lortutako datuak bi eredu mota garatzeko erabiliko dira geroago. Azkenik, aipatutako ereduekin lortutako emaitzen azterketa zehazki erakusten da.

Aipatutako lanaren garapena erakusteko, tesi hau lau bloketan banatu da. Lehenengoan, sarreran, tesi honetan zehar aipatutako aspektuei buruzko literatura azterketa bat aurkezten da eta helburuak eta jarraitutako metodologia deskribatzen dira.

Tesi honen bigarren blokean egindako atal esperimentala erakusten da. Lehenik eta behin, hamar gizarte etxebizitzen landa azterketa bat aurkezten da. Landa azterketa honek etxebizitza sozialen parkearen portaera termikoa ezagutzeko erabilgarri diren datu ugari ematen ditu. Bestalde, gizarte etxebizitzaren erabilera profilak definitzeko erreferentzia garrantzitsua izango da geroago.

Era berean, etxebizitza adierazgarri baten monitorizazioaren deskripzioan arreta jartzen du. Monitorizazio honen bidez, etxebizitzaren eraikuntza elementuen portaera termikoak definitzeko behar diren datuak lortzen dira.

Geroago, atal esperimentalean lortutako datuen tratamendua garatzen da bi simulazio ereduren bidez: kutxa zuriaren eredua (TRNSYS), eta kutxa grisaren eredua. Aipatutako monitorizazioan lortutako datuak erabiltzen dira RC eredua (kutxa grisarena) definitzeko batetik, eta eredu biak baliozkotzeko eta egokitzeko bestetik.

Azkenik, tesi honen azken atalak simulazioen diseinuan eta aipatutako simulazioen bidez lortutako emaitzen ebaluazioan arreta jartzen du. Bloke honetan ikuspegi exergetikoak duen erabilgarritasuna aztertzen da. Kapitulu honek eraikinetan erabilitako ikuspegi exergetikoari buruzko literatura aztertze motz bat barne hartzen du. TU Delft-eko Arkitektura Fakultatean (Herbehereak), 2012. urteko bigarren hiruhilekoan Sabine Jansen-ekin garatutako bi artikulu erakusten dira jarraian.

Artikuluaren fitxa

  • Aldizkaria: Ekaia
  • Zenbakia: Ale berezia. 2018
  • Artikuluaren izena: Birgaitze energetikoak gizarte-etxebizitzan: portaera termikoaren analisia.
  • Laburpena: «Birgaitze energetikoak gizarte-etxebizitzan: portaera termikoaren analisia» doktorego-tesia eraikinen birgaikuntza energetikoaren ebaluazioan datza, eta prozedura honek barne hartzen dituen atal ezberdinak kontuan hartzen ditu: datu-eskuratzea eta monitorizazioa, datuen tratamendua eta lortutako emaitzen analisiak, esaterako. Helburu horrekin, atal esperimentalean bi monitorizazio ezberdin barne hartzen ditu. Lehenik, hamar gizarte-etxebizitzen landa-azterketa bat aurkezten da hirugarren kapituluan; laugarren kapituluan etxebizitza adierazgarri baten monitorizazio zehatz baten deskripzioan arreta jartzen du. Estazio klimatiko bat kokatzeaz gain, etxebizitzaren monitorizazioa eginahal izateko hirurogei tenperatura-sentsore baino gehiago erabili izan dira. Monitorizazioa egin ondoren, atal esperimentalean lortutako datuen tratamendua garatzen da bi simulazio ereduren bidez. Azkenik, tesi honen azken atalak simulazioaren diseinuan eta aipatutako simulazioen bidez lortutako emaitzen ebaluazioan arreta jartzen du. Bestalde,eraikinen portaera energetikoa aztertzeko ikuspegi exergetikoak duen erabilgarritasuna aztertzen da tesi honen azken kapituluan
  • Egileak: Jon Terés-Zubiaga.
  • Argitaletxea: UPV/EHUko argitalpen zerbitzua
  • ISSN: 0214-9001
  • Orrialdeak: 127-142
  • DOI: 10.1387/ekaia.17748

Egileez

Jon Terés-Zubiagak UPV/EHUko Bilboko Ingeniaritza Eskolako Makina eta Motor Termikoak Sailean egin du tesia.


Ekaia aldizkariarekin lankidetzan egindako atala.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko.Beharrezko eremuak * markatuta daude.