Clara Immerwahr (1870-1915): Fritz Haberri aurre egin zion kimikaria

Emakumeak zientzian · Kolaborazioak

1915ean, kapitain izendatu berritan, Fritz Haber zientzialaria gerrara abiatu zen egun berean, Clara Immerwahr kimikariak bere buruari tiro egin zion, bularrean, bere senarraren pistola erabiliz. Goiz hartan, Haber, zirkinik egin gabe, frontera joan zen bere hamahiru urteko semea etxean bakarrik utziz. Hura izan zen, tiro-hotsa entzun ostean, bere ama laguntzera joan zen bakarra; Haberrek, aldiz, ez zuen emazteari buruz ezer jakin nahi, ez zuen astirik galduko traidore batekin.

Zergatik egin zuen Immerwahrrek bere buruaz beste? Arrazoia oraindik ez dago argi. Apika ekintza horren bitartez adierazi nahi zuen bere senarra Alemaniako armadan egiten ari zen lanaz nazkatuta zegoela, armamentu kimikoaren fabrikazioan parte hartzea basakeria iruditzen baitzitzaion. Izan ere, Lehen Mundu Gerran, kloro gasaren garapenean murgildu zen Haber, Ypreseko bigarren guduan erabili zutena, alegia. Beste gas pozoitsu bezain hilgarri batzuen ikerketan ere lan egin zuen; horregatik diote Haber arma kimikoen “aita” dela.

Irudia: Clara Immerwahr 20 bat urte zituenean, gutxi gorabehera 1890. urtean. (Iturria: Wikimedia Commons – domeinu publikoko argazkia)

Zientziak bikotearen hasiera eta amaiera markatu zituen; zientziari esker hurreratu ziren eta geroago, zientziak desegin zuen bikotea oso jokabide desberdinak zituztelako. Alde batetik, Haberrek zioen bake garaian, zientzialariak munduari zegozkiola, baina gerra garaian, norberaren herriaren esanetara egon behar zutela. Aldiz, Clarak, bere aldetik, senarraren gehiegizko abertzaletasuna deitoratzen zuen, eta jarrera hartatik azkar urrundu nahi zuen. Harentzat, ikerketa zientifikoak bizitza errespetatzera behartzen zuen. Eta Haberrek hori egiteari utzi zion aspaldi.

Lehenengo doktorea kimikan

Clara Immerwahr 1870ean jaio zen, Polkendorfen, Poloniako Breslavia hiritik gertu. Txikitatik ez zien jaramonik egin garai hartako emakumeek bete behar zituzten arau eta patroiei. Berak ikasi egin nahi zuen, are gehiago, kimikan jardun nahi zuen, baina garai hartan, tamalez, emakumeek ezin zuten izena eman Alemaniako unibertsitatetan. Azkenean, hainbeste debekuen artean, irakaslea izango zela erabaki zuen. Haatik, beti izan zuen arlo zientifikoan aritzeko itxaropena, emakume izateagatik zegokion bizitza hori ez zela onartu bazuen ere. Pazientziaz itxaron zuen 1896ra arte, emakumeei unibertsitateko klaseetara entzule gisa joatea onartu zitzaien urtea, alegia. Clararentzat urrats handia izan zen hori, baina ez zen nahikoa izan; berak kimikako doktoretza egin nahi zuen, eta baita lortu ere: azterketa gainditu zuen aurreneko emakumea izan zen. 1900ean doktoretza titulua eman zion Breslaviako Unibertsitateak.

Haren tesi zuzendariaren laguntzaile gisa hasi zuen ibilbide zientifikoa; artikulu andana argitaratu zuen eta emakumeentzako eskoletan irakasle aritu zen. 1901ean Fritz Haberrekin egin zuen topo, kimikan doktorea bera ere. Aurretik ere ezagutzen zuten elkar, dantza klase batean elkartu baitziren lehenengoz. Une hartan, Fritzek ezkontzeko eskatu zion baina Clarak ezetz ihardetsi zion, bere ikasketetan buru-belarri zebilelako. Baina bigarren topaketaren ondotik, ezkondu eta, Karlsruhe hirira (Alemania) joan ziren bizitzera. Han, Haber kimikako irakasle gisa hasi zen lanean. Urtebete geroago, 1902an, Clara seme batez erditu zen. Gertaera horrek betiko aldendu zuen bere ibilbide zientifikotik.

Izutu zuen aurkikuntza

Zientziaren alorrean, Clara itzaliz joan zen, eta Haber, aldiz, inoiz baino distiratsuago zegoen. 1904an, ekonomia irauli zuen Haber-Bosch Prozesua asmatu zuen, hau da, amoniakoa egiteko aireko nitrogenoa masiboki erabiltzeko modua aurkitu zuen kimikariak. Laborantzan, ongarriak egiteko erabiltzen zen jada baina arazo bilakatu zen aurkikuntza hori gerraren erdigune bilakatu zenean, amoniakoa lehergailuak egiteko erabil zitekeela ohartu zirenean, hain zuzen. Hori egin zitekeela ikusi zutenean, Haberrek eta bere taldeak ez zuten zalantzarik izan, aukera aprobetxatu, eta kloroa, fosgenoa edo ziape-gasa bezalako gas pozoitsuak garatu zituzten. Ildo horretatik, amoniakoaren sintesiari esker lortu zuen Kimikako Nobel saria, 1918an. Argi dago batzuentzat heroia izan zela; beste batzuentzat, ordea, bere emaztearentzat bezala, gerra-eraile hutsa.

Hasieran, Clarak haren lanean lagundu egin zuen, esaterako, bere testuak ingelesera itzultzen zituen; Thermodynamik technischer Gasreaktionen (1905) obra da horren adibide. Liburu hartan, Haberrek bere “lankidetza isilagatik” eskerrak eman zizkion emazteari. Isildua, hobeto esanda. Alabaina, Clarak ez zuen inoiz errekonozimendurik jaso egindako lanagatik.

Bere historia tragikoak oraindik darrai gure oroimen kolektiboan. Gainera, egun banatzen diren sari batzuetan Clara Immerwahrren oroitzapena iltzatuta gelditu da. Besteak beste, gerra nuklearraren prebentzioari buruzko sariketa batek bere izena darama, baita UniCatek (Unifying Concepts in Catalysis) proposatutako beste batek ere; azken honek zientzialari emakume gazte bat saritzea du helburu -2015ean, esaterako, Anna Company Casadevallek irabazi zuen-.

Haren ezkonlagunak egindako lanak erabat hondatu zuen Clara. Une hartan, zientziak bi bide agertu zituen begien aurrean, eta Clararen harridurarako, Haberrek pentsaezina zena hautatu zuen. Hala eta guztiz ere, Clarak ez zuen amorerik eman. Ez zion lagundu, ez zuen inolaz ere bere konplizea izan nahi. Bere bizitza beltzera urtu egin zen tiro burrunbatsuaren ostean.

Iturrirak


Egileaz: Uxue Razkin (@UxueRazkin) kazetaria da.

1 iruzkina

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko.Beharrezko eremuak * markatuta daude.