Gailu elektronikoen bizi luzea

Dibulgazioa · Kolaborazioak

Gero eta gailu elektroniko gehiago ditugu gure artean, sakelakorik gabe jada jende asko ezin da atera etxetik, ordenagailurik gabe lan egitea askorentzat pentsaezina zaigu eta etxeetan zein kaleetan gero eta elektronika gehiago ikusten dugu. Gainera urtero-urtero bertsio eta eguneraketak ditugu eskuragarri, eta nork ez du punta-puntako teknologia bere eskuetan izan nahi?

Baina kate honek ere badu bere azken katebegia ere: zer gertatzen da tresna hauek apurtu edo zaharkitzen direnean? Egokiro birziklatzeko aukera badago, baina ez da beti horrela egiten. Gailu askok zuzenean zabortegian bukatzen dute eta beste batzuek, berriz, bidaia luze bat egiten dute guztiz amatatu baino lehen. Baztertutako gailu elektriko edo elektronikoak deskribatzen ditu “e-waste” terminoak. Gure artean hondakin elektronikotzat hartzen duguna litzateke “e-waste”-a, eta, halaber, berritzera, berrerabiltzera, birsaltzera, materialak berreskuratzera edo zuzenean zabortegira bideratzen diren aparatu guztiak. Hegoaldeko herrialde txirotuetan amaitzen dute askok bizia, birziklapen-prozesua han amaitzeko.

Guk erabilera bat eman diogu, eta beste batek birzikla dezala zaborra! Ba al dakizue zenbat hondakin elektroniko sortzen ditugun?

hondakin elektroniko
1. irudia: Hondatutako sakelako telefono bat. (Argazkia: Zdeněk Chalupský – Pixabay lizentziapean. Iturria: pixabay.com)

2019an, hondakin elektronikoen 53,6 milioi tona metriko (Mt) sortu zen mundu osoan. Errekor itzela, 2018ko 51,8 Mtak gainditu ziren, eta joerak ez dirudi aldaketarik izango duenik. % 21eko igoera izan dugu azken bost urteetan, NBEren 2020ko E-waste Monitor Globalaren arabera. Etorkizunera begira egindako kalkuluen arabera, 2030erako kopuru hori 74 Mt-ra iritsiko da, eta bestalde, gailu horiek birziklatzeari buruzko datuak ere baditugu. Prosum proiektuaren arabera 2019an sortutako hondakin elektronikoen % 17,4 baino ez ziren bildu eta birziklatu. Espainia mailan 19 kg hondakin elektroniko sortu genituen pertsonako; ez da gutxi eh! Zaku bete hondakin biztanleko! Tona nahikotxo dira urtean sortutakoak, eta birziklatze tasa ez da ez oso esanguratsua. Zein izan daiteke honen arrazoia? Zaharkitze programatua? Traketsak al gara gailu hauen erabilpenean eta asko hausten ditugu? Edo ezin dugu gainditu azkeneko modelo txundigarria erosteko grina?

Pantaila hausteak eta bateriaren errendimenduak askotan telefonoz aldatzera bideratzen gaitu, konponketak garesti dira eta. Baina, aldi berean, askok eta askok bi urte erabili ondoren aldatzen dituzte telefonoak eta gehienek oso ondo funtzionatzen jarraitzen dute. Izan ere, egin diren ikerketen arabera, kontsumitzaile gehienek telefonoak “zaharkituta” daudela uste dute bi urte pasa ondoren. Uste horretan zaharkitze programatuaren eragina egon daiteke, baina erabiltzailearen jokaeran ere badago zer aldatu.

Jarrai dezagun telefono “adimentsu” honen historiarekin… behin bi urte pasata non bukatuko ote dute?

Basel Action Network-ek egindako lanaren arabera, Europa mailan legedia zorrotza egon arren, hondakin hauek Afrika eta Asiako hainbat herrialdetara legez kanpo bidaltzeko aukera handia dago. Beharbada, Guiyu-n, Txinako Guangdong eskualdean, buka dezakete, edo aski ezaguna den Nigeriako Agbogbloshie-ko zabortegian. Guiyu hondakin elektronikoak prozesatzen dituen hiri handi bat da, non milaka tailer txiki zein handitan langileek kableak mozten dituzten, zirkuituen tauletatik txipak ateratzen dituzten eta taulak berak azidoz murgiltzen dituzten metal preziatuak disolbatzeko.

hondakin elektroniko
2. irudia: Osagai elektronikoek hazkunde esponentziala izan dute azken urteotan eta behin hondakin bihurtuta, tratamendu berezia behar dute, askotariko metalak baitituzte. (Argazkia: Rodger Shija – Pixabay lizentziapean. Iturria: pixabay.com)

Kontrolik gabeko hondakinen tratamenduak ondorio kaltegarriak izan ditu Guiyu eta Agbogbloshie hirietan. Besteak beste, Guiyu inguruko metal astun toxiko eta kutsatzaileen maila oso altua da eta horrek eragin handia izan du umeen zein helduen osasunean zein ingurumenean.. Kontuan izan behar da, ikerketen arabera, haurrak helduak baino askoz sentikorragoak direla ingurumeneko produktu toxikoekiko. Beraz, kutsatzeko arrisku handia dute hondakin elektronikoak tratatzen diren eremuetan bizi diren haurrek.

Ikusi dugun bezala, gailuak guk erabili ostean, haien bideak jarraitu egiten du, eta, guk ikusi ez arren, arazo larriak sortzen ditu bide horrek. Eta ez bereziki mendebaldeko gizarte aberatsetan.

Ingurumen-inpaktu eta osasun-arazo hauek zuzenean daude lotuta gutako bakoitzak sortzen dituen hondakin elektronikoekin. Gailu hauek sortzen dituzten arazoak ekiditeko, zer egin dezakegu? Hementxe aholku batzuk. Gehiago baldin badituzu… partekatu!

  • Gailu berri bat erosi baino lehen, pentsa ezazu ea benetan beharrezkoa duzun. Bi urtean behin erosi behar al dugu telefono berri bat?
  • Apurtuta badago, saiatu konpontzen (Repair cafe-ak ezagutzen? Saia zaitez sustatzen!)
  • Zaharkitze programatua duten produktu eta softwareak ekidin. Informa zaitez produktuak erosi baino lehen ea zer nolako garantia duten, birziklatzeko errazak ote diren, nondik datozen materialak, etab. Saiatu erosle kontzientea kontzientziaduna izaten. Adibidez, Software Librearen erabilerak asko laguntzen du gailu elektronikoen bizitza luzatzen!
  • Gailu iraunkorrak eskatu edo eskuratu. Gailu iraunkorrak aldarrikatu.
  • Gailu elektronikoak bota baino lehen iker ezazu ea bigarren bizitza bat duten! Adibidez Reciclaneten webgunean.

Gero eta gailu elektroniko gehiago erabiltzen ditugu, baina haien onurak eta zerbitzuak ikusten ditugu bakarrik. Behin erabilita “e-waste” moduan sortzen dituzten arazoei ere ikusgarritasuna eman behar diegu, gure erantzukizuna ere bada eta. Beharrezkoa ikusten dut gizarte bezala hausnarketa bat egiten hastea. Beharrezkoak al ditugu hainbeste gailu elektroniko? Ba al dakigu zenbat zabor eta arazo sortzen duen gailuen kontsumo amaigabe honek?

Informazio gehigarria:


Egileaz:

Izaro Basurko Pérez de Arenaza UPV/EHUko Ekopol ikertaldeko ikertzailea da.

2 iruzkinak

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko.Beharrezko eremuak * markatuta daude.