Haitzuloen irisgarritasuna neurtzeko metodoa garatu dute

Dibulgazioa · Kolaborazioak

Bizkaiko Atxurra haitzuloa eskaneatuz, eta 21 lagunekin egindako esperimentu baten laguntzaz, ikertzaile talde batek haitzuloetako irisgarritasuna neurtzen duen sistema aurkeztu du. Aditu bakoitzak bere irizpide propioa jarraitu beharrean, alderaketak egiteko moduko metodo objektiboa lortzea izan dute helburu.

Gizakiaren iraganaren gaineko informazioa lur azpitik ateratzearekin lotzen da normalean arkeologia, eta hala da gehienetan. Baina ez da noski, informazioa eskuratzeko bide bakarra. Gauzak nola gertatu ziren argitu ahal izateko oso lagungarria izan daiteke modu praktikoan benetan zeregin horretan jartzea. Ideia baten inguruan azterketa bibliografikoa egin daiteke, ordenagailu bidezko simulazioak, eredu estatistikoak… baina —demagun—, antzinako polinesiarren eta Hego Amerikako biztanleen arteko harremanak posible ote ziren argitzeko modurik hoberena da… horretan ahalegintzea. Kon-Tiki espedizioaren kasua da agian ospetsuena, baina badira ere arkeologia esperimentalaren alorrean hain muturrekoak ez diren saiakerak. Erromatarrek ura nola berotzen zuten argitzeko berogailua eraikitzea, Historiaurrean eskura zauden materialekin harrizko armak egin eta probatzea edota Pazko Uhartean moaiak egin, mugitu eta altxaraztea dira ahalegin horietako batzuk.

irisgarritasuna
1. irudia: Historiaurretik hona hainbat aldaketa egon dira haitzuloan, eta horiek kontuan hartu dituzte ikerketan. Barrunbea eskaneatuta daukatenez, beste garai bateko geomorfologiaren arabera egokitu ahal izan dituzte ibilbideak. (Argazkia: Xabier Gezuraga / ADES Espeleologia Elkartea)

Filosofia berdina jarraituz, ikertzaile talde batek arkeologia esperimentalaren alorrean oso metodologia originala garatu du; kasu honetan leizeen irisgarritasunari lotuta. Honen guztiaren abiapuntua da Historiaurreko labar-artea askotan iristeko zailak diren tokietan dagoela, eta kokapen hori kontuan hartzea arte horren interpretazioa egiteko baliagarria izan daitekeela. Arazoa da orain arte artelan horien irisgarritasuna neurtzeko modu bateraturik ez dagoela, eta zientzialari bakoitzaren irizpidearen arabera kuantifikatzen dela.

Egoera ikusita, toki sakon horietara iristeko zailtasun maila neurtzen duen metodo bat proposatu du ikertzaile talde batek Journal of Archaeological Science aldizkarian. Berriatuan (Bizkaia) kokatutako Atxurra haitzuloa hartu dute abiapuntutzat. Bertako irisgarritasuna neurtzen saiatu dira Before Art proiektuko kideak. Egitasmo horren helburu nagusia da Goi Paleolito garaian haitzuloetan zeuden adierazpen sinbolikoak ikertzea eta argitzea. Atxurraren kasuan, labar-arte garrantzitsua dago bertan, Madeleine aldian datatutakoa.

Batetik, barrunbea eskaneatu dute, eta, lortutako datuekin, haitzuloaren hiru dimentsioko eredua osatu dute. “Laser eskaner bat erabiltzen dugu horretarako”, azaldu du EHUko ikertzaile Iñaki Intxaurbek. “Horrela neurtzen dugu zenbateko distantzia dagoen haitzuloaren puntu desberdinen artean: zorua, hormak, sabaia edota espeleotemak, esaterako”. Gaur egun, hori egiteko teknologiak laguntza handia ematen du. “Minutu erdian, eskanerra gai da 25 milioi puntu kokatzeko”. Datu horiekin guztiekin, haitzuloaren erreplika birtuala lortzen dute adituek, eta gero ordenagailuan zuzenean erreplika horrekin lan egiteko aukera dute. Besteak beste, haitzuloa editatzeko moduan daude, eta hau funtsezkoa da barrunbeak Historiaurrean zuen benetako itxura berreraiki ahal izateko. “Kontuan izan haitzuloak, paisaia gisa, bizirik daudela”, dio Intxaurbek. Garai urrun horietatik gaur egungo egunetara arte izan diren aldaketak ondorioztatzeko gai dira adituak; adibidez, espeleotemen tamainaren aldaketa edota pilatutako sedimentuak kontuan hartu ditzakete.

Ikerketa honen bigarren hanka arkeologia esperimentalari dagokiona da: haitzuloaren irisgarritasuna ebaluatu dute, sektore desberdinetara iristeko dagoen zailtasuna neurtuz. Horretarako, 21 lagun sartu dira haitzuloan, eta egin duten ibilbidea gertutik aztertu dute. Parte hartzaileen ezaugarriak kontuan hartu dituzte, bai altueran, zabaleran edota sexuan, Paleolito aroko populazio arrunt baten isla estatistiko egokia direla ziurtatzeko.

irisgarritasuna
2. irudia: 21 lagun ibili dira Atxurran, garaiko argiztapena imitatzen duten zuzi elektrikoekin. Ibilbide horietako datuak jaso eta aztertu dituzte ikertzaileek. (Argazkia: Sergio Laburu / Azpitarte Espeleologia Elkartea)

Lagun horiek oinutsik joan dira, eta, Goi Paleolitoan erabiltzen zen argiztapena imitatu nahian, argi-zuzi elektrikoak baliatu dituzte, suari darion kearekin lurrazpiko ondarea ez kaltetzeko. Leku hertsi batera edo jauzi bertikal batera iristean parte hartzaileak nola moldatzen diren aztertu dute egileek. “Leku bertikaletan ikusi dugu guztiak ez zirela gai jaisteko”, azaldu du ikertzaileak. “Batzuetan, laguntza behar izan dute, eta beste batzuetan sokak erabili behar izan dituzte”. Zentzu honetan, adituak gogorarazi du soken erabileraren berri ematen duten zenbait arrasto badirela garai horri dagokion erregistro arkeologikoan. Hortaz, ez litzateke arraroa izango Atxurrako artelanak egin zituztenek sokak erabili izana.

Batez bestean, sektore bakoitzera iristeko zenbat minutu behar izan diren jaso dute ikerketa artikuluan, eta hau martxan diren bestelako ikerketetan erabilgarria izango delako itxaropena dute. “Gure taldean dagoen Mari Angeles Medina-Alcaidek margoen azpian geratzen diren ikatz arrastoak ikertu ditu. Askotan, margoen garaikideak dira ikatz horiek”. Hortaz, pilatutako ikatz arrastoak neurtuz, gutxi gorabehera jakinda zuziek zenbat denbora irauten zuten, eta zenbat denbora behar zen leku horietara iristeko, ikertzaileek hobeto kalkulatu ahal izango dute garaiko gizakiek zenbat denbora ematen zuten artelan horiek egiten. “Horrek agian zantzuaren bat eman ahal liguke margotzeaz gain hor barruan beste motatako erritoren bat burutzen ote zuten jakiteko”.

Galderarik misteriotsuenek, halaber, erantzuteke jarraitzen dute. Zer funtzio zuten margo horiek? Zergatik daude askotan iristeko oso zailak diren tokietan? Zantzuen bila, askotan adituek gaur egungo ehiztari-bilatzaileen ohituretara jo behar dute, eta hala egin behar izan du Intxaurbek. “Askotan sinbolo berdinak agertzen dira, bai iristeko errazak diren tokietan zein zailak direnetan. Uste dugu ez zela zertan izan behar oso gauza debekatua, baina badirudi leku zail batean egoteak bermatzen zuela norbaitek ez zituela irudiak nahigabean ikusiko. Eta hau agian lotu daiteke Australiako gaur egungo aborigenen artean ikusten den ezaugarri batekin: batzuetan artelanak ikusteko errazak diren tokietan egon daitezke, baina horiei begiratzeko debeku kultural bat garatu dute aborigenek”.

Tribukoa ez den norbaitek margo horiek ikusi eta euren ehiza bereganatzea ekidin nahi ote zuten gure arbasoek? “Bai, baliteke horrelako zerbait izatea, baina, egia esanda, ez dakigu”, aitortu du adituak. Erantzuna, momentuz, haitzulo horretako iluntasunean geratuko da, baina lehen zantzuak jasotzen hasiak dira. Ibilbide luzeenak ere pauso txiki batekin hasten dira, eta horiek emanda daude dagoeneko. Eta ondo neurtuta daude, gainera.

Erreferentzia bibliografikoa:

Intxaurbe, Iñaki; Arriolabengoa, Martin; Medina-Alcaide, Mª Angeles; Rivero, Olivia; Rios-Garaizar, Joseba; Salazar, Sergio; Libano, Iñaki eta Garate, Diego (2021). Quantifying accessibility to Palaeolithic rock art: Methodological proposal for the study of human transit in Atxurra Cave (Northern Spain). Journal of Archaeological Science, Volume 125, 105271. DOI: https://doi.org/10.1016/j.jas.2020.105271.


Egileaz:

Juanma Gallego (@juanmagallego) zientzia kazetaria da.

1 iruzkina

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko.Beharrezko eremuak * markatuta daude.