Jakina da izaki bizidunek aldaketak jasaten dituztela bere genotipoan hautespen naturalaren ondorioz. Orain, New Phytologist aldizkarian argitaratutako artikulu batean azaltzen denez, landareen zintzotasunaren herentzia ikertu dute zientzialariek. Horretarako, urtean soilik 5 orduz loratzen den Mexikoko T. Velutina landare-espezie endemikoaren 1.098 lore eta 45 genotipo aztertu dituzte. Landare-polinizatzaile erlazio mutualista ikertzean, landareen portaera harrigarria aurkitu zuten: zintzotasuna hazi-ekoizpenerako abantailatsua izan daitekeen arren, joera gezurtia duten landareek polinizatzaileen bisita gehiago jasotzen dituzte, eta, beraz, genotipo gezurtia da hedatuena espeziean.

Polinizatzaile-landare erlazioak bien onura bilatzen duela jakina zen, baina orain Mexikoko Unibertsitate Nazionaleko ikertalde batek elkartruke honen inguruko ezagutza zabaldu du. Polenaren kalitate eta kantitatea modu fidagarrian adierazten duten landareak dira polinizatzaileen artean arrakasta handiena dutenak, baina landareek hainbat estrategia erabiltzen dituzte animalia hauek erakartzeko. Egun arte ez dira ezagun izan estrategia horien atzean dauden aldaketa genetikoak.
Erlazio sinbiotiko mutualistetan, izaki bizidunek komunikazio kimiko eta bisuala erabiltzen dute parea erakartzeko. Landareen kasuan, komunikazio-seinale hauek pareak jasoko duen sariarekin lotuta daude, gehienetan modu positiboan. Horrela, informazioaren ziurgabetasuna murriztuz, izaki bizidun kontsumitzaileek modu eraginkorrean lokalizatu eta ebaluatu ditzakete bilatzen dituzten baliabideak. Hala ere, seinale hauek ez dute beti zintzotasun maila bera. Landare-polinizatzaile erlazio mutualistetan, landareek seinale gezurtiak erabili ditzakete polinizatzaileak erakartzeko. Baina polinizatzaileek ere hainbat tresna erabiltzen dituzte elkartruke honetan; izan ere, hainbat ikerketak frogatu dute erleak edo kolibria bezalako polinizatzaileek gai direla landareak bereizteko beren zintzotasun mailaren arabera1,2.
Argi dago landarediaren zintzotasuna hautespen naturaleko ezaugarri erabakigarria dela, baina gaur egun ikerketa gutxi daude seinale gisa jokatzen duten lore-ezaugarri eta lore-sari morfologikoen oinarri genetikoaz. Orain, New Phytologist aldizkarian argitaraturako ikerketa berriak argitu du eboluzioan zer inpaktu duen landare eta polinizatzaileen arteko egia/gezur jokoak.
Turnera velutina eredu gisa
Ikertzaileek Passifloraceae familiako T. Velutina Mexikoko landare endemikoa erabili zuten ikerketan. T. Velutinak berez polinizatzeko gaitasun autonomoa duen arren, animalia polinizatzaileen bitartez hedatzen da batez ere (% 82). 2010 eta 2011 urteetako udan, naturan aurki daitezkeen landare-espeziearen 1.098 lore eta 45 genotipo hedatu zituzten ikertzaileek klonazio-sistema bat erabiliz. Faktore-esperimentuak erabiliz genotipo “ez hain zintzoen” eta “zintzoagoen” konbinazioak erakutsi zizkieten polinizatzaileei. Landare-lore “ez hain zintzoek” nektarrean aurki daitekeen batez besteko azukre-maila baino maila txikiagoa zuten eta landare-lore “zintzoek” azukre-maila handiagoa. Esperimentuan zehar ikertzaileek jasota utzi zituzten landareetan gertatzen ziren polinizatzaileen bisita-ereduak eta landarearen egokitasun-moldapen genetikoak.
Landareen zintzotasuna beren morfologiaren eta nektar kantitatearen arteko korrelazioaren bitartez neurtu zuten zientzialariek. Horrela, zintzoa izango da tamaina handiko petaloak eta nektar kantitate handia duen landarea. Baina, aldiz, gezurtia izango da tamaina handiko petaloak dituen landarea, polinizatzaileak begi-bistaz ikus ez dezakeen sari txikia ezkutatzen baldin badu. Korrelazioak landare-polinizatzaile erlazio mutualistetan duen efektua aztertzeko, ikertzaileek nektarraren karaktereen herentzia eta landarediaren zintzotasunaren bariazio genetikoak neurtu zituzten.
Landareen zintzotasuna erabakigarri?
T. Velutina espeziearen 1.098 lore eta 45 genotipo aztertu ostean, ikertzaileek seinale-sari korrelazioak oinarri genetiko esanguratsua duela frogatu zuten. Gainera, zintzotasunaren aldagaia, genetikoa izanik, guztiz heredagarria dela ere aurkitu zuten. Baina, zintzotasunaren efektu ebolutiboa ikertzean emaitza harrigarria lortu zuten zientzialariek; izan ere, nahiz eta kanpo-seinalearen eta nektar-edukiaren arteko korrelazio handiena duten indibiduoek hazi gehiago eman zituzten fruitu bakoitzeko (% 31,6), aztertutako T. Velutina landare gehienek joera gezurtia zuela aurkitu zuten. Polinizatzaileek denbora gehiago igarotzen zuten korrelazioa betetzen duten lore zintzoetan, baina, hala ere, landare zintzo eta gezurtiek polinizatzaileen bisita kantitate bera jaso zuten esperimentuetan.
Joera hau azaltzeko, Sergio Ramosek, orain Suitzako Zurich unibertsitatean doktoretza egiten ari den ikerketaburuak, frogatu gabeko lehen hipotesi bat proposatzen du: “Agian landareek ez dute polinizatzaileen mugarik, beti dituzte eskuragarri. Eta horrek, agian, eraman zuen landarea polinizazio-sistema oso eraginkor bat bilakatzera, non bost orduan gertatzen dena nahikoa den ekoitzi behar dituen hazien kopurua ekoizteko”. Gainera, landare gezurtien herentzia eta iraunkortasuna energia aurrezteko estrategia bat izan daitekeela ondorioztatu zuten ikertzaileek. Polinizatzaileak erakartzeko, landareek hainbat jokabide erabiltzen dituzte, hala nola petaloen tamaina, kolorea edo usaina moldatzea. Baliabide hauek erabiltzeak energia kantitate ezberdina eskatzen die landare batzuei eta besteei, eta, hori azaltzeko, ikertzaileek beste hipotesi bat eskaintzen dute: “landareetan, polinizatzaile kantitate mugagabeengatik zein energia faltarengatik, joera gezurtiak zintzotasuna gainditzen du ebolutiboki”. Beraz, paradoxa horrek iradokitzen du hainbat indar ebolutibo egon litezkeela jokoan populazio naturaletan lore gezurtiak mantentzean, eta horrek ikerketa handiagoen beharra eskatzen du.
Erreferentziak
[1] Haber, Ariela I.; Sims, James W.; Mescher, Mark C.; De Moraes, Consuelo M.; Carr, David E. (2018). A key floral scent component (β-trans-bergamotene) drives pollinator preferences independently of pollen rewards in seep monkeyflower. Functional Ecology, 33, 218–228. DOI: 10.1111/1365-2435.13246
[2] Fenster, Charles B.; Cheely, George; Dudash, Michele R.; Reynold, Richard J. (2006). Nectar reward and advertisement in hummingbird-pollinated Silene virginica (Caryophyllaceae). American Journal of Botany, 93, 12, 1800-1807. DOI: 10.3732/ajb.93.12.1800
[3] Ramos, Sergio E.; Boege, Karina; Domínguez, César A.; Fornoni, Juan (2025). Genetic variation in the honesty of plants to their pollinators. New Phytologist, 246, 3, 1350–1360. DOI: 10.1111/nph.70043