Preeklanpsia haurdunaldiko arazo larria da. Mundu mailan haurdunen % 5 ingururi eragiten die, eta % 2ri gure inguruko herrialdeetan. Honako hauek dira preeklanpsiaren ezaugarriak: tentsio arteriala igotzen da, maiz proteinuriarekin lotuta (gernuaren bidez proteinak galtzea, giltzurrunetako kaltearen ondorioz), likidoak atxikitzen dira eta fetuaren hazkundea murrizten da. Ondorio larriagoak ere izan ditzake, hala nola eklanpsia (konbultsioak, koma) eta HELLP sindromea. Preeklanpsia amaren heriotzaren kausa nagusietako bat da. Urtero 75.000 emakume inguru hiltzen dira arrazoi horrengatik, eta milioi erdi haurdunaldi eteten dira. Ez dago tratamendu espezifikorik. Amaren hipertentsioa kontrolatu eta erditzea eragin baino ezin da egin. Horrexegatik da hain garrantzitsua preeklanpsia prebenitu edo sendatzeko bide terapeutiko berriak ikertzea.

Gaur egun, oraindik ez dakigu zehatz-mehatz zergatik gertatzen den preeklanpsia, baina badakigu plazentaren garapen akastunarekin eta plazentako ehunen perfusio baskular desegokiarekin hasten dela (1. irudia). Plazentak erreakzionatu egiten du oxigeno-ezaren aurrean, eta amaren endotelio baskularraren disfuntzioa eragiten duten molekulak sortzen ditu, eta, batzuetan, preeklampsiaren sintomak.
Plazentak amaren zirkulaziora gehiegi jariatzen dituen molekulen artean, Flt1 hartzailearen forma disolbagarria nabarmentzen da. Proteina hori, normalean, hodien endotelioan egoten da, eta VEGF (endotelio baskularraren hazkunde faktorea) faktore garrantzitsuaren hartzaile gisa jarduten du. VEGF funtsezkoa da endotelioaren fisiologia normalerako, bai eta angiogenesi izeneko prozesuan eremu hipoxikoetarantz haz dadin ere.

Flt1 hartzailearen forma disolbagarria (sFlt1) FLT1 genetik eratorritako RNA mezulariaren prozesamendu alteratu baten ondorioz sortzen da. Alterazio horrek mintz endotelialekin lotzeko eremurik ez duen proteina bat sortzen du; hortaz, sFlt1 gehiegik zirkulatzen du aske odolean, eta horrek ondorio toxikoak izaten ditu. Arazoa da plazentak gehiegi sortzen duen sFlt1a hori VEGFari lotzen jarraitzen duela, bahitu egiten duela eta eragotzi egiten duela VEGFaren zeregina: endotelioa mantentzea (2. irudia). Horrexegatik da zirkulazioan VEGF gehiago zuzkitzea preeklanpsiaren tratamendurako aukeretako bat, baina nahi ez diren albo ondorioak izan ditzake. Odola gorputzetik kanpoko gailu baten bidez iragazi eta sFlt1aren molekulak ezabatzea ere iradoki da.
Aukera askoz ere erakargarriago bat garatu du Pennsylvaniako Unibertsitateko ikertalde batek eta Nature aldizkarian argitaratu berri den artikulu batean dago jasota. COVID-19aren aurkako txerto nagusiak garatzeko erabili zenaren antzeko teknologia aplikatzea da asmoa. Gogora dezagun txerto horiek nanopartikula lipidikoak zirela eta SARS-CoV-2 birusaren proteinak kodetzen zituen RNA mezulari bat zutela. Gure organismoan, RNA mezularia proteina bihurtzen zen, eta proteina horrek immunitate sistema aktibatu eta birusaren aurkako antigorputzak sortzen zituen.
Preeklanpsiari dagokionez, nanopatikulak VEGF proteina kodetzen duen RNA mezulariarekin kargatzea da asmoa. Arazoa da nanopartikula horiek batik bat plazentara bideratu behar direla, eta horixe da, hain zuzen ere, azterlan horren berrikuntza. Taldeak markatzaile fluoreszentea zuten nanopartikula lipidikoen 98 mota diseinatu zituen. Sagu ernalduetan injektatu ostean, nanopartikulek plazentara bideratzeko eta haren fluoreszentzia adierazteko joera handiagoa zutela egiaztatu zen. Horietako batek, LNP-55ek, eman zituen emaitzarik onenak, hau da, plazentarekiko afinitate handiagoa erakutsi zuen laborategian erabili ohi diren nanopartikulek baino. Gainera, LNP-55ek abantaila bat du: ez du plazentaren hesia zeharkatzen eta ez dio fetuari eragiten.
LNP-55 partikulak VEGFrako RNA mezulariarekin kargatu zituzten eta sagu ernalduetan injektatu. Sagu horietako batzuek lipopolisakaridoen injekzioa jaso zuten, hau da, inflamazioa eta preeklanpsiaren antzeko sintomak eragiten dituen substantzia batena. Beste batzuk, berriz, sFlt1 gehiegi eta preeklanpsiaren sintoma berberak eragiten zituzten adenobirusekin tratatu zituzten. Bi kasuetan, LNP-55/VEGF bidezko tratamenduak murriztu egin zuen amen tentsio arteriala eta proteinuria, hobetu egin zuten plazentako perfusioa eta areagotu egin zuten fetuen hazkundea.
Emaitza hori oso esperantzagarria da, nahiz eta oraindik bide luzea egin behar den gizakien preeklanpsia tratatzeko tratamendura iristeko. Adibidez, iradoki da plazentak berez ekoizten duen hazkunde faktorea, PlGF delakoa, VEGFa bera baino interesgarriagoa litzatekeela. Izan ere, amaren odoleko sFlt1/PlGF ratioa preeklanpsiaren ondoriozko konplikazioen adierazle ona da. Halaber, LNP-55ek barearekin afinitatea duela ikusi da, eta baztertu egin behar da organo horretan VEGF adierazpenak nahi gabeko ondoriorik ez eragitea.
Edonola ere, RNA mezulariren “etxera eramateko” teknologian egin diren aurrerapenek itxaropena ematen diote dute gaur egun, oraindik ere, suntsitzailea izaten jarraitzen duen sindromeari.
Erreferentzia bibliografikoak:
Swingle, Kelsey L.; Hamilton, Alex G.; Safford, Hannah C.; Geisler, Hannah C.; Thatte, Ajay S.; Palanki, Rohan; Murray, Amanda M.; Han, Emily L.; Mukalel, Alvin J.; Han, Xuexiang; Joseph, Ryann A.; Ghalsasi, Aditi A.; Alameh, Mohamad-Gabriel; Weissman, Drew; Mitchell, Michael J. (2024). Placenta-tropic VEGF mRNA lipid nanoparticles ameliorate murine pre-eclampsia. Nature, 637, pages 412–421. DOI: 10.1038/s41586-024-08291-2
Thadhani, Ravi; Karumanchi, S. Ananth (2024). Lipid-delivery system could treat life-threatening pregnancy complication. Nature. DOI: 10.1038/d41586-024-03853-w
Egileaz:
Ramón Muñoz-Chápuli Oriol Animalien Biologiako Katedraduna (erretiratua) da Malagako Unibertsitatean.
Jatorrizko artikulua Cuaderno de Cultura Científica blogean argitaratu zen 2024ko abenduaren 30ean: Nanopartículas lipídicas: una esperanza para tratar la preeclampsia.
Itzulpena: UPV/EHUko Euskara Zerbitzua.