EEZZ18, Euskadiko zientzia dibulgatzaile eta komunikatzaileentzako topagunea

Ekitaldiak

Euskal Esperientziak Zientzia Zabalkundean (EEZZ18) kongresuak ekainaren 14an eta 15ean bilduko ditu UPV/EHUren Gipuzkoako Campusean, Donostian, dibulgazio lanetan diharduten agente ugari, Euskadin abian jarritako komunikazio-ekimenak ezagutzera emateko eta etorkizuneko erronkak aztertzeko helburuarekin.

Hiritarren artean zientzia kultura sustatzea eta harenganako interesa piztea ezinbestekoak dira etorkizuneko erronka eta kezka nagusiei erantzun arduratsu bat emateko gai den gizartea eratzeko.

Testuinguru horretan, behar-beharrezkoa da zientzia dibulgazioa. Gero eta gehiago dira eremu horretan sortzen diren proiektuak eta gero eta zabalagoa da zientzia euskaraz dibulgatzen diharduten erakundeen eta pertsonen taldea.

Donostia International Physics Center (DIPC), Centro de Física de Materiales (CFM, CSIC-UPV/EHU zentro mistoa) eta UPV/EHUren Kultura Zientifikoko Katedrak, Eusko Jaurlaritzaren laguntzarekin antolatutako jardunaldian parte hartuko duten komunikabideetako profesionalek, zein ikerketa-zentroetakoek, eta baita ekintzaileek, irakasleek eta ikasleek ere, zientziaren dibulgazioan bizitakoa partekatuko dute bi egun horietan zehar.

Topaketaren hitzaldien programa osoan hainbat dibulgazio-ekimen aztertuko dira, baita komunikabideek arlo horretan duten garrantzia ere. Forua, gainera, gune aproposa izango du proiektu berritzaileak aurkezteko, eta posterren saio bat ere eskainiko du, bertara hurbiltzen direnek euren dibulgazio zientifikoko proiektuak azaltzeko.

Horrez gain, ekitaldiaren esparruan, zientzia ilustrazioko erakusketa bat ere antolatu da, non UPV/EHUko Ilustrazio Zientifikoko gradu-ondoko ikasle eta irakasleen lanak erakutsiko diren. Kongresuak egun bat eskainiko du emakume zientzialarien lanari balioa emateko xedea duten ekimenak ezagutzera emateko.

EEZZ18 topaketa Gipuzkoako Campuseko Carlos Santamaria Zentroan izango da, non 100 pertsonarentzako lekua dagoen gehienez. Maiatzaren 15aren aurretik eman behar da izena, 50 euroren truke, bi egunetan zehar banatuko den material guztia, saio guztietarako sarrera, bazkariak, mokaduak eta kafea barne.

EEZZ18, Euskadiko zientzia dibulgatzaile eta komunikatzaileentzako topagunea

Data
Ordutegia
08:30etatik 17:00etara
Tokia
Carlos Santamaria eraikina
Helbidea
Elhuyar plaza, 2, Donostia

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko.Beharrezko eremuak * markatuta daude.