Zientzia kulturari buruzko ikasketa telematikoak: 21/22 ikasturterako berriak

Ekitaldiak

Datorren azaroan hasiko da Kultura Zientifikoari buruzko masterraren ikasturtea. Kultura zientifikoarekin loturiko zenbait berezko titulu (master, aditu eta espezialista) lortzeko egin behar diren ikasketak sartzen dira izenburu horren pean. Kultura Zientifikoko Katedrak bultzatzen ditu, eta Nafarroako Unibertsitate Publikoaren (NUP) eta Euskal Herriko Unibertsitatearen (EHU) graduondoko eskaintza akademikoaren parte dira. Ikasketa telematikoak dira, modu birtualean eskaintzen direnak.

Joan den uztailean, masterraren ikasketak egin zituztenek eskuratu zuten euren titulua. Ona, oso ona edo kartsua izan da haiengandik jaso dugun iritzia. Kritika eta hobetzeko proposamen batzuk ere jaso ditugu; horietan oinarritu dira 2021/22 ikasturtearako egin ditugun aldaketa zenbait.

Diziplina jakin batzuetan (zientzia, komunikazio, hezkuntza eta filosofiaren alorrekoak, eta beste zenbait) gaduko ikasketak egin dituztenei lanabes kontzeptual eta instrumentalak eskaini nahi dizkiegu ikasketa horien bitartez, zientzia, komunikazio zientifiko eta zientziaren historia eta filosofiazko oinarrizko zenbait adigaiez aberastu dezaten euren lanbide-jarduna (irakaskuntza, komunikazioa, ikerketa zientifikoa eta bestelakoak).

Kultura zientifikoak gero eta garrantzi handiagoa du, mundua ulertzeko eta munduan betetzen dugun zereginaz jabetzeko funtsezko osagaiak eskaintzen baititu. Ulermen horrek oinarrizko osagai izan behar du (1) eskaintzen den prestakuntzan, gizartean askatasunez eta erantzukizunez jokatzeko ahalemena duten pertsona autonomoak prestatu ahal izateko ezinbesteko baldintza baita; (2) herritarrei ematen zaien informazioan, ongi funtsaturiko irizpide propioa izan dezaten horrela, egitan demokratikoa den hiritartasuna praktikara eramateko beharrezko baldintza baita; eta (3) ikerketa zientifikoan ere, norberaren ikerketa-taldearen jarduera eta aurkikuntzak testuinguru zabalagoan jartzea ahalbidetzen duelako eta, horrela, irismen handiagoko esangura eman dakiekelako aurkikuntza eta jarduera horiei.

Kultura Zientifikoko masterreko ikasketei buruzko informazioa https://scientia.eus/ gunean aurki daiteke. Bestalde, urriko 18an egingo den internet bidezko mintegian emango dugu 2021/22 ikasturteko berritasunei, ikasketak jarraitzeko behar den jardunari eta antolakuntza eta egutegiari buruzko informazioa. Mintegi horretan parte hartzeko, hemen duzu izena emateko agiria.

Zientzia kulturari buruzko ikasketa telematikoak: 21/22 ikasturterako berriak

Data
Ordutegia
18:00etatik 19:00etara
Tokia
Mintegi birtuala
Helbidea
https://scientia.eus/blog/sesion-informativa-webinar/
Informazio gehiago

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude