Logo_CulturaCientifica_negativo

Euskal Herriko Unibertsitateko Kultura Zientifikoko Katedra 2010eko urrian sortu zen, Bizkaiko Foru Aldundiarekin eginiko lankidetza hitzarmen baten harira. Gainerako unibertsitate katedrak bezala, izaera juridikorik gabeko egituren eta erakundeen oinarrizko funtzionamenduaren inguruko araudiaren bitartez arautzen da. Araudi hori 2012ko maiatzaren 16an onartu zuen UPV/EHUko Gobernu Kontseiluak, bere Estatutuen VII. kapituluarekin bat etorriz.

Kultura Zientifikoko Katedrak helburu du euskal gizartean ezagutza zientifiko eta teknologikoa sustatzea eta kultura zientifikoa eskura dauden geografia, administrazio eta kultura esparru guztietan zabaltzea. Katedrak, alde batetik, gertuko inguruarekin du konpromisoa, hau da, euskal geografia eta kultura esparruarekin, bertan jarduten baitu UPV/EHUk. Eta, beste alde batetik, badu bokazio kosmopolita bat ere, unibertsitate erakunde bat den heinean. Testuinguru bikoitz horretan, uztartu egin behar ditu, batetik, euskarazko kultur adierazpenarekin duen konpromiso berezia eta, bestetik, Euskal Herrian sortzen den ezagutza zientifiko eta teknologikoa nazioartean zabaltzeko helburua.

Bere eginkizuna betetzeko, Katedrak hainbat motatako jarduerak egiten ditu. Honako kategoria hauetan bil daitezke:

  1. Ezagutza zientifikoa gizartean zabaltzeko aurrez aurreko ekitaldiak. Honako hauek dira, besteak beste:
    • Hilabetean behingo hitzaldi eta solasaldiak Zientziateka programan.
    • Urtean behingo Naukas Bilbao jaialdi zientifikoa. Hirurogei hizlari inguru egon ohi dira, eta bi egun oso irauten du.
    • Bertsolari eta zientzialarien Bertsozientzia jaialdia, euskarazkoa. Jaialdi horretan, bertsoak inprobisatzeko tradizioa eta eduki zientifikoko azalpen laburrak uztartzen dira.
    • Urtean behin egiten diren ekitaldiak, besteak beste Darwinen Eguna eta Matemozioa, eta gaur-gaurko gai zientifikoei buruzko noizbehinkako hitzaldiak.
    • Gai jakin batzuei buruzko jardunaldi eta mintegi bereziak.
  2. Kultura zientifikoko argitalpen digitalak:
    • MappingIgnorance. Komunikabide zientifiko espezializatuetan (researchblogging) argitaratu berri diren ikerketei buruzko dibulgazio artikuluak argitaratzen ditu, batez ere ingelesez.
    • Mujeres con ciencia. Emakume zientzialariei eta sistema zientifikoko emakumeen egoerari buruzko artikuluak argitaratzen ditu.
    • ZientziaKaiera. Dibulgazio artikulu orokorrak argitaratzen ditu euskaraz.
    • Cuaderno de Cultura Científica. Dibulgazio artikulu orokorrak argitaratzen ditu euskaraz.
    • Zientzia.info. Katedrak egiten duen jarduerari zein gaurkotasun zientifikoari buruzko informazioa argitaratzen du.
  3. Lehiaketak: Katedrak antolatzen dituen lehiaketak (CienciaClip, bideo zientifikoena) edo Katedrak laguntzen dituenak (Ciencia Show, bakarrizketa zientifikoena) eta Kristalizazio Lehiaketa, esaterako, unibertsitatera sartu nahi duten ikasle gazteentzat dira.
  4. Bigarren Hezkuntzako ikasleentzako hitzaldi eta tailerren programak: esate baterako Matematikak Buru Geraezinentzat eta Jakin-Mina (azken hori Jakiunderekin elkarlanean).
  5. Ikus-entzunezko materialen ekoizpena: euskaraz (Zientzialari) zein gaztelaniaz (Una de mates, Ciencia en la cocina, Ciencia Exprés), Interneten zabaltzeko. Hitzaldien edo ekitaldi garrantzitsuen emanaldia, Internet bidez. Interneten bitartez dibulgazio ekitaldiak eta hitzaldiak zabalduz, jende gehiagorengana irits daiteke. Zabalpen hori eitb.eus-ekin elkarlanean egiten da.

Jarduera horiek egin ahal izateko, Kultura Zientifikoko Katedrak hainbat erakunderekin batera lan egiten du: Naukas Interneteko plataforma zientifikoa, euskal irrati-telebista publikoa (EITB) eta Big Van bakarrizketa zientifikoen taldea, museoak, kultur zentroak, elkarteak eta beste.

Egilea: Juan Ignacio Pérez Iglesias, UPV/EHUko Kultura Zientifikoko Katedraren arduraduna.