Zer da Zientzia Kaiera?

Euskal Herriko Unibertsitateko Kultura Zientifikoko Katedrak euskaraz argitaratzen duen hedabide digitala da Zientzia Kaiera. Bere helburuak betetzeko, zenbait hedabide argitaratzen ditu Katedrak, Cuaderno de Cultura Cientifica gaztelaniaz, Mapping Ignorance ingelesez, Mujeres con Ciencia (zientzia eta genero berdintasuna bultzatzeko) gaztelaniaz eta Zientzia Kaiera euskaraz.

zientzia kaiera

Norentzat da Zientzia Kaiera?

Kaieraren irakurlea edonor izan daiteke, baina bigarren hezkuntza edo maila garaiagoko ikasketak dituzten lagunak izan dira, batez ere, Kaiera sortzerakoan gogoan izan ditugunak. Hala ere, maila desberdineko idazlanak aurkituko dituzu hemen, irakurtzeko zailagoak eta errazagoak, kazetariek zein irakasle edo ikerlariek idatzitakoak.

Zer aurkituko duzu Zientzia Kaieran?

Zenbait ataletan antolatuta dago Kaiera. Gai gehienak zientzia-dibulgaziokoak dira (biologia, astronomia, teknologia, osasuna, eta abar). Hauek dira gure atal nagusiak:

  • Animalien aferak: Animalia guztiak dira eboluzioaren ondorio eta hauen hainbat kontu dakartzan atala da hau. Bertan animalien funtzionamenduari buruzko irakaspenak erakusten dizkiguten istorioak plazaratzen dira.
  • Asteon zientzia begi-bistan: Igandeetan kaleratzen dugun gehigarria da. Bertan, astean zehar sarean zientzia euskaraz jorratu duten artikuluak biltzen ditugu. Begi-bistan duguna erreparatuz, Interneteko “zientzia” antzeman, jaso eta bilduta eskaintzeko.
  • Elkarrizketak: Ikertzaileei egindako elkarrizketak argitaratzen ditugu bertan. Haren lana, emaitzak, azken argitalpena edota esku artean dutenari buruz galdetzen diegu gizon-emakume hauei.
  • EHUko ikerketa: Euskal Herriko Unibertsitatean egindako ikerketei buruzko artikuluak argitaratzen ditugu bertan.
  • Ekitaldiak: Zientzia gizarteratzeko Kultura Zientifikoko Katedrak antolatzen dituen hitzaldiak eta bestelako saioen berri ematen dugu bertan. Ekitaldien iragarpenak, honen berri emateaz gain, hitzaldiotan esandakoa jasotzen dugu ere artikulu eta bideoekin.
  • Emakumeak zientzian: Zientzia arloan emakumeek egindakoa eta egiten dutena azalarazteko atala dugu hau. Zientzian diharduten edota euren sasoian hau hizpide izan zuten emakumeei buruzko artikuluak, biografiak, elkarrizketak eta bestelakoak biltzen ditugu bertan.
  • Ezjakintasunaren kartografia: Larunbatetan argitaratzen dugun atala da. Bertan, Mapping Ignorance-k, zientziaren edozein arlotako ikerketen azken emaitzen berri ematen duen blogak, astean zehar kaleratzen dituen artikuluen laburpenak argitaratzen ditugu.
  • Ikasleen begietatik: UPV/EHUko ikasleen edota ikertzaile gazteen artikuluak plazaratzen dira bertan. Kasu batzuetan beraien lana ezagutarazteko, beste batzuetan lantzen dituzten arloetako gaiak plazaratzeko helburuarekin.
  • Kolaborazioak: Esparru anitzetan lanean diharduten irakasle, ikertzaile eta profesionalen artikuluak argitaratzen ditugu. Zientziari lotutako gaietan murgiltzen laguntzen digute haren ekarpenekin.
  • Mugaldea: Idazlan guztiak euskaraz idatzita daude jatorriz, salbuespen bakarrarekin, Mugaldea atala, non testuak gaztelaniaz sortuak daude baina euren interesarengatik itzuli egiten ditugu. Pil-pilean dauden gaiak dira bertan argitaratzen ditugunak.
  • Oinarrizko kontzeptuak: Zientziaren historian landutako hainbat kontzeptu eta terminoen sorrera nondik datorren zabaltzen duen atala dugu hau. Bertan zientziaren historiari so egiten diogu, egun duguna nondik datorren ezagutzeko asmoz.
  • Zientzialari: Artikuluez gain, bideoak ere argitaratzen ditugu. Zientziari euskal begirada eman nahi diogu, euskal zientzialarien jardun, bizipen eta ezagutzetara gerturatu asmoz kamera aurrera ekartzen ditugu euskal zientzialariak. Zientzialari atalean zientzialariak euren esparrutako jardun eta helburuez mintzatzen dira.

Zientzia Kaiera bloga elkarlanean gauzatzen den egitasmoa da eta berau egiten dugunok, zientzia gizarteratu nahi dugu, bere balioak, historia, eta lorpen nagusiak hedatuz. Ea asmatzen dugun!

Blogeko edizioa Uxune Martinezek egiten du, Euskampus Fundazioko Kultura Zientifikoko eta Berrikuntza Unitateko zuzendariak.

Blogari buruz edota bestelako gairen bat izanez gero gurekin partekatzeko, idatzi egiguzue harremanetako formularioaren bidez edota honako helbidera mezu bat bidaliz: zientzaren.kaiera@gmail.com.

Oharra: Creative Commons Aitortu-PartekatuBerdin 3.0 lizentziapean daude gure blogean aurkituko dituzun edukiak. Beraz, hauek kopiatu, moldatu, zabaldu eta argitaratzeko libre zara, beti ere, gure egiletza aitortzen baduzu eta baldintza beretan egiten baduzu.