Eboluzioa
Gutxienez 3.770 milioi urteko mikroorganismoen arrasto fosilak aurkitu dituzte, itsas hondoko iturri hidrotermala izandako arroketan, Kanadako ipar-ekialdean dagoen Nuvvuagittuq gerrikoan, hain zuzen. Hodiak eta harizpi-formako egiturak aurkitu dituzte, itsas hondoko iturri hidrotermaletan bizi ohi diren mikroorganismoek sortzen dituzten egituren antzekoak. Horrez gain, jarduera biologikoaren beste adierazle batzuk ere aurkitu dituzte; burdin-oxidozko granuluak eta karbonatozko errosetak, esaterako. Elhuyarrek azaltzen digu albistea.
Kimika
Sagardoaren azidotasunari heldu diote testu honetan. Azidotasunak zapore mikatza eta naturala ematen dio eta gozotasuna ezabatu egiten du. Gainera, azidotasunak garrantzia dauka sagardoan haziko diren legamia hartzitzaileen hazkuntzarako. Ekoizpenean, legamiek sagarraren azukreak hartzitu eta etanol bilakatzen dituzte. Etanolaren ekoizpenaz gain, legamiek azido malikoaren hartzidura egiten dute hartzidura malolaktikoaren bidez, eta ondorioz azido laktikoa sortzen da prozesuan. Baliteke lortutako azidotasuna egokia ez izatea, baina, testuan azaltzen digutenez, sagardoaren pH-a erregulatu daiteke. Eta nola egiteko da moldaketa hori? Azalpena Sagardoaren kimika artikuluan.
Biologia
Elefanteek, lehorrean bizi diren animalia handienak izateaz gain, beste zenbait bereizgarri dituzte. Adibidez, urpean ibiliz zeharka ditzakete ibaiak eta, horretarako, tronpa erabiltzen dute arnasa hartzeko. 2002. urtean, arnas funtzioan aditua den John B. West fisiologo ezagunak azaldu zuen ahalmenaren zergatia. Elefanteen biriken pleuraren mintzek ur azpian jasan behar duten presioa handia da. Afera ulertzeko: beste ugaztunen kasuan odol-hodiak apurtu edo edemak sortuko lirateke. Baina elefanteen birikei ez zaie horrelakorik gertatzen, pleuraren mintz arrunten ordez ehun konektibozko geruza trinko bat dutelako, eta geruza horri esker birikek presio handiaren balizko ondorio kaltegarriak saihets ditzaketelako.
Emakumeak zientzian
Nahia Idoiaga fisika ikasten hasi zen baina ez zitzaion gustatu, eta psikologiara pasa zen,zientzia inoiz alboratu gabe. Psikologian masterra egin ondoren, tesia ere egin zuen. “Gizarte-irudikapenen marko teorikoa lantzen ari nintzen, eta beti izan dut interesa jakiteko nola ulertzen duen jendeak zientzia egunerokotasuneko pentsamenduan. Orduan A gripearen krisia gertatu zen, eta erabaki nuen hori hartzea gaitzat. Gero, tesia egiten ari nintzela, ebola-izurria gertatu zen, eta hori ere ikertu nuen”. Orain irakasle dabil unibertsitatean, baina, aldi berean, ikertzen jarraitzen du. Gizarte-irudikapenen arloan bertan, izurriteen odez, sexu-praktika arriskutsuen inpaktua aztertzen ari da. Horrez gain, hezkuntzaren eremuko gaiak ere ikertzen ditu.
Astronomia
NASA 1959an hasi zen zazpi gizonezko trebatzen astronauta izateko; Mercury Seven, deiturikoak. Baina programako ikertzaileari William Randolph Lovelace II.ak pentsatzen zuen emakumeak zirela espaziora joateko: txikiagoak eta arinagoak ziren eta erregai gutxiago beharko zen haiek espaziora bidaltzeko. Hala, FLAT (Lehen Emakumezko Astronauta Trebatuak) programa jarri zen abian. Hegaldietan 1.000 ordutik gorako esperientzia zuten hogei emakumezko piloturi egin zizkieten zazpi gizonezkoei egindako proba berak eta hamahiruk gainditu zituzten. 1962ko uztailean emakumeok Mercury programan ofizialki sartzeko eskaera egin zuten. Erantzuna NASAko ordezkari George Low-ek eta John Glenn eta Scott Carpenter astronautek eman zuten: emakumeek ez zituzten astronauta izateko baldintzak betetzen. Ingeniaritza titulua eta jet militarretako pilotu gradua behar zuten, baina garai hartan emakumeek debekatuta zeukaten Aire Armadako eskoletan ikastea.
Gure eguzki sisteman bertan beste planeta bat egon daitekeela pentsatzen dute aditu batzuek. Berriak azaltzen digu ustezko objektu horri X planeta edo bederatzigarren planeta deitzen zaiola. Hilabete honetan, Monthly Notices of the Royal Astronomical Society aldizkarian proposatu dute Neptunotik harago dauden 2004 VN112 eta 2013 RF98 izeneko objektuen ezaugarriek hor kanpoan planeta erraldoi bat dagoeneko hipotesia babesten dutela. Espektrografiaren bitartez, astronomoek espaziotik datorren argia ikertu eta objektu bakoitzaren konposizioa zein den jakin dezakete. Horrela konturatu dira bi asteroideon osaketa oso antzekoa dela. “Horregatik uste dugu iraganean objektu bikoitza zela, baina duela 5 eta 10 milioi urte arteko tartean Lurra baino 10 edo 20 aldiz masiboagoa den planeta ezezagun batek banatu zituela”, dio Julia de Leon Kanaria uharteetako Astrofisika institutuko ikertzaileak.
Teknologia
Handle izeneko robot gurpilduna aurkeztu berri du Boston Dynamics enpresak (Googlerena da Dynamics). 2 metroko garaiera dauka eta 20 km orduko abiadura har dezake, jauziak ere egin ditzake. Gurpilak eta hankak ditu eta ia edozein tokitan ibili daiteke. Etorkizuna hemen dugu!
Fisika
Euskal Herriko Unibertsitateko ikerketa batek bizia, hautespen naturala, ikaskuntza eta oroimena imitatu ditu simulagailu kuantikoen bidez. Termino berri bat ere sortu dute ikerketa horren kariaz: biomimetika kuantikoa, sistema kuantikoetan izaki bizidunek soilik dituzten propietate batzuk erreproduzitzean datza. Unai Alvarez-Rodriguez UPV/EHUko Kimika Fisikoa saileko ikertzaileak dio: “Interesgarria iruditu zitzaigun izaki bizidunek soilik dituzten propietate batzuk erreproduzitzeko gai ziren sistemak sortzea. Hau da, propietate horien dinamika analogoak dituzten informazio-protokoloak diseinatu nahi genituen”. Simulatzaile kuantikoen bitarteaz imitatzeko hautatutako prozesuak hautespen naturala, oroimena eta adimena izan ziren.
Geologia
Zeelanda Berria Australiatik bereizita dagoen beste kontinente baten parte dela defendatzen dute ikertzaile gehienek, zati handi bat ur azpian dagoena. Aspaldi jarri zioten Zeelandia izena. Orain, horri buruz egin diren ikerketa guztiak bildu dituzte. “Zeelandia ez da erdi urpean dauden puska kontinental batzuen bilduma soila; 4,9 milioi kilometro karratu dituen kontinente koherentea baizik”, aldarrikatu du Nick Mortimer ikertzaileak. Kontinente bat izateko lau baldintzetatik hiru betetzen ditu argi eta garbi: lurrazal ozeanikoaren gainetik goratzen da, bere materialek beste kontinenteek dituztenekin bat egiten dute, eta bere lurrazalaren lodiera 10-30 kilometro artekoa da.
Medikuntza
Berlineko zientzialari batzuek mina tratatzeko albo-ondoriorik gabeko botika sintetizatzea lortu dute. Analgesiko berria opioidea da, baina ez ditu eragiten morfinak eta beste opioideek izaten dituzten albo-ondorioak. Adibidez, goragalea, apnea, ultzerak, etab. NFEPP izeneko analgesiko berriak hantura-guneetan bakarrik eragiten du. Animaliekin egin dituzte entseguak eta ikusi dute handitutako ehunetan ahalmen analgesiko handia duela baina aldi berean, ehun osasuntsuek ez dutela analgesikoaren aurrean erreakzionatzen.
Asteon zientzia begi-bistan igandeetako atala da. Astean zehar sarean zientzia euskaraz jorratu duten artikuluak biltzen ditugu. Begi-bistan duguna erreparatuz, Interneteko “zientzia” antzeman, jaso eta laburbiltzea da gure helburua.
Egileaz: Uxue Razkin Deiako kazetaria da.