“Activa tu Neurona” podkastaren azken atalean, Atapuerca Fundazioaren patronatuko idazkari den José María Rodríguez Pongak esan zuen ez garela uste bezainbeste aldatu, eta denbora uste baino geldoago doala.
Onar dezagun gaur latin modernizatuaz hitz egiten dugula, edo aitzinako heroien izenak erabiltzen ditugula hilak izendatzeko. Ohar gaitezen era berean oraindik ere Kristautasuna nagusi den arren, erromatarren jainko-jainkosen izenetatik eratorri ditugula asteko egunen izenak.
Rodríguez Pongak ondorioztatu du “pentsatu nahi izaten dugu izugarri aurreratu garela, baina historia ez dago hain urrun”.
Horixe pentsa dezakegu hogei mende atzera begira jarri beharrean, 500.000 urte atzera begira jartzen bagara. Gure generoaren ohitura batzuk, garai hartatik daude indarrean, eta Erdi Pleistozenoan bezala gauzatzen ditugu.
Horixe uler dezakegu zientzi ikerketa berri baten emaitzetan. Lan horretan, Laura Martín-Francések hartu du parte, bere tesia egiten ari delarik Giza Eboluzioaren Ikerketa Zentro Nazionalean.
Azterketa horren ondorio modura ikusi ahal izan dugu Yiyuango (Txina Ekialdean) aztarnategiko Homo erectus espezieko hiru kidek, “zotzak” erabili zituztela ahoa garbitzeko. Nolabaiteko patologiaren mina arintzeko erabiliko zituzten, edo agian ohitura zen eragile, zientzialariek Quaternary International aldizkariaren artikuluan proposatzen dutenaren arabera.
Zotzak ala zurtoin gogorrak?
Joan den urtarrilean, CENIEHko Hortz Antropologiako talde bat Txinara joan zen, Homo erectusen hortzak aztertzeko. Hortzak 80.eko hamarkadaren hasieran aurkitu ziren, Beijingo Ornodunen eta Paleontropologiaren Institutuarekin zegoen akordio bati esker.
Ekortze-mikroskopia elektronikoaren bidez aztertu ziren hortzen arteko kontaktu-gainazalak, eta zientzialariek zotzen erabilerari egotzi diote gainazal horietan aurkitu zituzten markak. Ez ziren izango gaurko egurrezko pieza puntadunak bezalakoak eta ziur aski “landareen zurtoinak izango ziren, hortz artean sartzeko indarrari eusteko bezain gogorrak; geroago, hezurrezko zotzak hasiko ziren erabiltzen”, Martín-Fancésen hitzetan.
Zientzia Kaiera honetako Inbitatutako Sinadura atalean aurretik esan dugun bezala, Masaiena bezalako egungo tribu batzuek jarraitzen dute akaziako adarrak zotz modura erabiltzen.
Ildaskak eta ildoxkak
Laura Martón-Francések diosku “2 mm-rainoko ildaska nahiko nabaria ikus daitekeela”. Sekzio-ebakidura eginda, ondo antzeman daiteke tubulu era duela ildaskak, baina bere barruan, ildoxka oso finak daudela. Azken hauek zotzaren puntak berak eragingo zituen.
Ikerlariek ondorioztatu dute egungo hortz-zotzek eragiten dituztenen antzekoak direla garai hartako ildaska haien kokapena, morfologia eta tamaina. Artifizialki eragindako higidura hau, espezifikoa da Homo generoan, ez baita antzekoaren zantzurik aurkitu ez Australopitexus ez eta Parantropos generoetan?
Yiyuango marka horiek, Asian aurkitu diren zaharrenak dira, eta hala ere bat egiten dute Homo habilis, Heidelbergensis eta Neardental espezieen? markekin. Dieta-aldaketa bat gertatu zela onartuta uler daiteke hori guztia. “Dietak eragin du jokamolde hau. Izan ere, animali proteina gehiago jateak, okela hariak espazio horietan gelditzea ekarriko zuen. Material hori sendoagoa eta gogorragoa denez, ateratzeko zailagoa da eta hortz artean geratzen da. Horixe gertatzen zaio mundu guztiari urdaiazpiko ondua jatean”.
Pleistozenoko aztarna fosilen azterketa paleopatologikoa eskaintzen du Laura Martín-Francésen tesiak, baina aurretik, argitaratua zuen jadanik beste lan bat CNIEHko Hortz Antropologiako taldearekin. Bertan, Europako hortz-marka zaharrenak aztertu zituzten, eta berez, 1.2 milioi urteko hominido baten hortz-patologiak aztertu zituzten. Atapuercan (Burgos), Sima del Elefante izeneko aztarnategian aurkitu zuten hominido hori.
Zientzialariek proposatzen dituzten hipotesien artean besteak beste iradokitzen dute balitekeela ahoa garbitzeko, patologia batek eragindako min bat arintzeko edo ohitura bati jarraituta egin izana.
Hiru eragile aipatzen dituzte. Lehenik, baditugu medikuek idiopatia-eragile deitzen dituztenak, hau da, mania konpultsiboak, egun oraindik ere erraz ikus daitezkeenak. Bigarrenik, baliteke kariesa bezalako patologia batek eragindako mina arindu nahi hori egon izana. Hirugarrenik, ahoa garbitzea izan liteke helburu. Alegia, baliteke hortzen arteko hondarrak ateratzeko egin izana. .
Martín-Francések zioen bezala, ezer gutxi aldatu gara, betiko gauza gogaitgarri ditugu etsai.
Erreferentziak
-Sun, C., Xing, S., Martín-Francés, L., Bae, C., Liu, L., Wei, G., & Liu, W. (2014). Interproximal grooves on the Middle Pleistocene hominin teeth from Yiyuan, Shandong Province: New evidence for tooth-picking behavior from eastern China. Quaternary International, (0). doi:10.1016/j.quaint.2014.03.008
-Martinón-Torres, Martín-Francés et al., 2011. Early Pleistocene human mandible from Sima del Elefante (TE) cave site in Sierra de Atapuerca (Spain): A paleopathological study. Journal of Human evolution 61:1-11. http://dx.doi.org/10.1016/j.jhevol.2011.01.004
Egileaz: Javier San Martín (@SanMartinFJ) (@ACTIVATUNEURONA) kazetaria da, eta artikulu hau Activa Tu Neurona blogaren kolaborazioa da Zientzia Kaierarekin
Juan Carlos Odriozolak euskaratu du artikulua.
1 iruzkina
[…] Javier San Martín kazetariak Zientzia Kaiera blogean argitaratu duen artikuluan erakutsi digu, egun, izugarri aurreratu garela pentsatu arren, ohitura batzuk Erdi Pleistozenoan bezala gauzatzen ditugula. Zotzak erabiltzen ditugu sarri askotan. Ohiko gauza bat da batez ere otorduen ostean mahaiaren […]