Glukokortikoideen albo-ondorioak arintzeko tratamendu egokiena zein den aztertu dute
Lupus eritematoso sistemikoaren tratamendua ahotik glukokortikoideak hartzea izan da orain arte, nahiz eta jakinekoa zen farmako horiek albo-ondorio larriak eragiten dituztela epe ertain-luzera. Kortikoideen dosian segurtasun-atalaserik badagoen jakiteko, ikerketa bat egin du Gurutzetako Unibertsitate Ospitaleko ikerketa talde batek, eta emaitza argigarriak lortu ditu. Ikerketa horren eta lehendik egindako beste batzuen ondorioetan oinarrituta, pazienteei glukokortikoideen erabilera mugatzea, eta oinarrizko tratamendu gisa antipaludikoak ematea proposatzen dute.
Lupus eritematoso sistemikoa (LES) gaixotasun kroniko autoimmunea da. Organo bati baino gehiagori eragin diezaioke —nagusiki larruazala, artikulazioak eta giltzurrunak—, nahiz eta pazientearen arabera alde handia egon daitekeen gaitzaren hedaduran eta larritasunean. Hamar pazientetik bederatzi emakumezkoak dira, eta mila emakumetik bati eragiten dio.
Gurutzetako Unibertsitate Ospitaleko Gaixotasun Autoimmuneak Ikertzeko Unitateko buru Guillermo Ruiz Irastorzak azaldu duenez, orain arte nagusiki glukokortikoideekin (prednisona) tratatu da lupusa, nahiz eta duela zenbait urtetik bazekiten botika horiek albo-ondorio larriak dituztela. “Medikuok bagenekien modu jarraituan prednisona-dosi handiak emateak kalte atzeraezina eragiten duela, hala nola osteoporosia, hezurretako nekrosi abaskularra, diabetesa eta kataratak. Baina, hala ere, joera genuen albo-ondorio horiek gaixotasuna kontrolatzearen truke derrigor ordaindu beharreko prezio gisa ikusteko”.
Bestalde, talde horrek oraintsu egindako ikerketetan ondorioztatu du glukokortikoide-dosi txikiagoak ohikoak bezain eraginkorrak izan daitezkeela. Gainera, kasu larrienetan, pultsu-terapia, hau da, une batzuetan zainen bidez dosi handiak ematea, oso eraginkorra da eta, seguru asko, ez du beste tratamenduak adinako albo-ondoriorik.
Hori dela eta, diagnostikoa egin ondoren lau urtez ahotik prednisona hartzearen eta lehen bost urteetan pilatutako kaltearen arteko harremana ikertzea erabaki zuten Gurutzetako Unibertsitate Ospitaleko ikertzaileek. Ikerketa osatzeko, beste glukokortikoide baten (metilprednisolona) eragina ere aztertu zuten. Farmako hori zainen bidez ematen da, dosi handietan, une jakin batzuetan (gaixotasunaren fase larrienetan).
Ikerketan, 230 pazientek hartu zuten parte, haietatik 206 emakumeak. Batez beste, 35,75 urterekin diagnostikatu zitzaien lupusa. “Ikusi genuen laugarren urtearen amaieran paziente gehienak -% 80- prednisonaz tratatu zirela uneren batean eta, bosgarrenean, hamarretik ia lauk, % 37,8k, albo-ondorioren bat izan zuela”, zehaztu du Ruiz Irastorzak. Albo-ondorioak jasan zituzten pazienteek prednisona-dosi handiagoak hartu zituzten (10,4 mg/egun) albo-ondoriorik ez zutenek baino (6 mg/egun). Glukokortikoideei egotz dakiekeen kaltea ikertzean ere antzeko emaitzak lortu zituzten: eguneko dosiak 11 mg eta 7 mg-koak ziren, hurrenez hurren. Eta ez hori bakarrik: aurretik egindako ikerketek iradokitzen zuten moduan, baieztatu zuten albo-ondorioekiko lotura eguneko 7,5 mg-ko batez besteko dosiekin hasten zela. “Alegia, dosi hori gaindituz gero, albo-ondorio iraunkorrak ager daitezke”. Aitzitik, metilprednisolona-pultsuek ez dakarte kalterik.
Antipaludikoak, lupusa tratatzeko
Gurutzetako Unibertsitate Ospitaleak egindako ikerketa Rheumatology aldizkarian argitaratu dute. Hain zuzen, emaitza horiek erakutsi dute duela urte batzuetatik Gurutzetako Unibertsitate Ospitaleko Gaixotasun Autoimmuneen Unitatean erabiltzen ari diren jarraibideak onuragarriak direla. Ruiz Irastorza doktoreak nabarmendu du LES duten pazienteen oinarrizko tratamendua antipaludikoek izan behar dutela, zehazki hidroxiklorokinak; izan ere, hark nabarmendu duenez, “frogatua dago epe luzera glukokortikoideak baino eraginkorragoak direla lupusa kontrolatzeko, eta, gainera, albo-ondorio gutxiago dituzte. Azken horiek gaixotasunaren agerraldietan soilik erabili beharko lirateke”.
“Antipaludikoak LESari aurre egiteko egokiak direla halabeharrez jakin zuten Bigarren Mundu Gerran”, azaldu du doktoreak. “Baina ikusi dugu ezin egokiagoak direla lupusaren epe luzeko oinarrizko tratamendu gisa —paziente askoren kasuan terapia bakar gisa ere bai—, eta eragin onuragarria dutela epe luzeko biziraupenean. Modu horretan, glukokortikoideak gaixotasunaren agerraldietarako utz ditzakegu, eta badakigu kasu larrienetan metilprednisolona-pultsuak erabil ditzakegula, seguruak eta eraginkorrak baitira. Mantentze-tratamenduetarako, prednisona-dosiak ezin dira izan 5 mg/egun baino handiagoak; hori dela eta, kasu batzuetan beharrezkoa da farmako immunosupresoreak ere erabiltzea. Uste dugu jarraibide konbinatu horiek aukera seguru eta eraginkorra direla LES duten pazienteentzat”.
Iturria: Ruiz-Arruza I, Ugarte A, Cabezas-Rodriguez I, Medina J-A, Moran M-A, Ruiz-Irastorza G. “Glucocorticoids and irreversible damage in patients with systemic lupus erythematosus”. Rheumatology (2014) doi:10.1093/rheumatology/keu148