Ikaskuntza erdipresentziala, etxea ikasgela bihurtzen duen sistema

Dibulgazioa · EHUko ikerketa

Onlineko irakaskuntza eta konbentzionala elkarrekin konbinatzen ditu irakaskuntza konbinatuak edo erdipresentzialak. Gero eta gehiago ikusten ditugu erdipresentzialak diren ikastaro, master edota ikasketak iragarrita. Izan ere, aurreikuspenen arabera, ikaskuntza-mota hau hezkuntza-alor guztietara zabalduko da. Hau kontuan izanik, emaitzak plazaratu berri dituen UPV/EHUko ikerketa batek ikaskuntza konbinatua errazagoa eta eraginkorragoa bihurtzea izan du helburu.

Startup Stock Photos

Teknologian oinarritutako hezkuntzarako tresnen inguruko ikerketak garatzen dituzte Euskal Herriko Unibertsitateko GaLan ikerketa-taldean. Egiten duten lanaren adibidea da, esaterako, Maite Martinek ingeniari informatikoak ikaskuntza konbinatua edota erdipresentziala hobetzeko gauzatu duen sistema haren tesian. Análisis de interacciones de aprendizaje y generación de avisos multiusuario en entornos combinados, el aprendizaje combinado (blended-learning) doktorego-tesiaren bidez, ikaskuntza konbinatua errazago bihurtzea izan du xede Maite Martin ikertzaileak. Izan ere, ikertzailearen esanetan, “indar handiz iritsi dira teknologia berriak, eta sistema gehiagorekin lan egitera ohituta daude neska-mutikoak. ‘Betiko eskolak’, berriz, izugarri aspertzen ditu. Ikaskuntza konbinatua hor dago, eta ikasi beharra daukagu hartaz baliatzen eta denontzat lagungarri bihurtzen. Ez dadila izan dibertitzeko bakarrik”.

Ikaskuntza konbinatua erakargarria da eta hainbat abantaila ditu, Maite Martin ustez: “berriagoa da ikaslearentzat, eta ikasgelan balego bezala egin dezake lan etxean”. Baina baditu ere desabantailak, izan ere, “ordenagailu baten aurrean jarduten da ikaslea, eta oso erraz utz diezaioke ikasteari eta beste zerbaiti ekin”. Irakasleei, aldiz, “ikasleen gaineko kontroletik pixka bat galtzea gerta dakioke. Gehiago kostatzen da ikaskuntza konbinatuko ikastaro bat egitea ikastaro konbentzional bat baino; urtebeterako programatuta baldin badago, ordea, errazagoa izaten da hura berrerabiltzea. Egokitzapenak egitea, baina, asko kostatzen da; neketsua izaten da, ezagutza sisteman txertatu behar izaten baita. Errazagoak ditu mantentze-lanak, baina prestakuntza-lanak egin behar izaten zaizkio”, adierazi du tesiaren egileak.

Arestian aipatutako hutsuneak hobetze bidera, Maite Martinek irakasle, ikasle eta hezkuntza-plataformen arteko interakzioak aztertzeko tresna generikoak sortu ditu, feedback automatikoa eskaintzeko irakasleei zein ikasleei. Tresna hauek ikaskuntza/irakaskuntza-prozesuak erraztea eta hobetzea dute helburu, eta ikaskuntza-prozesu hori automatikoki monitorizatzea ere. Egindakoa inplementatu egin dute Euskal Herriko Unibertsitatean: “UPV/EHUko ikasle eta irakasleekin probatu dugu, eta feedback interesgarria eskaintzen duela ikusi dugu, murriztu egiten baitu datuak aztertzeko irakasleak behar duen denbora. Horrez gain, lagungarri da eguneroko lanerako, batez ere onlineko sistemak eta eskola presentzialak elkarrekin konbinatuta erabiltzen badira. Abstraktua da sistema edo arkitektura hori (SIgBLE); hori dela eta, lengoaia zehatz batzuetan inplementazio zehatz bat egin behar da”, azpimarratu du Martinek.

Ikertzaileari buruz

Maite Martin Roldán Donostian jaio zen 1977. urtean. Ingeniaritza Informatikako doktorea da. Donostiako Informatika Fakultatean burutu du ikerlanaren zati bat, GaLan ikerketa-taldean. Bestea, Birminghameko Unibertsitateko Electronic, Electrical and Computer Engineering saileko Open Learner Groupen egindako egonaldian landu zuen. Isabel Fernández de Castro katedraduna izan du tesiaren zuzendari.

Iturria:
UPV/EHUko komunikazio bulegoa: Ikaskuntza konbinatua, itzulerarik gabeko bidea.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko.Beharrezko eremuak * markatuta daude.