Koloreen aurkako gerra

Dibulgazioa · Gaztezulotik

Grisa, baina ez grisa kolore bezala, kontzeptu moduan baizik, gero eta gehiago ari da nagusitzen txorien munduan. Eta, sinetsi ala ez, klima-aldaketa dago horren atzean. Bitxia dirudi lehen entzutean: zer lotura izan dezake txorien kolorearekin klima-aldaketak? Bada, gehiago uste baino handiagoa.

Artikulu hau klima-aldaketari buruzkoa da. Eta koloreen ingurukoa. Izan ere, harremana topatu dute koloreen eta klima-aldaketaren artean. Harreman gatazkatsua, zehazki. Koloreek galtzen ari diren gatazka.

Izan ere, EHUko ikerketa batek aurkitu du txori espezie baten lumen koloreek distira galdu dutela azken 15 urteetan. Amilotx urdinaren inguruan ari gara, eta aurkitu dutena da dituen koloreak ez direla lehen ziren bezain koloretsuak.

kolore
1. irudia: (Argazkia: Francis Franklin – CC BY-SA 3.0 lizentziapean. Iturria: Wikimedia Commons)

Eta nola neurtu dute hau? Lehenengo eta behin, bi subespezie aukeratu dituzte eta jarraitu dituzte: Frantziako Mediterraneo kontinenteko Cyanistes caeruleus caeruleus eta Korsikako Cyanistes caeruleus ogliastrae .

Irudian ikus dezakezuen bezala, buruan koroa urdina eta papar horia dute hegazti txiki hauek. Eta horiek dira, hain justu, aztertutakoak: koroaren kolore urdina eta bularreko adabakiaren kolore horia.

Adi, baina! Kontua hemen ez baita bi kolore ezberdin aztertu dituztela. Bi motatako kolorazioa da aztertu dena. Batetik, buruko koroa, urdin kolorekoa eta egiturazko kolorazioa duena; hau da, argiaren errefrakzioa baliatzen duena kolorea “sortzeko”. Bestetik, paparreko kolore horia, pigmentuetan —karotenoideetan, zehazki— oinarritzen dena kolorea “egiteko”.

2005ean hasi eta 2019ra arte egin dituzte behaketak (5 800 baino gehiago) eta ikusi dute lumen kolorea goibeldu egin dela urterik urte, 2019an lumen koloreak ez direla 2005ean bezain koloretsuak.

Aldaketa honen oinarriaren bila, aldagai genetikoa aztertu dute ikerketan. Eta analisiek erakutsi dute amilotx urdinen kasuan ez dela aldaketa genetikoa izan, plastikoa baizik. Aldaketa plastikoa izateak esan nahi duena da ingurunera moldatzeko aldaketa dela.

Eta zeri egotzi diote ikertzaileek kolore-bizitasunaren galera hori? Klima-aldaketari. Lumen kolorearen aldaketa tenperaturaren igoeraren eta prezipitazioen murrizketaren konbinazioaren emaitza izan daitekeela uste dute. Izan ere, animalien osasunean eragina du klima-aldaketak, eta lumajeen koloreak txorien osasun-egoerarekin du harremana.

Laburbilduz, txorien lumen kolorea gandutzearen eragilea da klima-aldaketa.

Existitzen ez da, baina

Pentsatzen jarrita, benetan bitxia eta merezimendu handikoa da txorien moldaketa hau. Izan ere, existitzen ez den zerbait moldatzea ez da huskeria. Bai, irakurri duzuen bezala.

Ez dut burua galdu (momentuz eta ofizialki, behintzat). Argi eta garbi esango dut: koloreak ez dira existitzen. Bat bera ere ez. Ez urdina, ez horia ez gustukoen duzuen hori.

Baina nola ez dira existituko koloreak? Ba, ez. Ez dira existitzen. Zer da, orduan, ikusten duguna? Argia, noski. Argi eta garbi (je) esan dudana. Gure begiek ikusten dutena argia da, koloreak gure garunak asmatuak dira.

Begietatik sartzen den argiaren luzera ezberdinek gure zelula fotohartzaileak estimulatzen dituzte, eta garunak erabakitzen du uhin-luzera horietako bakoitza zein koloretakoa den. Koloreak, berez, ez dira existitzen, argia da gakoa.

Eta nola pentsamendu kritikodun irakurleak zareten eta ez duzuen bere horretan sinetsi behar esaten dudan guztia, frogak ditut. Erreparatu ondo amilotx urdinaren bigarren argazkiari. Begiratu ondo eta arretaz. Garbitu betaurrekoak. Hurbildu zaitezte argazkira. Ikusten dituzu kolore ezberdinetako saretxoak?

Berez, zuri-beltzean dago argazkiko txoria. Benetan. Begiratu ondo. Gainetik koloredun sarea baino ez zaio ezarri. Eta zuen garunak eman dio kolorea argazkiari. Hor ez dagoen zerbait asmatu du zure garunak eta kolorea ikusi duzu. Ilusio optiko hori Color Assimilation deitzen da eta frogatzen du zure garunak pista gutxi behar dituela kolorearen informazioa “betetzeko”.

Horra, frogatuta. Eta aurrekoari helduta, broma gutxi klima-aldaketarekin. Existitzen ez direnak ere apaltzeko gaitasuna baitu.

Iturriak:

Amilotx urdinaren lumen distira moteldu da. (2022ko uztailaren 12an). Zientzia Kaiera.

Kuromusha [@chrome-cgi]. Color Assimilation Grid Illusion. Copeden

Conchi Lillo [@ConchiLillo]. (2024ko maiatzaren 24a). Rellenas con rojo porque hay cian alrededor, que es el color complementario. Este efecto se llama ‘color assimilation. X. https://x.com/ConchiLillo/status/1793988004148846837


Egileaz:

Ziortza Guezuraga (@zguer.bsky.social‬) kazetaria da eta Euskampus Fundazioko Kultura Zientifikoko eta Berrikuntza Unitateko zabalkunde digitaleko arduraduna.


Jatorrizko artikulua Gaztezulo aldizkarian argitaratu zen 2024ko irailean, 264. zenbakian.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko.Beharrezko eremuak * markatuta daude.