Asteon zientzia begi-bistan #543

Zientzia begi-bistan

Asteon zientzia begi-bistan igandeetako gehigarria da. Astean zehar sarean zientzia euskaraz jorratu duten artikuluak biltzen ditugu. Begi-bistan duguna jaso eta laburbiltzea da gure helburua.

eragina
Irudia: Saikat Bhowmik – Iturria: Pexels

Neurozientzia

Nature Metabolism aldizkarian argitaratutako ikerketa batean, maratoilarien garuneko mielina-mailak aztertu dituzte. Emaitzek erakutsi dute lasterketaren ondoren mielina gutxitu egiten dela zenbait eremutan, baina bi hilabetera guztiz berreskuratzen dela. Horrek adierazten du mielinak energia-iturri gisa joka dezakeela erresistentzia-ariketan, garunaren metabolismo energetikoan funtzio ezezaguna zuela orain arte. Aurkikuntzak ikuspegi berriak irekitzen ditu gaixotasun desmielinizatzaileen tratamenduak garatzeko, hala nola esklerosi anizkoitzarako. Azalpenak Zientzia Kaieran.

Klima-aldaketa

EHUko ikerketa batek frogatu du amilotx urdinen lumajeak distira galdu duela 2005etik 2019ra, kolore urdin eta horiak ilundu direlarik. Ez da aldaketa genetikoa izan, plastikoa baizik: ingurunera moldatzeko erantzuna. Arrazoi nagusia klima-aldaketa dela ondorioztatu dute, tenperatura igoerak eta prezipitazio gutxiagoek txorien osasunean eragina dutelako. Ikerketaren nondik norakoak Zientzia Kaieran.

Biomedikuntza

Maddalen Zufiaurre Seijo biomedikuak erretinitis pigmentarioa ikertzen du Vall d’Hebron ospitaleko taldean. Gaixotasun arraro eta herentziazkoa da, tratamendurik gabea, eta ikusmena pixkanaka galtzea eragiten du. Organoideak baliatzen dituzte ikerketan: pazientearen zelula arruntetatik abiatuta, zelula ametara itzuli eta horietatik erretina antzeko egitura bat sortzen dute laborategian. Horri esker, pazientearen erretina mimetizatuta, gaixotasunaren funtzionamendua eta terapiak azter daitezke, animaliak gutxiago erabiliz. Organoideek, ordea, immunitate- eta baskular-sistemarik ez dute; horregatik, oraindik ezin dituzte erabat ordezkatu. Zientzialari honen inguruko informazio gehiago Berrian.

Osasuna

CSICek gidatutako ikerketa batek frogatu du gau beroek heriotza-arriskua handitzen dutela, eta gaueko tenperaturen eragina bereizita dagoela egunekoetatik. Gaueko beroak ez dio gorputzari egunean pilatutako estres termikotik berreskuratzen uzten, loaren kalitatea kaltetzen du eta gaixotasun kardiobaskularrak, neurologikoak eta arnasketakoak larriagotzen ditu. Hirietan, uharte-efektua gehitzen zaio, eta bereziki kaltetuak dira adinekoak, kronikoak eta baliabide urrikoak. Environment International aldizkarian argitaratu dute 1990-2018 bitartean, 44 herrialdetako 178 herritan (tartean Euskal Herrikoak) eta bi indize termiko erabiliz (gehiegizko tenperatura eta gau beroen iraupena) egindako ikerketa. Ikerlariek alerta-sistemetan gauaren eragina txertatzea, hiri-berdeguneak handitzea eta babesleku klimatikoak sortzea proposatu dute. Xehetasunak Elhuyar aldizkarian.

Geologia

Blanca Martinez geologian doktoreak Zientzia Kaierako artikuluan Alaskako urre meatzaritzaren historia eta geologia azaltzen du, La Fiebre del Oro telesailaren harira. Urre deposituak duela milioika urte sortu ziren, plaken talken eta magma-prozesuen ondorioz, eta ibaiek zein glaziarrek plazer motako hobietan pilatu zituzten. Meatzariek lurpeko hobiak aurkitzeko bi teknika nagusi erabiltzen dituzte: erresistibitate elektrikoa, lurpeko egitura eta sakonera mapatzeko; eta zundaketa laginak, analisi geokimiko eta baheketa bidez kontzentrazioa kalkulatzeko. Telesailak prozesu horiek modu sinplifikatuan baina zehaztasun zientifikoarekin azaltzen ditu, geologiaren garrantzia azpimarratuz.

Ingurumena

AZTIk koordinatutako GES4SEAS proiektuak agerian utzi du Europako Batasunaren itsas babesean gabezia estrukturalak daudela, eta premiazko neurriak eskatu ditu ekosistemetan kalte atzeraezinak saihesteko. Itsas Estrategiari buruzko Esparru Zuzentaraua (2008) bete den ebaluatzean ikusi dute giza presioek (gehiegizko arrantza, kutsadura, espezie inbaditzaileak eta klima-aldaketa) modu metatuan eragiten jarraitzen dutela, eta erantzunak ez direla eraginkorrak. Eskualdeen artean alde handiak daude: Baltikoan eta Ipar Itsasoan emaitza hobeak dira, baina Mediterraneo ekialdean datu-hutsune handiak daude. Informazio guztia Elhuyar aldizkarian.


Egileaz:

Enara Calvo Gil kazetaria da eta EHUko Kultura Zientifikoko Katedraren komunikazio digitaleko teknikaria.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko.Beharrezko eremuak * markatuta daude.