Medikuntza birsortzaileari lotutako kornea birsortzeko konponbideak

Argitalpenak · Dibulgazioa

Giza kornea begiaren kanpoaldean kokatzen den ehuna da eta gardentasuna, abaskulartasuna (odol-hodirik ez izatea) eta egitura espezifiko bat izatea ditu ezaugarri. Bost geruzaz osatuta dago, eta bakoitzak osaera eta funtzio ezberdina du. Geruza hauek modu koordinatuan jarduten dute ikusmena bermatu eta kanpoaldeko erasoen aurrean begia babesteko. Hala, korneak kanpoko mehatxuekiko hesi funtzioa betetzeko eta argia transmititzeko berebiziko garrantzia duenez, edozein kaltek zuzenean eragin dezake ikusmenaren kalitatean, ikusmen-zolitasuna narriatuz. Gaur egun, korneako transplantea kornea-itsutasuna duten pazienteen ikusmena lehengoratzeko tratamendu nagusi gisa ezarrita dago. Hala ere, emaileen urritasunak aukera terapeutiko horretarako sarbidea mugatzen du, paziente asko konponbide eraginkorrik gabe utziz. Egoera horrek kornea-ordezkoen garapenari buruzko ikerketa bultzatu du, batez ere azken urteetan; izan ere, hidrogelak sortzeko egindako aurrerapenek aukera berriak eskaini dituzte ehuna modu partzialean edo bere osotasunean ordezkatzeko.

kornea
Irudia: hidrogelak sortzeko egindako aurrerapenek aukera berriak eskaini dituzte kornearen ehuna modu partzialean edo bere osotasunean ordezkatzeko. (Argazkia: Danish Ramlee – pexels lizentziapean. Iturria: Pexels.com)

Medikuntza birsortzailea, etengabeko bilakaeran dagoen jakintza-adar anitzeko diziplina, kaltetutako ehunak birsortzeko, konpontzeko edo ordezteko soluzioen garapenean zentratu da. Testuinguru horretan, zelula amak, biomaterialak eta seinale kimikoak edo fisikoak erabiltzea funtsezkoa da. Garatutako irtenbideak konplexuak badira ere, estrategia horiek ehunak birsortzeko eta konponketa-erantzun eraginkorrenak bideratzeko aukera ematen dute. Korneari dagokionez, hainbat ikuspegi terapeutiko aztertu dira gainditu nahi den lesio edo gaixotasun motaren arabera, zelula amen erabileratik hasi eta ehunen birsorkuntzarako euskarri gisa jarduten duten materialen garapeneraino.

Korneako lesioak tratatzeko ikertzen ari diren soluzio guztien artean, bi estrategia dira nagusi: zelula-xaflen ingeniaritza eta 3 dimentsiotako euskarrietan oinarritutako ingeniaritza. Zelula-xaflen ingeniaritzak (ZXI) zelulen monogeruza baten in vitro garapena dakar, hau da, zelulek beraiek ehunarentzako euskarria izango dena sortzen dute transplantatu aurretik. Estrategia hau estimuluei erantzuten dieten materialekin egindako zelulentzako hazkuntza-substratuen erabileran oinarritzen da. Faktore estimulatzaileak aldatuz, hala nola tenperatura, entzimak, argia, ioiak, erredox erreakzioak, pH-a, azukrea, etab., zelulak substratura atxikitzeko portaera erregula daiteke, zelulak modu naturalean askatzeko.

Bigarren estrategia ehunaren mikroingurunea antzeratzen eta estimulatzen duten eta zelulentzako euskarri izango diren substratu edo matrize mota ezberdinen garapenean oinarritzen da. Euskarri horiek forma ezberdina (mintzak, lenteak, hidrogelak etab.) hartu dezakete, material naturalez, sintetikoz edo konbinatuz osatuta egon daitezke eta zelula edo molekula bioaktiboak izan ditzakete, kaltetutako ehuna sendatzen laguntzeko. Aukeren artean, hidrogel formako biomaterialak larritasun desberdineko korneako zauriak tratatzeko etorkizun handiko konponbideak dira. Hidrogelen propietate fisiko moldagarriek, biodegradagarritasunak eta bioaktibitateak zelulentzako onuragarria den mikroingurunea antzeratzea ahalbidetzen dute. Hidrogel-materialak erraz molda daitezke, eta horrek aurrerapen handiak ekarri ditu in vitro ikerketa eta klinikarako kornea-ehuna ordezteko aukera eraginkorretan. Hala, lan honetan, hainbat lesio kornealetarako hidrogel-materialen eta terapia ezberdinen aplikazioa laburbiltzen dugu.

Artikuluaren fitxa:

  • Aldizkaria: Ekaia
  • Zenbakia: 47
  • Artikuluaren izena: Medikuntza birsortzaileari lotutako kornea birsortzeko konponbideak.
  • Laburpena: Giza kornea begiaren kanpoaldean aurkitzen den ehuna da, eta gardentasuna, abaskulartasuna eta egitura espezifikoa ditu ezaugarri. Osaera eta funtzio ezberdinak dituzten bost geruzaz osatuta dago, eta modu koordinatuan jarduten dute ikusmena bermatu eta kanpoaldeko erasoen aurrean begia babesteko. Kornea kanpoko mehatxuetatik babesteko eta argia transmititu eta errefraktatzeko funtsezkoa denez, ehun horretan jasandako edozein kaltek ikusmen-zorroztasuna kaltetzen du. Gaur egun, korneako transplantea kornea-itsutasunaren tratamendu nagusi gisa ezarrita dago; hala ere, kornea-emaileen urritasunak paziente asko kornea-transplanteak egiteko aukerarik gabe uzten ditu. Egoera horrek hainbat kornea-ordezkoren garapena sustatu du. Azken hamarkadan hidrogel berrien garapen eta optimizazioan egindako aurrerapenek kornea modu partzialean edo bere osotasunean ordezteko konponbide berriak garatzea ekarri dute. Hidrogel-materialak erraz molda daitezke, eta horrek aurrerapen handiak ekarri ditu in vitro ikerketarako eta klinikarako kornea-ehuna ordezteko alternatiba eraginkorretan. Hala, lan honetan, hainbat lesio kornealetarako praktika klinikoan ohikoak diren hidrogel-materialen aplikazioa laburbiltzen dugu.
  • Egileak: Cristina Romo-Valera, Maddalen Rodriguez-Astigarraga, Jon Arluzea eta Noelia Andollo
  • Argitaletxea: EHUko argitalpen zerbitzua
  • ISSN: 0214-9001
  • eISSN: 2444-3255
  • Orrialdeak: 29-255
  • DOI: 110.1387/ekaia.26413

Egileez:

Cristina Romo-Valera, Jon Arluzea eta Noelia Andollo EHUko Medikuntza eta Erizaintza fakultateko Zelulen Biologia eta Histologia Saileko eta IIS Biobizkaia Osasun Ikerketarako Institutuko ikertzaileak dira.

Maddalen Rodriguez-Astigarraga EHUko Medikuntza eta Erizaintza fakultateko Zelulen Biologia eta Histologia Saileko ikertzailea da.


Ekaia aldizkariarekin lankidetzan egindako atala.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko.Beharrezko eremuak * markatuta daude.