«Ingurunea nolakoa, neurogarapena halakoa»: burmuinetik eratorritako faktore neurotrofikoaren (BDNF) eragina fetu-garaitik nerabezaro arte

Argitalpenak · Dibulgazioa

Giza garuna, sistema biologiko guztien artetik konplexuenetarikoa izan arren, azken hamarkadetan zehar, ugaztunen garun garapenaren oinarrizko etapa eta mekanismoak ulertzeko bidean aurrerapen esanguratsuak egin dira. Zehazki, neurogarapena, haurdunaldiko enbrioi garaitik hasi eta nerabezaro arte luzatzen den aldaketa sekuentzia ordenatu, dinamiko eta egokitzaile bat bezala definitu izan da.

Bizitza fetalaren lehen sei hilabeteetan jada, garun egitura orokor bat lortzen da, eragin genetikoek bultzatuta. Neurogarapenak aurrez zehaztutako osagai genetiko bat badu ere, genetikaren pisuak behera egiten du, eta haurdunaldiaren hirugarren hiruhilekoaz geroztik, inguruneko faktoreen eraginak funtsezko garrantzia hartzen du, batez ere, jaio aurreko garun garapenaren azken faseetan eta jaio osteko fase goiztiarrean. Garun garapenaren bilakaera beraz, faktore genetiko/biologikoen eta inguruneko eragin eta esperientzien arteko interakzioek gidatzen dute, genetikaren eta ingurunearen arteko elkarrekintza prozesu baten bidez.

neurogarapena
Irudia: Neurogarapenak aurrez zehaztutako osagai genetiko bat badu ere, genetikaren pisuak behera egiten du eta inguruneko faktoreen eraginak funtsezko garrantzia hartzen du. (Argazkia: MYKOLA OSMACHKO – pexels lizentziapean. Iturria: Pexels.com)

Elkarreragin hau, garun garapen osoan zehar ematen diren mekanismo epigenetikoen bidez gertatzen da. Epigenetika, denbora-eskala luzeetan zehar, DNA-k transmititzen duen informazioa eraldatzen duen prozesua da, adierazpen genetikoaren aktibazio eta desaktibazio bidez. Mekanismo epigenetiko hauek, azken hamarkadetan oso aztertuak izan dira, eta badirudi, neurogarapenean sortutako fenotipoek, helduaroan iraunkorrak diren efektuak ekar ditzaketela. Bada, denboraldi kritiko hauetan gertaturiko esperientziek, garunaren egitura eta funtzioa eraldatu, eta ondorioz, nahasmendu psikologikoen zaurgarritasunean inpaktua izango dutela frogatu izan da.

Inguruneko faktoreekiko sentikorra den eta gainera neurogarapenean funtsezko funtzioa betetzen duen faktore bat, burmuinetik eratorritako faktore neurotrofikoa da (BDNF; brain-derived neurotrophic factor). Zehazki, ama zelula neuralen biziraupen eta desberdintzean, garapen neuronalean, sinapsien formakuntzan, neuroplastizitatean eta nerbio sistemaren biziraupenean parte-hartzen duen proteina bat da, izen bera daraman genearen espresioak bultzatzen duena. Beraz, esan daiteke, behar bezalako neurogarapena lortzeko, BDNF maila egokiak ezinbestekoak ditugula. Garuneko BDNF mailak aldakorrak direnez gero, BDNF genearen adierazpenean eman daitezkeen aldaketek, garun-gune batzuen ezohiko funtzionamendua sorrarazi dezakete. BDNF adierazpenaren inguruan azken bolada honetan egin diren ikerketek, interes berezia izan dute BDNF genearen erregulazio epigenetikoan. Ebidentziak adierazi duenez, zenbait inguruneko faktorek, batez ere garapenean ematen direnean, BDNF genean iraunkorrak diren aldaketa epigenetikoak eragiten dituzte eta hauek, BDNF-aren adierazpena erregulatzen dute, nahasmendu psikiatrikoen zaurgarritasunean inpaktua izanik. Beraz, badirudi normala ez den BDNF proteina mailak, nahasmendu psikiatriko eta neurologikoen garapenean paper garrantzitsua betetzen duela.

Egun, inguruneko faktore ezberdinek neurogarapenean duten inpaktua ikertzen diharduten ikerketa-lerroak ugariak dira. Alde batetik, haurdunaldiarekin, haurdun dagoen amarekin eta erditzearekin erlazionatutako faktore anitz izan dira ikerketen jomuga, esaterako: amaren gorputz masa indizea (GMI), elikadura, gogo-aldartea, estresa, nahasmendu psikologikoak, toxikoekiko esposizioa, droga kontsumoa, gurasoen adina, haurdunaldiko zailtasunak (preeklampsia, plazentaren hantura, etab.), erditze mota eta haurraren goiztiartasuna izan dira ikertu diren faktoreetariko batzuk. Bestalde, jaio ondorengo hainbat faktoreen eta neurogarapenaren arteko erlazioa ere ikertu izan da. Hala nola, ingurumen faktoreak (toxikoekiko esposizioa, ingurune fisikoa, ingurumen-zarata, bizilekuaren baldintzak, etab.), adin goiztiarreko zailtasunak, elikadura, jarduera-fisikoa eta tabako eta alkohol kontsumoa izan dira gehien ikertu diren jaio ondorengo gertaerak.

Faktore guzti hauek, BDNF mailak igotzearekin edota jaistearekin harremandu izan dira, neurogarapenerako arrisku eta babes faktoreak ezberdinduz. Esaterako, haurdunaldiari dagokionez, amaren estres maila altua, Bisfenol A sustantzia kimikoarekiko esposizioak, gantz kantitate altuko dietak eta alkohol eta tabako kontsumoak, BDNF maila baxuekin erlazionatu izan dira haurretan, bai eta jaio ondorengo haurtzaro goiztiarreko estresa eta nerabezaroko alkohol kontsumoa.

Amaitzeko, azpimarratzekoa da neurogarapenean inpaktua duten inguruneko faktore kaltegarri eta onuragarrien eta hauen ondorioen ezagutzak, garai kritiko hauetan prebentzioan eta osasunaren sustatzean lan egitea bermatzen digula neurogarapeneko nahasmenduekiko zaurgarritasuna jaisteko eta osasun mentala sustatzeko helburuarekin.

Artikuluaren fitxa:

  • Aldizkaria: Ekaia
  • Zenbakia: 47
  • Artikuluaren izena: «Ingurunea nolakoa, neurogarapena halakoa»: burmuinetik eratorritako faktore neurotrofikoaren (BDNF) eragina fetu-garaitik nerabezaro arte.
  • Laburpena: Neurogarapena haurdunaldiko enbrioi-garaitik hasi eta nerabezaro arte luzatzen den aldaketa-sekuentzia ordenatu, dinamiko eta egokitzaile gisa definitzen da. Aldi horretan zehar, garun-garapena faktore genetikoen eta inguruneko eragin eta esperientzien arteko elkarrekintzan gauzatzen da. Badirudi, haurdunaldia eta haurtzaroa bezalako etapa kritikoetan gertaturiko esperientziek garunaren egitura eta funtzioa eraldatu dezaketela mekanismo epigenetikoen bidez, eta, ondorioz, nahasmenduen zaurgarritasunean inpaktua izango dutela. Inguruneko faktoreekiko sentikorra den eta gainera neurogarapenean funtsezko funtzioa betetzen duen faktore neurotrofiko bat burmuinetik eratorritako faktore neurotrofikoa da (BDNF; brain-derived neurotrophic factor) . neurogarapena behar bezala gauzatu dadin BDNF-maila egokiak beharrezkoak direnez gero, gerta daitezkeen aldaketek garun-gune batzuen ezohiko funtzionamendua ekar dezakete, nahasmendu neuropsikiatrikoen zaurgarritasuna handituz. Lan honen helburua da, beraz, neurogarapenean eragina duten haurdunaldiko, haurtzaroko eta nerabezaroko faktoreak identifikatzea eta BDNFk inguruneko faktoreen eta neurogarapenaren arteko harremanean duen zeregina azaltzea.
  • Egileak: Maialen Paniego, Aitziber Azurmendi eta Nerea Lertxundi
  • Argitaletxea: EHUko argitalpen zerbitzua
  • ISSN: 0214-9001
  • eISSN: 2444-3255
  • Orrialdeak: 165-186
  • DOI: 10.1387/ekaia.26059

Egileez:

Maialen Paniego EHUko Psikologia Fakultateko ikertzailea da.

Aitziber Azurmendi EHUko Psikologia Fakultateko eta Biogipuzkoako ikertzailea da.

Nerea Lertxundi EHUko Psikologia Fakultateko, Biogipuzkoako eta CIBERESP zentroko ikertzailea da.


Ekaia aldizkariarekin lankidetzan egindako atala.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko.Beharrezko eremuak * markatuta daude.