Grissel Trujillo de Santiago: «Biofabrikazioak aukera ematen dit zientziatik lan egiteko eta benetako arazoak konpontzeko»

Ikertzen dut

Grissel Trujillo de Santiago doktorea Monterreyko Teknologikoko irakasle ikertzailea da, bai eta Alvarez-Trujillo laborategiko zuzendarietako bat ere. FORMA Foods-eko Chief Scientific Officer da, hurrengo belaunaldiko haragi produktuetan ikuspuntua jarrita duen enpresa. Ikertzaileen Sistema Nazionaleko kidea da (2. mailakoa), eta Mexikoko Zientzien Akademiako kide erregularra.

Kimikari farmazeutiko biologoa da Nuevo Leóngo Unibertsitate Autonomoan, eta Zientziakomaisua eta doktorea Monterreyko Teknologikoan. Doktorego osteko bi urteko egonaldia egin zuen Harvarden eta MITen. Ikerketa egonaldi ugari egin ditu Indiako eta Italiako prestigio handiko unibertsitateetan.

3D inprimaketa eta bioinprimaketa kaotikoaren asmatzaile liderra da. Bere ikerketa ildoek bioinprimaketari eta biomaterialen ingeniaritzari buruz dihardute. Patente mexikar bat eta patente prozesuan dauden sei teknologia ditu. 80 artikulu baino gehiago argitaratu ditu nazioarteko aldizkari zientifikoetan, eta 7.500 aldiz baino gehiagotan aipatu dute.

Beste beste, Zientzien Akademia Mexikarraren (AMC) zientzialari gazteentzako 2023ko ikerketa saria (AMC) jaso zuen, Kimikaren arloko 2024ko lider emergentea da American Chemical Society-ren eskutik, L ‘Oréal-UNESCO-AMC fundazioaren “Zientziako Emakumeentzat” beka jaso zuen 2019an, SEP Reconoce-k bioinprimaketan egindako lana nabarmendu zion 2022an, ISBFk emandako “Professional Development Award” saria jaso zuen 2023an, bere jaioterriak “Herritar Nabarmena” izendatu zuen, eta Monterreyko Ingeniaritza eta Teknologia Zientzien Eskolako irakasle nabarmenen zirkuluko kide da. Mario Álvarez kidearekin batera jaso zuen CINVESTAV-ek eta Neolpharma-k emandako Bioteknologiako Berrikuntzaren saria, bai eta Rómulo Garza 2022 saria ere, “Ekintzailetzara daraman ikerketa” kategoriaren lehenengo edizioan.

Grissel Trujillo de Santiago
Irudia: Grissel Trujillo de Santiago. (Argazkia: Mujeres con Ciencia).

Zein da zure ikerketa arloa?

Nire ikerketa arloa biofabrikazioa da: zientzia materialak, biologia eta ingeniaritza elkartzen dituen alorra da, egitura biziak diseinatu eta eraikitzeko. Bereziki, fluxu kaotikoetan oinarritutako 3D inprimaketako teknologiak garatzen espezializatzen naiz. Horiei esker, material bigunen barruan arkitektura konplexu eta funtzionalak sor daitezke, hala nola hidrogelak. Teknologia horiek medikuntza birsortzailean, eredu biomedikoetan, belaunaldi berriko elikagaietan eta beste muga emergente batzuetan aurrerapenak sustatzen dituzte. Barne antolaketa duten eta naturan inspiratuta dauden egiturak fabrikatzeko modu sinple baina boteretsuak aurkitzearen zale amorratua naiz.

Zergatik zabiltza arlo horretara?

Izugarri hunkitzen nau naturak printzipio sinpleetatik abiatuta egitura adimendunak, eraginkorrak eta ederrak nola sortzen dituen ikusteak, hau da, konplexutasuna sinpletasunaren bidez sortzea. Zientziatik abiatuta logika natural horri heltzea eta teknologia bihurtzea da mundu osasungarriago, bidezkoago eta jasangarriago bat sortzen laguntzeko dudan modua. Gainera, biofabrikazioak aukera ematen dit zientziatik lan egiteko eta benetako arazoak ebazteko, gehien maite dudanarekin konektatzen nauen sormenezko dimentsio batekin:xede bat izanda eraikitzea.

Arlo horri esker, amets handiak izan ditzaket eta modu zehatzean jardun:mikroegituratutako konstruktu bat laborategian diseinatzetik, lan horrek osasunean duen inpaktu errealarekin, elikadurarekin edo ingurumenarekin konektatzeraino. Zientzian aritzeko eta horretaz gozatzeko modua da, baina beti bizitzak eraldatzeko xedearekin.

Izan al duzu erreferenterik zure ibilbidean?

Izugarri inspiratu nauten pertsona ugari egon dira. Esparru akademikoan, Ali Khademhosseini, Mario Moisés Álvarez, Ernesto Di Maio eta Cecilia Rojas mentoreek zientziari buruz irakasteaz gain, osotasunari, ikuspegiari eta lidergoari buruz ere irakatsi zidaten. Horrez gain, Anthony Atalaren, Bob Langerren eta Jennifer Lewis eta Neri Oxman bezalako emakumeen lana eta ikuspegia ere izugarri miretsi ditut; izan ere, alorra sormenez, zorroztasunez eta ausardiaz irauli dute.

Baina, zalantza barik, nire erreferentziazko irudi nagusia nire ama izan da. Bizitzaren aurrean izan beharreko sendotasunaren, erresilientziaren, jakituria praktikoaren eta alaitasunaren eredu izan da niretzat,etengabeko iparrorratza.

Zer da zure alorrean deskubritu edo ebatzi nahi zenukeena?

Nire bihotza betetzen duena horretarako beharra duten pazienteentzat organo funtzionalak inprimatzea da. Zenbait aitzindari garrantzitsurengandik, hala nola Anthony Atalarengandik, jaso nuen ametsa da eta horrekin bat egin nuen nire konpromiso eta indar osoz. Urratsez urrats, aurrerapen bakoitzarekin aurrera eginez, horra hel gaitezkeela pentsatzeak hunkitu egiten nau.

Baina bide horretan oso garrantzitsuak diren beste arazo batzuetarako konponbideak ere sor ditzakegu: gaixotasunak ikertzeko eredu berrietatik elikagai jasangarriagoak ekoizteko teknologietara. Asko axola dit egiten dugunak ingeniari eta zientzialari bikainak prestatzeko balio dezala, proiektu eraldatzaileen liderrak izan daitezen.

Eta nire ametsa da ideia horiei esker prestatzen ditugun pertsona horientzat profil altuko lanak eskainiko dituzten elkarteak sortzea; Mexikotik ezagutzan oinarritutako ekonomia eraiki ahal izatea, independenteagoa, oparoagoa eta bilakatuagoa. Zientziak eta teknologiak loratuko den gizartea erein dezatela:gizatiarra, sortzailea, independentea eta ekitatiboa. Ez gaitzatela soilik gure kultura sutsuagatik ezagutu (koloreak, musika, alaitasuna), baita sortzen ditugun ezagutzagatik eta teknologiengatik ere, eta gure asmamenagatik, problema konplexuak ebazteko dugun gaitasungatik eta gure zientzialarien bikaintasungatik.Mexikok distira egin dezala, baita inspiratu ere.

Zein aholku emango zenioke ikerketaren munduan hasi nahi duen norbaiti?

Deiari entzun diezaiotela. Ez da guztientzako ibilbidea, baina sentitzen badute beren izaerarekin bat egiten duela, orduan merezi du. Ikerketa ez da lana, xededun bidea baizik, etengabeko hazkuntza eskatzen duena. Eta benetako edozein hazkuntza bezalaxe, batzuetan mingarria edo deserosoa da. Zalantza, neke, frustrazio… uneak daude, baina baita deskubrimenduko, lotura sakoneko eta benetako alaitasuneko uneak ere.

Pasioa behar da, baina baita diziplina, erresilientzia eta berriro hasteko gaitasun handia ere.Izan inguruan erronkak proposatzen dizkizuten, zaintzen zaituzten eta inspiratzen zaituzten pertsonak. Eta egin zientzia maitasunez, zorroztasunez eta xede jakin batekin. Saia zaitez arazo garrantzitsuak ebazten eta gainerakoei zerbitzatzen; izan ere, denbora eta baliabideak beti dira mugatuak. Horregatik, gure mundua eraldatzeko erabiltzea merezi du (beti onerako).


Jatorrizko elkarrizketa Mujeres con Ciencia blogean argitaratu zen 2025eko abuztuaren 2an: “Grissel Trujillo de Santiago: «La biofabricación me permite trabajar desde la ciencia para resolver problemas reales»“.

Itzulpena: EHUko Euskara Zerbitzua.


Ikertzen dut atalak emakume ikertzaileen jardunari erreparatzen die. Elkarrizketa labur baten bidez, zientzialariek azaltzen dute ikergai zehatz bat hautatzeko arrazoia zein izan den eta baita ere lanaren helburua.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko.Beharrezko eremuak * markatuta daude.