Nola baldintzatzen du hiri-inguruneak herritarren elikadura?

Argitalpenak · Dibulgazioa

Ohikoak bihurtzen ari dira hiri-osasunari buruzko ikerketak, hiriek eta auzoek pertsonen bizi-ohituretan eta osasunean duten eragina aztertzeko. Herritarren osasunarekin harremana duten faktoreen artean elikadura da ohitura aldagarririk nabarmenena. Izan ere, mundu mailan ematen diren 5 heriotzetatik 1 ekidin daiteke dietaren kalitatea hobetzen baldin bada. Baina elikadura osasuntsuak modu eraginkor batean sustatu ahal izateko ezinbestekoa da ohitura ez-egokien arrazoiak ezagutzea.

Hainbat ikerketek datu kuantitatiboak biltzen dituzte elikadura-inguruneari buruz, hala nola, elikagaien eskuragarritasuna, janariak prestatzeko eta kontsumitzeko ohiturak… Hala ere, biztanleriaren elikatzeko modua baldintzatzen duten faktoreak identifikatzeko biderik onena haien esperientzia jasotzea da. Zehazki, herritarren zientzian oinarritutako metodologietan bizilagunak ikerketa-prozesuaren parte bilakatzen dira, eta informazio-iturri hori elikadura-ingurunea bertokoen ikuspegitik ulertzeko baliagarria da.

Hiri-inguruneak aztertzeko Photovoice metodologia (komunitatearen argazkiaren eta zuzeneko jardueraren bidez errealitate komunitario bat irudikatzeko tresna parte-hartzailea) sarritan erabili da. 2017. urtean Bilboko maila sozioekonomiko altua duen Deustu auzoan egindako ikerketan, tokiko elikadura-ingurunea ezagutzeko herritarrak parte-hartzera gonbidatuak izan ziren. Photovoice teknikaren arabera, partaideak bost saioetan zehar bildu ziren, bertan haiek ateratako argazkiei buruz eztabaidatu zuten. Azkenik auzoko elikadura-ingurunea deskribatzen zuen mapa-kontzeptuala osatu zuten. Auzotarrek adierazitako kategoria eta azpi-kategorietan oinarrituz ikertzaileek gai zabalagoak atera zituzten, eta horrela komunitate zientifikora plazaratzeko moduko informazioa eskuratu zen.

Photovoice
Irudia: Photovoice eztabaida-saioetatik sortutako mapa kontzeptuala: kategoriak eta azpikategoriak. (Iturria: Ekaia aldizkaria)

Elikadura-inguruneei buruz egindako aurreko ikerketek herritarren dietan eragina izan dezaketen hainbat alderdi deskribatu dituzte, hala nola, faktore fisikoak, sozialak, ekonomikoak, kulturalak, etab. Deustun burututako Photovoice azterlanean aurkitutako emaitzetan ere halakoak nabarmendu ziren.

  • Auzoko azpiegiturei dagokienez merkataritzaren eraldaketa adierazi zen, besteak beste: farmazietan dietetika produktuen salerosketa, birziklatzeko edukiontzien kudeaketa, eta auzoko merkatuan produktu freskoak eskuratzeko erraztasuna.
  • Harreman sozialen garrantzia hainbat adibiderekin islatu zen: lagunarteko zein familia bilerak egiteko txokoak izatea, pintxoak aitzakiatzat hartuta elkarrekin egotea, ospakizunetan postre azukredunak kontsumitzea, eta gazteen taldeak asteburuetan janari azkarreko establezimenduetan batzea.
  • Baliabide ekonomikoekin lotutako determinatzaileak zeharka agertu ziren: elikagai ez-osasungarri eta hiperkalorikoen promozioak, esaterako.
  • Aspektu kulturalek elikadura jokabideetan duten eragina hainbat modutan jorratu zen: ohitura txarrak zein ohitura osasungarriak deskribatu ziren. Gainera, auzoan kultura-aniztasunaren eraginez kanpoko produktuen kontsumoaren gorakada azaleratu zen.

Emaitza hauek hiriko ingurumen faktoreek biztanleriaren elikaduran izan dezaketen eraginari buruzko ebidentzia zientifiko berria gehitzen dute. Horrez gain, erabilitako metodologiari esker, herritarren parte-hartzea sustatzen da, ahalduntze indibiduala bermatuz. Azkenik, hiri-inguruneei buruzko ikerketek pisu handia izan behar lukete osasun publikoaren arloan eraginkorrak diren neurri politikoak diseinatzeko orduan. Bilbon egindako azterlanaren kasuan, auzotarren iritzia eta haiek proposatutako gomendioak kontuan hartuz, elikadura-ingurunea hobetzeko txosten politiko bat garatu zen. Izan ere, populazioen osasuna hobetzeko estrategiek, herritarren beharrizanetan oinarritutako politika publikoak lehen lerroan izan behar lituzkete.

Artikuluaren fitxa:

  • Aldizkaria: Ekaia
  • Zenbakia: 44
  • Artikuluaren izena: Photovoice tresna elikadura-ingurunearen azterketa kualitatiborako.
  • Laburpena: Inguruneko ezaugarriek eragina izan dezakete herritarron portaera osasungarrietan. Badirudi bizi garen tokiaren eta gure elikadura-ohituren artean erlazioa dagoela. Beraz, ingurunea bizilagunen ikuspegitik ezagutzea beharrezkoa da biztanleriaren elikaduran eragina duten determinatzaileak baloratzeko. Ikerketa gutxik aztertu dituzte hiri-inguruneak herritarren ikuspuntutik. Horregatik, azterlan honen helburua Bilboko auzo bateko elikadura-ingurunearen diagnostiko komunitarioa egitea izan zen, eta horretarako Photovoice Partaidetza-Ekintza Ikerketa metodologia erabili zen. Proiektu honetarako parte-hartzaileak Auzo Elkarteen bidez bildu ziren. Photovoice-rako, inklusio-irizpideak betetzen zituzten gizon eta emakumeez osaturiko talde heterogeneoa sortu zen. 2017ko apiriletik uztailera, aukeratutako 6 auzotarrek bi orduko iraupeneko 5 talde-saiotan parte hartu zuten, eta haiek ateratako argazkiei buruzko eztabaida kritikoak egin ziren. Auzoko elikadura-ingurunea deskribatzeko 30 argazki batu ziren guztira. Adostasun-prozesu baten ondoren, parte-hartzaileek 9 kategoria identifikatu zituzten eta horiei lotutako 13 argazki adierazgarri aukeratu zituzten. Amaitzeko, emaitza horietan nabarmendutako ezaugarriak 6 gai kontzeptualetan batu ziren: 1) Ohitura txarrak, 2) Kultura-aniztasuna, 3) Harreman sozialak, 4) Iraunkortasuna, 5) Merkataritzaren eraldaketa, 6) Ohitura osasungarriak. Herritarrek beren elikadura-ingurunea hobetzeko proposatutako gomendioak Bilboko arduradun politikoei aurkeztu zitzaizkien. Photovoice proiektuaren bitartez herritarrek beren elikadura-inguruneari buruz zuten ikuspegia ezagutu zen. Auzotarren eskutik lortutako ondorioak lagungarriak izan daitezke tokian tokiko politika eta esku-hartzeak gidatzeko, elikadura-ingurune osasungarriagoak sustatzeko helburuarekin.
  • Egileak: Ainara San Juan, Irrintzi Fernández, Amets Jauregi, Irati Ayesta, Silvia Caballero, Julia Fernández eta Leyre Gravina
  • Argitaletxea: UPV/EHUko argitalpen zerbitzua
  • ISSN: 0214-9001
  • eISSN: 2444-3255
  • Orrialdeak: 63-80
  • DOI: 10.1387/ekaia.22804

Egileez:

  • Ainara San Juan, Irrintzi Fernández, Amets Jauregi, Irati Ayesta, Silvia Caballero, Julia Fernández eta Leyre Gravina UPV/EHUko Medikuntza eta Erizaintza Fakultateko Erizaintza Saileko ikertzaileak dira.
  • Ainara San Juan, Irrintzi Fernández, Silvia Caballero eta Leyre Gravina Biocruces Bizkaia Osasun Ikerketarako Institutuko ikertzaileak dira.

Ekaia aldizkariarekin lankidetzan egindako atala.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko.Beharrezko eremuak * markatuta daude.