Concha Monje: “Gustatuko litzaidake laguntza robotikaren aurrerapenean laguntzea”

Ikertzen dut

Concepción Alicia Monje Micharet Madrilgo Karlos III.a Unibertsitateko (UC3M) robotikako ikertzailea eta irakasle katedraduna da; doktorea da Extremadurako Unibertsitatearen bidez (2006), eta doktorego sari berezia eta Europako doktorego aipamena jaso ditu. Egun, bere ikerketa lana garatzen du UC3Mko RoboticsLab taldean, non Robotika Bigunaren Laborategiko burua den. Robotika bigunean eta sistemen kontrolean egin dituen lanak ezagunak dira nazioarte mailan.

Modu aktiboan lan egin du AEB, Frantzia, Alemania, Italia eta Singapurreko ikerguneekin, eta enpresekin eginiko hainbat proiektu lehiakorren ikertzaile nagusia izan da; halaber, doktore tesi ugari zuzendu ditu, eta 160 argitalpen eta 8.100 aipu baino gehiago ditu. Bere ikerketa lanek aitorpen garrantzitsuak jaso dituzte, besteak beste: Asturiasko Printzesa Sarietako epaimahaiko kidea, Ikerketa Zientifiko eta Teknikoko kategorian (2020, 2021, 2022, 2023, 2025); Talentu Emergentea – Cyberlideria Saria (2025); Women Space Extremadura Saria (2024); Ingeniaritzan Emakumearen Bikaintasun Profesionalaren Talgo Sariko finalista (2022, 2023, 2024); Espainian 100 Emakume Liderren Zerrenda (2021); Extremadurako Erraldoiaren Saria (2019); Deustuko Unibertsitateko Emakume Teknologoarentzako Ada Byron Saria (2019); UC3Mren Ikerketaren Bikaintasunaren Saria (2018); Orange Fundazioaren Emakumearen eta Teknologiaren Saria (2018); eta Emakume Zientzialari Garaikide Onenaren Saria – Zientziaren Espainiako Selekzioa (2017), dibulgazio zientifikoko QUO aldizkariak CSICekin batera emana.

Ikerketa lanetik harago, unibertsitateko irakaskuntzarekin eta dibulgazio zientifikoarekin oso konprometituta dagoen zientzialaria da. Dibulgazioko ehun jarduera baino gehiagotan parte hartu du; horien artean, azpimarragarria da Onda Ceron Julia Oterorekin “Julia en la Onda” irrati saioko zientzia atalean izan duen partaidetza. Halaber, Antonio Banderasek ekoitzitako eta bera protagonista duen Autómata filmeko aholkulari zientifiko gisa egin du lan.

Concha Monje
Irudia: Concha Monje ikertzailea. (Argazkia: Concha Monje ikertzaileak emana).

Zein da zure ikerketa arloa?

Nire ikerketaren ardatza laguntza roboten garapena da, zehazki, robot bigunena. Robotika bigunak oinarri du material bigun eta malguak erabiltzea robotak diseinatu eta fabrikatzeko. Material horiek abantaila jakin batzuk ematen dizkiete gailu robotikoei, hala nola: robotaren eta erabiltzailearen edo ingurunearen artean egon daitekeen talka xurgatzen dute eta robot horri deformatzeko gaitasun handia eta mugimendurako moldakortasuna ematen diote. Horrek guztiak laguntzen du oso seguruak eta egin behar dituzten lanetara moldagarriak diren sistema robotikoak garatzen.

Madrilgo Karlos III.aren Unibertsitateko nire RoboticsLab ikertaldean lortu nahi dugu diseinatzen ditugun robotek gizartean inpaktua izan dezaten, zehatz esanda, premia bereziak dituzten pertsonak artatzean. Ildo horretatik, egun proiektu baten buru naiz, non ortesi zerbikal aktibo adimenduna garatzen ari garen, hainbat pazienteren, hala nola AEA dutenen, mugimendu zerbikaleko premietara egokitzeko gai dena. Ortesiak aukera emango luke pazienteari lagun egiteko gaixotasunaren fase guztietan, mugikortasuna osorik galdu den azken fasean lepoari mugikortasun naturala emanez. Halaber, artikulazio robotiko biguna patentatu dugu; horrekin, robotaren eta horrek laguntzen dituen pertsonen arteko interakzio seguru eta dinamikoagoa ahalbidetuko duten beso eta esku robotikoak diseinatu ahal ditugu. Garapen horiek inpaktu ukaezina dute, eta diseinuak hobetzen ari gara, gizartean txertatu ahal izateko.

Zergatik aritzen zara arlo horretan?

Robotikaren arloan irakasle eta ikertzaile gisa egiten dudan lanarekin konektatzen nauen gauzetako bat da tresna teknologiko horrek gure ongizate pertsonal eta profesionalean izan dezakeen eragina. Soluzio robotikoek eragina dute gure bizi kalitatean, lanean aritzeko dugun moduan, gure aisialdian, garraioan, elkarri zaintzen diogun moduan eta medikuek zaintzen gaituzten moduan, adibidez, robot kirurgikoak eta gure osasuna hobetzen duten beste gailu robotikoen bidez, bai ospitaleetan bai gure etxeetan. Eta beste hainbat eragin aipatzen jarrai dezaket.

Bestalde, gizartearen premiak etengabe aldatzen dira. Begirada aldaketa horretan jarri behar dugu, eta ikertzen jarraitu behar dugu, aurrera egin dezagun. Orokorrean, teknologia, eta, zehazki, robotika, aliatu handiak dira bide horretan, eta, baliabide horiek behar bezala kudeatuz gero, gure eskuetan egongo da gure planetaren eta bertan bizi garen guztion bizi kalitatea hobetzea. Ezin diogu uko egin aukera horri. Garapen horretan laguntzea eta gizakion eta gizartearen premiak ardatzean jarriz egitea oso motibatzailea da niretzat.

Izan al duzu erreferentziazko figurarik zure ibilbidean?

Teknologiarako dudan pasioa modu oso naturalean sortu da, eta txikia nintzenetik nirekin batera hazi da. Oso txikia nintzela, nire aitak ordenagailua oparitu zidan bideojokoetara jolasteko, MSX ospetsu horietako bat zen. Programazio liburu bat zekarren, eta ez nuen ulertzen, baina kodeetako bat exekutatzea lortu nuen, eta ordenagailuko pantailan mugitzen ziren koloredun zirkuluak agertu ziren. Une hori gakoa izan zen niretzat; orduz geroztik, programazio lengoaia hori ezagutzeko nuen interesa sortu zen, eta, ia konturatu gabe, zientziak eta teknologiak liluratu ninduten, baita robotikak ere. Gainera, nire aita bere bizitza osoan elektronikako lanbide heziketako irakaslea izan da, eta, berari esker, eraiki eta konpontzen zituen telebistaz eta irratiez inguratuta hazi nintzen; halaber, eskolak ematen zituen geletara bisitak egiten nituen. Mundu hori magikoa eta txundigarria iruditu zait betidanik, eta bere sarean erori nintzen.

Zer aurkitu edo konpondu nahiko zenuke zure arloan?

Laguntza robotikaren aurrerapenari ekarpena egin nahiko nioke eta, une honetan, mugikortasun zerbikaleko arazoak dituzten pertsonentzako ortesi zerbikala garatzen nabil lanean. Baina irakaskuntzan ere ahalegin handia egiten du, eta nire pasioa da. Zainetan daramat irakaskuntza, eta munduko lanbiderik politena iruditzen zait. Pribilegio handia da nire ezagutza partekatzea ikasteko geletatik igarotzen diren pertsona guztiekin, gehien betetzen nauena da. Hasiera-hasieratik garbi izan nuen hori, eta jakin nuen nire tokia unibertsitatean zegoela; orain, katedradun irakaslea naiz bertan.

Zer aholku emango zenioke ikerketaren munduan hasi nahi duen norbaiti?

Nire ikuspuntutik, funtsezkoa da egiten duzuna zure gustukoa izatea. Nire esperientziaren arabera, funtzionatzen duen formula da zure lanarekin pasio handia sentitzea eta ahalegin handia egitea. Uste dut oztopoak gainditu eta ikerketaren bidea gozatzeko bi osagai magikoak direla.


Jatorrizko elkarrizketa Mujeres con Ciencia blogean argitaratu zen 2025eko uztailaren 19an: “Concha Monje: «Me gustaría contribuir al avance de la robótica asistencial»“.

Itzulpena: UPV/EHUko Euskara Zerbitzua.


Ikertzen dut atalak emakume ikertzaileen jardunari erreparatzen die. Elkarrizketa labur baten bidez, zientzialariek azaltzen dute ikergai zehatz bat hautatzeko arrazoia zein izan den eta baita ere lanaren helburua.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko.Beharrezko eremuak * markatuta daude.