Zerk bihurtzen du aparta kirolari bat? Zeintzuk dira eliteko atletek konpartitzen dituzten ezaugarri fisiologikoak eta metabolikoak, esate baterako Everest oxigenorik gabe eta sei egunen buruan bi aldiz igo zuen Kilian Jornet mendi-lasterkari bikainarenak?
Jesús Álvarez-Herms fisiologoak Jorneten ibilbidearen erronkarik gogorrenetakoentzat elikadura programak diseinatu ditu. Garaipenak eta errekorrak lortu ditu atleta katalanak, besteak beste, UTMB, Hardrock 100, Zegama-Azkorri (2022) eta Sierre-Zinal (2023) ospetsuetan, edota 2024an Alpeetako 4.000 metrotik gorako 82 tontor igotzean 19 egunetan bakarrik eta mendi batetik bestera hurbiltzeko ibilgailurik erabili gabe. Horri esker, datu fisiologikoak, metabolikoak eta mikrobiotikoak jaso ahal izan ditu, Jorneten osasun-egoerari jarraipen sakona eginez.
“La salud sistémica como base de desarrollo del potencial biológico humano. El ejemplo de Kilian Jornet (Osasun sistemikoa gizakiaren potentzial biologikoa garatzeko oinarri gisa. Kilian Jorneten adibidea)” izenburupeko hitzaldi-solasaldian landuko ditu gai hauek Álvarez-Hermsek irailaren 17an, arratsaldeko 19:00etan, Bilboko Bidebarrieta Liburutegian.
Jasotako datuak interpretatuz, hitzaldian osasun sistemikoari eta gizakiaren potentzial biologikoari buruz duen enfokea azalduko du Álvarez-Hermsek. Gorputza interkonektatuta dagoen osotasun bat dela dio fisiologoak, sistema bakoitzaren funtzionamenduak –zirkulatorioa, digestiboa, arnasketakoa…– osotasunean eragiten duelarik. Álvarez-Herms-ek berak azaltzen duen bezala, planteamendu honekin “paradigma aldaketa bat bultzatu nahi du osasunaren eta gizakiaren errendimendu fisikoaren arloan”.
Hitzaldi-solasaldi hau EHUko Kultura Zientifikoko Katedrak eta Bidebarrieta Liburutegiak antolatzen duten Bidebarrieta Zientifikoa zikloaren saioa da. Hitzaldia aurrez aurre eta streaming bidez ere ikusi ahalko da KulturguneaTB kanalean. Aretoko sarrera doakoa eta librea izango da, eserlekuak bete arte.
Hizlaria
Jesús Álvarez-Herms Fisiologian doktorea da Bartzelonako Unibertsitatean eta Biologia Molekularrean eta Biomedikuntzan doktorea Euskal Herriko Unibertsitatean. Elikaduran eta dietetikan aditua da eta bi hamarkada daramatza errendimendu handiko kirolarien ondoan.
Honetaz aparte, Phymolab zuzentzen du. Proiektu honetan, atleten fenotipo fisiologikoen eta metabolikoen azterketa zientzifikoa egiten du, osasun integrala eta kirolarien errendimendua ikertzeko. Unibertsitateko irakasle ere bada kirolaren zientzian, fisiologian, genetikan, elikaduran eta mikrobioman. Gai hauei buruz 40 lan baino gehiago argitaratu ditu.
Osasun sistemikoa gizakiaren potentzial biologikoa garatzeko oinarri gisa
- Hasiera data
- Amaiera data
- Ordutegia
- 19:00etatik 20:00etara
- Tokia
- Bidebarrieta Kulturgunea
- Helbidea
- Bidebarrieta kalea, 4, Bilbo