Abel saria, matematikarien Nobel saria

Dibulgazioa · Kolaborazioak

Urriaren bigarren astean jakin dugu nortzuk diren aurtengo Nobel sarien irabazleak. Abenduaren 10ean banatuko dizkiete sariak Oslon eta Stockholmen, astebeteko ospakizunei amaiera emanez. Baina ez alferrik ibili bilatzen nori eman dioten Matematikako Nobel Saria, ez dago eta.

1. irudia: Abel sariaren logoa.(Argazkia: forum.abelprisen.no webeko irudia. CC BY-SA 3.0, Wikimedia Commons bidez.)
1. irudia: Abel sariaren logoa.(Argazkia: forum.abelprisen.no webeko irudia. CC-BY-SA 3.0, Wikimedia Commons bidez.)

Alfred Nobelek 1895eko testamentuan utzi zuen idatzita bere ondasunen parte batekin erakunde bat sortu behar zutela eta horrek urtero zenbait sari emateko ardura hartu beharko zuela. Sari horiek zein arlotan eman behar ziren ere zehaztu zuen. Mende bat joan eta gero, ez da munduan egongo Nobel saria baino ospetsuagorik. Baina ez zegoen matematikarako Nobel saririk eta gero ere ez da halakorik sortu. Hutsune hori nabarmendu da beti matematikaren munduan eta badago arrazoi ezkutuen bila ibili denik ere Nobelen borondatetik kanpo matematika zergatik geratu zen azaltzeko. Ehun urteko atzerapenarekin etorri zen, Eskandinaviako lurretik etorri ere, Nobelen parekoa izateko asmoa duen Abel saria, matematikarientzako oraingoan.

Zergatik Abel? Niels Henrik Abel matematikari harrigarria izan zen. Norvegiako herri txiki batean jaio zen 1802an, artean Norvegia Danimarkako erresumako parte zela. Urte latzak izan ziren haiek Norvegian, gerren ondorioz pobrezia handia baitzegoen, Abelek etxean bertan pairatu zuen pobrezia. 1814tik aurrera, Norvegia Danimarkatik banandu eta Suediako erresuman sartu zen. Hurrengo urtean, Abel Christianiara –gaurko Oslora– bidali zuten ikastera. Matematikarako dohain nabarmenak zituenez, irakasle batek goi mailako liburuak irakurtzera bultzatu zuen eta diru-laguntza lortu zion 1821ean unibertsitatera sartzeko. Ordurako matematikaren ezagutza zabala zuen eta laster lortu zituen bere lehen emaitza matematiko garrantzitsuak. Abelen ametsa Alemaniara eta Frantziara joatea zen, han baitzeuden garaiko matematikaririk onenak. Halako batean heldu zitzaion bilatutako laguntza eta 1825ean irten zen Norvegiatik. Zenbait hilabeteko bidaia egin zuen eta hainbat matematikari aurkitu zituen, baina diru faltagatik jaioterrira itzuli behar izan zuen eta 27 urte bete baino lehen tuberkulosiak eraman zuen. Geroak arrakasta handiko ibilbide laburra aitortu dio matematikan, zeren historian geratu diren zenbait emaitza lortu baitzituen.

2. irudia: Abelen omenezko monumentua Gjerstaden (Argazkia: Torgrim Landsverk. CC BY-SA 3.0. Wikimedia Commons bidez.)
2. irudia: Abelen omenezko monumentua Gjerstaden (Argazkia: Torgrim Landsverk. CC-BY-SA 3.0, Wikimedia Commons bidez.)

Eman zuen Norvegiak bigarren matematikari bikain bat XIX. mendean: Sophus Lie. Abelen jaiotzaren mendeurrena hurbil zela, Lieren asmoa izan zen ospakizun handi bat egitea haren omenez. Gainera, Nobelen testamentuaren berri jakinda, Abelen izena hartuko zuen sari bat sortzea bururatu zitzaion; matematikarientzako saria, noski. Baina Lie 1899an hil zen eta ez zen heldu ezta Abelen mendeurrena ospatzera ere.

Abelen mendeurrenaren urtean, 1902an, Oskar II.a, Suediako erregea, konbentzitu omen zuten saria sortzeko. Hala ere, 1905ean Norvegia Suediatik banandu egin zen eta bertan behera geratu ziren asmo guztiak. Hori bai, Norvegiako erresuma berriko heroien artean geratu zen Abel.

Ia ehun urte aurrera egin behar dugu eta XX. mendearen azken hamarkadara etorri. Arild Stubhaug idazle eta matematikariak Abelen biografia ederra osatu zuen 1996an eta Sophus Lierena idazteari ekin zion. Ehun urte lehenagoko Lieren paperen artean matematikarientzako sari bat sortzeko ahalegina erakusten zuten dokumentuak aurkitu zituen. Hori ikusita eta 2002an Abelen jaiotzaren bigarren mendeurrena izango zela kontuan izanda, zergatik ez saiatu lortzen ehun urte lehenago ezin izan zena? Unibertsitatera jo zuen, hango matematikari batzuei asmoaren berri ematera eta haien sostengua lortzera. Sariak, hala ere, akademikoen mundutik kanpo behar zuen sostengua, sari handi bat sortzeko diru asko behar da eta. Horrela, denbora aurrera zihoan eta ez zirudien asmoak indar nahikoa zuenik gauzatzeko.

Liburuaren sinatze-ekitaldi batean, 2000ko udan, Tormod Hermansen politikari ohia aurkitu zuen Stubhaugek halabeharrez. Norvegiako politika ekonomikoan eragin handia izana zuen Hermansenek eta une horretan enpresa handi bateko zuzendaria zen. Stubhaugek saria sortzeko asmoen berri eman zion, baita amore ematear zegoela aitortu ere. Hermansen, aldiz, ideiarekin bat etorri zen eta prest azaldu zen politikarien arteko lana egiteko, Stubhaug mundu akademikoan saiatzen zen bitartean. Hortaz, Stubhaugen ilusioari indar berria heldu zitzaion, eta ez nolanahikoa.

Norvegiako Akademiaren eta munduko matematika-erakundeen babesa zuten, baina hori ez zen harritzekoa. Lantaldeak proposamen bat prestatu zuen. Ez zen bakarrik sari bat izango, matematika sustatzeko eta zientzien aldeko jarrera bultzatzeko asmoarekin eginiko proposamena zen. Horrekin batera, sari handi bat emango zioten matematikari bati, egindako lanaren bikaintasunagatik.

Asmo ederrak izan arren, ez zen lan erraza politikariak konbentzitu eta estatuari dirua eskatzea halako helburu baterako. Hortaz, dena astiro zihoan eta Abelen mendeurrena hurbil zegoen. 2001eko udan lantaldeak bilera asko izan zituen goi mailako politikariekin. Urte horretako PISA txosteneko emaitzak ikusita, argi geratu zen Norvegiako ume eta gazteek matematika eta zientzien arloan hobetzeko beharra zutela. Eta iritzi horretan alderdi politiko guztiak bat zetozen. Abel sariaren sustatzaileek eskura izan zuten aitzakia: haien proposamena ezin hobeto egokitzen zen helburu horrekin. Azken bultzada heldu zen eta Norvegiako Parlamentuak 2001eko abuztuan 200 milioi norvegiar koroako diru-funtsa jartzea onartu zuen (25 milioi euro inguru). Hurrengo urtean Batzorde kudeatzailea lanean hasi zen eta 2003an hasi ziren banatzen sariak.

Urte bakoitzeko martxoan ematen da jakitera saria irabazi duenaren izena. Hilabete bi geroago, maiatzean, Osloko kaleak Abel sariaren banderekin apaintzen dira eta Norvegiako erregeak edo haren familiako norbaitek saria ematen dio irabazleari zeremonia berezi batean. Dirutan 6 milioi norvegiar koroa –750.000 euro inguru– hartuko ditu. Gainera, sari-ematearen inguruan ekitaldiak antolatzen dira, hitzaldiak eta beste, Norvegiako zenbait lekutan.

3. irudia: Yakov Sinai, 2014ko Abel sariaren irabazlea. (Argazkia: CC BY-SA 3.0, Wikimedia Commons bidez.)
3. irudia: Yakov Sinai, 2014ko Abel sariaren irabazlea. (Argazkia: CC-BY-SA 3.0, Wikimedia Commons bidez.)

Lehen sariduna Jean Pierre Serre frantziarra izan zen 2003an; azkena, Yakov Sinai errusiarra izan da, Princeton Unibertsitateko irakaslea, 2014an. Nobel sarietan ez bezala, erabakia hartuko duen batzordea nazioarteko adituek osatzen dute, Nazioarteko Matematika Elkarteak (IMU) eta Europar Matematika Elkarteak (EMS) aukeratuak. Azken saritua ebatzi duen epaimahaian euskaldun bat izan da: Maria J. Esteban, Paris-Dauphine unibertsitateko ikertzailea.

Esan dezakegu badela matematikarientzat Nobel sariaren tamainako ordezkorik? Bai eta ez. Alde askotatik (besteak beste, diruaren aldetik) konparagarriak diren arren, badirudi oraindik bide luzea dagoela Nobelen arrakasta mediatikoa lortzeko. Ikusi duzue inon Abel sariaren berririk? Seguru aski, orain arte ez. Ea hurrengoan den.


Egileaz: Javier Duoandikoetxea Analisi Matematikoko Katedraduna da UPV/EHUn.

4 iruzkinak

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko.Beharrezko eremuak * markatuta daude.